Diario Vasco

'Go!azen' Gabirian estreinatuko da larunbatean

Telesaieko partaideak
Telesaieko partaideak
  • Datorren ostiralean, hilak 18, telebistan estreinatuko da telesaila

'Go!azen' telesaila herriz herri ibili da, lehen atala han eta hemen estreinatzen. Ibilaldiko azken geltokia larunbat honetan Gabirian egingo den aurrestreinaldia izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuko du azken emanaldi hau. Pausokak eta ETBk ekoiztutako telesaila datorren ostiralean, hilak 18, estreinatuko da telebistan.

17:00etan da zita, Gabiriako herriko plazan. Bertan, 'Go!azen'eko aktoreek bi koreografia dantzatuko dituzte, 'Go!azen' eta 'Txantxangorria' kantetan oinarrituta. Emanaldiaren ostean, bertaratzen direnek aktoreekin egoteko aukera izango dute, eurekin argazkiak egin eta autografoak eskatzekoa. 18:00etan, telesaileko lehen atalaren emanaldia izango da kultur aretoan.

Aktoreekin batera, ETBko eta Pausokako ordezkariak egongo dira Gabirian, baita Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Foru Aldundiko beste hainbat diputatu eta zuzendari ere. Halaber, Gipuzkoako Eskola Txikiei bertan egoteko gonbita luzatu zaie.

Irailean Gasteizko FesTVal jaialdian egon ziren Basakabi udalekuetako abenturak biltzen dituen telesaileko protagonistak. Ondoren, Bilboko Azkuna Zentroan, Donostiako Kursaal Jauregian eta Iruñeko Planetarioan egin dira aurrestreinaldiak.

Gabirian egingo den azken ekitaldi honen ondotik, telebistara helduko da, datorren ostiralean, gaueko bederatzietan, ETB1en.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate