Diario Vasco

Denboraren esanahi ezberdinetan barrena, 'Batek Daki' saioan

Denboraren esanahi ezberdinetan barrena, 'Batek Daki' saioan
/ ETB
  • Denboraldiko azken saioan, denboran atzera eta aurrera bidaiatuko da Aitziber Garmendia

Gauzak gertatzen eta izakiak aldatzen diren bitarte mugagabe horri denbora esaten diogu. Baina denbora hitza eta kontzeptua modu ezberdin askotan erabiltzen dugu egunerokotasunean. Asteleheneko 'Batek Daki' saioan, Aitziber Garmendia denbora eta honek dituen esanahi ezberdinen inguruan arituko da.

Hasteko, denboran atzera egin nahi izan du saioak. Nola bizi ote ziren duela 14 mila urte? Inork baino hobeto daki Asier Condek hori, eta horretarako berarekin elkartu dira Ekainberriko kobazuloetan.

Bestalde, bizitza honetan daramagun denbora urteka zenbatzen dugu. Eta ditugun urteen arabera tarte batean edo bestean sartu gaitezke, haurra, gaztea, heldua, zaharra... Adinak ez du zertan gure bizitzeko modua baldintzatu behar. Jose Mari Murua, Xabier Arcelus, Maria Eugenia Arregui eta Arantza Ozio jubilatuta daude, baina ez dute denbora alferrik galtzen.

Iraganean bizitako esperientziak etorkizunean aurrera egiten laguntzen digute, baina nork daki zer gertatuko den etorkizunean? Mila Aierbe astrologoa da eta egiten dituen gutun astralen bitartez gure etorkizuna asma dezake.

Hala ere, guztia ez da denboran aurrera edo atzera egitea. Denbora ondo aprobetxatzeko moduak ere aurkitu behar dira. Onditzek eta Leirek horren inguruan zerbait badakite. Easo Avengers-eko taldekideak dira biak, eta beraien denbora pasa gogokoena Roller Derbya da.

Badaude denbora geratzeko gaitasuna dutenak ere, horiek argazkigileak dira. Une zehatz batean gertatu dena harrapatu eta betirako gorde dezake argazki batek. Jon Urbe argazkigilearekin elkartu da Aitziber horren inguruan hitz egiteko.

'Batek Daki' astelehen honetan emitituko da 22:15etik aurrera eitb.eus-en eta ETB1en.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate