Diario Vasco

Arantzazu Loidiren bertso-bidea ezagutzeko aukera

Arantzazu Loidiren bertso-bidea ezagutzeko aukera
  • Bertso-eskoletako lehenengo belaunaldiko kidea izan zen, Eskolartekoetan saritua izan ondoren plazetan aritua

Zentzu askotan bide-urratzailea izan zen Arantzazu Loidi aretxabaletarra. Almen Ikastolako bertso-eskolan hasi zen 80ko hamarkadaren hasieran, eta bertso-eskolatik ateratako bertsolarien lehenengo belaunaldiko kidea izan zen. Eskolartekoetan sari ugari eskuratzeaz gain, plazarako saltoa eman zuten lehenengo emakume bertsolarietako bat izan zen, eta Bertsozale Elkartearen lehendabiziko urteetan ere lan handia egin zuen. Behin oholtza gaineko jardunetik urrundu ondoren ere gertutik jarraitu du bertsogintza, epaile lanetan aritu izan baita, Eskolarteko Txapelketetan bereziki. Gaur egun PRH formazioak eskaintzen egiten du lan, Nortasunaren eta Giza Harremanen gaineko formakuntza eskaintzen alegia.

Arantzazu Loidi izango da igande honetako gonbidatua Hitzetik Hortzeran. Bertso-eskolan, Eskolartekoan eta plazan egindako bideaz ariko da eta bertso-eskolek haur eta gazteen nortasunaren garapenean eskain ditzaketen aukerez ere bai. Horrez gain, Ainhoa Agirreazaldegirekin elkartu eta emakume bertsolariek elkarrekin plazan egindako bideaz ere ariko dira.

Urteak dira emakume bertsolariak elkartzen hasi eta ahalduntze bidean jarri zirenetik. Bide horren emaitza da "Testurak" izeneko ekimena, Emakume Etxeak lotzen ari den bertso-saio sorta.

Dena ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate