Diario Vasco

Anbotora igoko dira 'Gailurra' saioan

Anbotora igoko dira 'Gailurra' saioan
  • Andoni Aizpuru, Irati Anda eta bidaide izango dituzten gonbidatuek mitologia eta kondairaz betetako saioa eskainiko dute

Ostegun honetako 'Gailurra' saioan, Anbotora igoko dira Andoni Aizpuru eta Irati Anda. Bizkaiko mendi honek 1.331 metro ditu, eta astero bezala, tontorrera igotzeko bi bide ezagutuko dituzte: Andoni eta bere taldea Urkiolatik abiatuko dira; Iratiren taldea, berriz, Arrazolatik.

'Gailurra' saioaren denboraldiko azkeneko atalean, ez da anfitrioi berezirik izango. Andoni Aizpuruk berak erakutsiko du mendia, oso ongi ezagutzen baititu inguru horiek. Anbotoko bitxikeria guztien kontakizuna eta bestelako lanetan, gainera, lagun berezia izango du ondoan, eta haren istorioa ere ezagutuko du saioak.

Gonbidatuen artean, Jesus Eguzkitza ere izango dute. Eguzki ETBko bikoizle eta irratiko esatari izandakoa da, eta berea da 'Dragoi Bola' marrazki bizidunetako narratzailearen ahotsa, besteak beste.

Tontorrera igoko direnen artean bi suhiltzaile eta ertzain bat ere izango dira. Beraien erreskate eta bizipenak kontatuko dituzte, eta igoeran, taldekideei lagunduko diete. Teknologia berriek ere izango dute txokoa atal honetan, ardiak GPS bidez kontrolatzen dituen artzaina izango baita saioan.

Mariren kobazuloa ere bisitatuko dute mendizale batzuek Anbotoko damarekin lotura berezia duen Negugogorren laguntzarekin. Mendiaren gogortasuna eta arriskuak ezagutzeko ere balioko du aste honetako atalak, gailurrera iristear daudela, lainoa sartuko baita bat-batean. Lortuko al dute goraino iristea?

'Gailurra' ostegun honetan emitituko da 22:15etik aurrera ETB1en.

'Francoren bilobari gutuna'

Ondoren, 'Francoren bilobari gutuna' antzezlana izango dute hizpide EiTB Kultura Transit saioan. Le Petit Théâtre de Pain, Artedrama eta Dejabu antzerki taldeek elkarrekin sortutako hirugarren lana da, eta Ximun Fuschek zuzendu du. Lanaren izenburuak  nazien Alemaniaren ondoren idatzitako gutun bat du oinarri. Antzezlana, ordea, frankismo garaira egokituta dago, eta frankismoak euskal kulturan izandako eragina ere biltzen du. 'EiTB Kultura'k saio irekietako batean hartu du parte. Antzezlanaren sormen prozesuko parte dira saio hauek. Datorren astetik aurrera, Euskal Herrian barna taularatuko dute.

Dantza ikuskizun bati ere erreparatuko dio saioak. Gerra Zibil garaian sortutako euskal artisten enbanxadaren omenaldia da. Eresoinkaren itzalak Dantzaz konpainiak, Kea abesbatzak eta Innesferak sortu dute, Donostia 2016ren ekimenez. Arrakastatsu aurkeztu da Angelun.

Bilboko BIME musika jaialdiaren errepasoa eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen errepasoa ere egingo du 'EiTB Kultura'k. Sortzaileak atalean, Izaro eta berak kaleratutako 'Om' lehen diskoaz arituko dira. 'Paradise'rekin sarean izan zuen oihartzun handiak bultzatuta, Mallabiako gazteak bere lehen diskoa finantzatu du crowfunding bidez.

'EiTB Kultura Transit' ETB1en 23:20ean izango da ikusgai eta ETB2n berriz, 01:00etan.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate