Diario Vasco

'Udazken Loreak' saioaren estreinaldia ETB1en

Anjel Alkain eta Iro Landaluze.
Anjel Alkain eta Iro Landaluze. / ETB
  • Denboraldi berri honetan, Iro Landaluze adituak Anjel Alkainen laguntza izango du saioaren gidaritzapean

'Udazken Loreak' saioaren denboraldi berria estreinatuko du ETB1ek ostegun honetan. Saioaren protagonistak perretxikoak izaten jarraituko dute, euskaldun askoren afizio eta pasioa, eta berrikuntza moduan, Iro Landaluzek Anjel Alkainen laguntza izango du saioaren gidaritzan.

Atal bakoitzean gonbidatu ezberdinak izango dituzte, Euskal Herriko txokoetan barrena, talde ezberdin eta bereziak osatuz: lagun talde bat, familia bat, lankideak... Perretxiko bila arituko dira gure basoetan, eta euren abenturen lekuko izango da Iro Landaluze.

Aurreko denboraldietan bezala, abadiñotarra izango da saioaren aditua, eta perretxikoen inguruko informazio praktiko eta teknikoa emango du. Basoko ibilbidean zehar, hainbat gomendio, argibide eta azalpen emango ditu, eta esperimentu ezberdinak egiteko denbora ere izango du.

Iro Landaluze basoan izango den bitartean, Anjel Alkain Euskal Herriko hiri eta herrietan zehar ibiliko da. Kaleko jendearekin perretxikoen inguruan mintzatzen eta jolasten arituko da Alkain, euskaldunek perretxikoei buruz duten afizioa eta ezagutza maila neurtzeko asmoz.

Horretaz gain, Euskal Herriko sukalde ezagunenetan sartuko da, Michelin izarrak dituzten jatetxeetan hain zuzen. Elkarrekin onddoak oinarritzat dituzten plater goxoak sukaldatuko dituzte.

Saioaren ginda Zeanuriko Astondoa familiak jarriko du, saioaren komentarista partikularrak izango baitira.

'Udazken Loreak'eko lehen atalean, Dimako koadrila jator batekin joango da Iro Landaluze perretxikoetara: Kepa, Koldito, Pitarras eta Pirata lagunak.

Bizkaiko Urkiolako basoetan ibiliko dira malda handiak eta lokaztuak igotzen. Izan ere, eguraldiak ez die lagunduko, eta azkar hasiko dira kexatzen eta nekatzen gure protagonistak. Hala ere, Dimako koadrilak irribarrea atera eta perretxiko mordo bat bilduko ditu umore ezin hobeagoan.

Anjel Alkainek, bere aldetik, Getariako Elkano jatetxea bisitatuko du. Bertan Aitor Arregi sukaldariak onddoekin egindako plater berezi eta goxo bat prestatzen erakutsiko dio.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate