Diario Vasco

'Tribuaren Berbak' saioan oinarritutako material didaktikoa

vídeo

Ezkerretik eskuinera, Kike Amonarriz, Josune Zabala, Iñaki Dorronsoro, Maite Iturbe eta Iñaki Zapirain. / ETB

  • Eusko Ikaskuntzaren ekimenez sortu dira 'Hizkuntzen mundua eta euskara deskubrituz' sekuentziak, euskara ikasgaiaren material osagarri gisa erabiltzeko

ETBko 'Tribuaren berbak' saioan oinarrituriko 'Hizkuntzen mundua eta euskara deskubrituz' sekuentzia didaktikoen aurkezpena egin da ostegun honetan (azaroak 3), Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Eusko Ikaskuntzaren ekimenez sortu den material hau ikasgeletan euskara lantzeko erabili ahal izango da.

Ekimen honen nondik norakoak aurkezteko ekitaldian honako hauek parte hartu dute: Maite Iturbe, EiTBren zuzendari nagusia; Iñaki Dorronsoro , Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioaren lehendakaria; Kike Amonarriz , proiektuaren zuzendaria; Iñaki Zapirain, sekuentzia didaktikoen koordinatzailea, eta Josune Zabala, aholkulari metodologikoa.

Hamar sekuentzia didaktikok osatzen dute, jada, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko EIMA Katalogoan erabilgarri dagoen material hau. Honako web gune honetan ere eskura daiteke materiala. Euskarari eta Euskal Herriko eleaniztasunari buruzko oinarrizko ezagutza soziolinguistikoa lantzen du, 'Tribuaren Berbak' saioko edukiak oinarri hartuta. Sekuentzia hauek DBHra begira prestatu badira ere, atal asko batxilergoan, unibertsitatean edo euskaltegietan ere erabili ahal izango dira euskara ikasgaiaren osagarri gisa.

Sekuentzia bakoitzean gai bat jorratzen da, eta ikasleei helburu komunikatibo bat planteatzen zaie. Gaiak lantzerakoan, hainbat jarduera proposatzen dira eta jarduera horietako hainbatetan 'Tribuaren Berbak' saioko bideoak daude ikusgai. Honekin batera doan bideoa horietako sekuentzia bati dagokio. Bertan, euskararen inguruko zenbait galdera potolori argi eta garbi erantzuten diete hiru gaztek.

Ikasleentzako jarduerek, lan koadernoak eta irakasleen gidak osatzen dute sekuentzia didaktiko bakoitza. Eta horiez gain, interesatuek, materiala erabiltzeko gida, sekuentzien edukien laburpena eta proiektuaren inguruko informazioa aurkituko dute.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate