Diario Vasco

Agirre lehendakariaren inguruko programazio berezia ETBn

Daniel Grao aktorea, Agirrerena egiten.
Daniel Grao aktorea, Agirrerena egiten. / ETB
  • ETBk ekoiztutako Agirre lehendakariaren inguruko sei dokumental izango dira ikusgai. Paco Escribanoren 'Buscando a Agirre'-rekin abiatuko dira ostegun honetan gaztelaniazko katean

Datozen egunetan, Jose Antonio Agirre buru zuen lehen Eusko Jaurlaritzaren 80. urtemugaren ospakizun ekimenen testuinguruan, programazio berezia izango dugu ikusgai ETB2n.

Gure izaeraren ispilu. Agirre Lehendakaria izendapenaren inguruan sortutako proiektuaren barruan, Euskal Telebistak bost dokumental ekoiztu ditu, eta horiexek guztiak ikusi ahal izango ditugu: 'Buscando a Agirre', urriaren 6an; 'Quinta planta' eta 'Iragan gunea Berlin', urriaren 7an, eta 'Markak' eta 'Voces de papel', urriaren 9an. Horietaz kanpo, Ander Landaburuk eta Antonio Cristobalek zuzendutako 'El Gobierno Vasco en el exilio' dokumentala emango da urriaren 8an. Saio guztiak ordutegi nagusian eskainiko dira, 22:15ean.

Halaber, ostiralean, Gernikako Batzarretxean, 11:55ean hasita, izango den urtemugako ekitaldi berezia ere zuzenean emango du ETB2k. 'Gernikatik New Yorkera, Berlinetik pasatuz' izenburua duen ekitaldiak bost lehendakari bilduko ditu: Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez eta Iñigo Urkullu.

Fernando Bernuesek zuzenduko du saioa eta Iban Garate izango da gidaria. Honako hauek parte hartuko dute: Iñaki Salvador, Kukai taldea, Donostiako Orfeoia, Kirmen Uribe, Xabi San Sebastian, Iñaki Rikarte eta Ainara Ortega. Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzaldiarekin amaituko da ekitaldia.

Gehienen oinarriana, liburu bera

Hasteko, ostegunean, Paco Escribanoren 'Buscando a Agirre' emango da ETB2n. Minoria Absoluta eta New Digital Media Euskadiren arteko elkarlana da, Jose Antonio Agirre lehendakariaren historia pertsonal eta profesionalean barna egiten duen erretratu lana.

Daniel Grao aktoreak pisu garrantzitsua du produkzio honetan. Graok Lehendakariarena egiteko proposamena jasoko du eta pertsonaiaren geografia pertsonal eta profesionalean barrena murgilduko da,  haren funtsezko ezaugarriak topatu eta Lehendakariaren figura ospetsuari giza ukitua ematea da bere asmoa. Hori da proiektuaren abiapuntua, biografia dokumentala berrasmatu duen proposamen berritzailea.

Graorekin batera, Lehendakariaren historia sakon ezagutzen duten adituak daude, baita Lehendakaria pertsonalki ezagutu zuten lankide, familia-kide eta lagunak ere. Aktoreak ez du interpretatu behar duen pertsonaia ezagutzen. Orokorrean, publikoak ere ez du Agirre lehendakaria ezagutzen, eta ondorioz, aditu eta lagunekin egindako elkarrizketak, arinak eta dibulgatzaileak izango dira.

Aldi berean, aktoreak Agirre bere ibilbideko momenturik garrantzitsuenetan hezurmamituko du, eta une hauetan, Lehendakariak berak esandako hitzak ere esango ditu. Tarte dramatizatu hauek, artxiboko irudiekin batera josiko ditu dokumentalak, saioari erritmo biziagoa emanez. Gainera, bilaketa prozesuaren helburua zen Agirreren giza perfila azalduko dute.

Daniel Grao aktoreak egingo duen ikerketak Agirre lehendakaria sakonean ezagutzeko aukera emango dio, bere bizitza osoaren errepasoa eginez. Txokolate enpresa baten jabe zen Bilboko familia dirudun batean jaio zen, eta gaztetan, Athletic futbol taldean jokatu zuen. 1930ean Getxoko alkate aukeratu zuten 27 urterekin, eta 32 urte bete zituenean historiako lehenengo Lehendakariaren karguaren zina egin zuen.

Gerra Zibilaren bonben azpian, lehen Eusko Jaurlaritzak urte bat iraun zuen bakarrik, eta Agirre lehendakari erbesteratua izan zen ia bizitza osoan zehar, 1960ean hil arte.

Gertutik ezagutu zuten pertsonek edo bere ibilbidea sakonean ikertu duten adituek lagunduko diote Daniel Grao aktoreari bilaketa honetan. Horrela, bere biloba Amaiak eta iloba Xabierrek Agirreren irudi familiarra eskainiko dute eta gehien bat, haren balio etikoen garrantzia azpimarratuko dute. Jose Angel Iribarrek, bere aldetik, Agirre futbol jokalari gisa nolakoa izan zen azalduko du.

Iñaki Anasagastik, halaber, alkate moduan eta Madrilgo Gorteetan diputatu moduan egindako lana aztertuko du, eta Andoni Ortuzarrek, berriz, Gernikan Lehendakariaren karguaren zin egitea nolakoa izan zen azalduko du. Xabier Irujo historialariak gerraren izugarrikeriak eta Bizkaiko herrien gaineko bonbardaketak ekarriko ditu gogora.

1937ko ekainak 19an, Francoren soldaduek Bilbo hiria hartu zutenean, euskal tropak erretiratu ziren, eta Eusko Jaurlaritzak atzerrira ihes egin behar izan zuen. Alberto Santana historialariak ondorengo hilabeteetan Agirrek bizi izan zuen bidaia pertsonala azalduko du, Paris, Brusela, Amsterdam hirietatik pasa eta Berlinen amaitu zuen. Bertan mozorrotuta eta identitate faltsuarekin bizi izan zen Gestapoa engainatzeko.

Arantzazu Amezagak erbestean ezagutu zuen Lehendakaria, eta Leyre Arrieta historialariak,herrien Europa berria defendatzen zuen Europa zale gisa deskribatuko du. Amaitzeko, Gorka Landaburuk bere haurtzaroko oroitzapenak ekarriko ditu gogora, Pariseko erbesteko Eusko Jaurlaritzaren egoitza deskribatzeko.

Programazio bereziarekin jarraituz, ostiralean, 'Quinta planta' eta 'Iragan gunea Berlin' eskainiko dira, eta igandean 'Markak' eta 'Voces de papel'. Lau lan hauek, guztiak Agirre lehendakariaren egunerokoan eta Gernikatik New Yorkera, Berlinetik pasatuz liburuan oinarritzen dira.

Zenbait ikuspegi

'Quinta planta' Mikel Ruedak sinaturiko lana da. New Yorken kokatzen da eta besteak laguntzeko euren denbora ematen duten pertsonen zergatiak aztertzen ditu. Jose Antonio Agirre hori bera egiten aritu zen lehendakari lanetan, Parisen 1960an hil zen arte. Mikel Ruedarentzat, ekintzarik xumeenak ere besteengan izugarrizko eragina izan dezake: "Bost axola gure ekimenak garrantzi gabekoak badira ere, horiek ere garrantzitsuak izan daitezke beste askorentzat. Egiten dugun edozerk ondorio eta eraginak dituela uste dut, aldaketak sortarazten dituela, eta hori da dokumental honen abiapuntua".

'Iragan gunea Berlin' zuzendu du Maider Oleagak. Hiri ezezagun batera euren bizitza berregite asmoz iristen diren bidaiari bakartien bizitzaren erretratua egin nahi du. «Agirre 1941ean iritsi zen Berlinera, erbesteratua, bakarrik eta identitate faltsu batekin. Bere etsaiak zirenen artean bizi izan zen eta ia lau hilabete ondoren handik alde egitea lortu zuen. Ideia hori abiapuntu hartuz, Berlineko kaleetan barna iragan gunean dabiltzan jatorri ezberdineko bost ezezagun erretratatu nahi izan ditut. Horietako bakoitza, beste edozein tokitan bere bizitza izanik eta nora joan erabakitzen».

'Markak' izeneko dokumentalak Gernikako bonbardaketa du oinarri eta lan horretako zuzendariarentzat, Hannot Mintegiarentzat, dokumentala ez da Agirre lehendakariaren lan historiografiko bat: «Egia da Gernikako bonbardaketak Agirre lehendakaria guztiz markatu zuela, bai pertsona baita politikari bezala. Baina dokumentala pluralagoa egin nahi izan dut, gaur egungo gizon eta emakumeen erretratua, munduaren aurrean herri bat markatu zuen gertakari baten oroitzapenekin eta pisuarekin bizi izan diren gaur egungo gizon eta emakumerena».

Estibaliz Urresolak zuzenduriko 'Voces de papel' ikus-entzunezkoak Frantziako hiriburura garamatza. Herri baten eta bere kulturaren defentsan sutsu aritu zen Agirre lehendakariaren erretratua egiteaz gain, Eresoinka abesbatzaren jaiotza pantailaratzen du, kulturaren eta artearen bitartez, Agirre lehendakariak gerrari aurre egin nahi izan baitzion: "Pertsonaian sakontzen hasi nintzenean, euskal kultura eta artearekiko izan zuen garrantziaz konturatzen hasi nintzen. Garai zail eta ilunak ziren gure herriarentzat baina Eresoinkaren jaiotzarekin euskal kultura Europako antzoki onenetan entzun ahal izan zen".

El Gobierno Vasco en el exilio

'El Gobierno Vasco en el exilio' dokumentalak larunbat gaueko programazioan izango du tartea. Trianok ETBrentzat ekoitzitako lanak Jaurlaritzaren ibilbidea kontatuko du gerra zibilaren hasieratik. Halaber, Estatutuaren onarpena, Agirre lehendakaria buru zuen Jaurlaritzaren sorrera, Jaurlaritzako kideen erbestealdia, demokraziaren ezarpena Espainian, eta Autonomia Estatutua eta Eusko Jaurlaritzaren itzulera errepasatuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren historiaren eta berau posible egin zuten pertsonen historian barrena garamatza dokumentalak. Jose Antonio Agirre lehendakaria, eta Manuel de Irujo eta Xabier Landaburu bezalako pertsonaia garrantzitsuak agertuko dira, besteak beste. Halaber, poz eta atsekabez osatutako historia partekatu zuten hainbat lagun ikusiko ditugu. Tartean, Agirre lehendakariarekin erbestera bidean muga gurutzatu zuen Lluis Compays.

Bestalde, pasarte esanguratsuak ere izango dira: Jesus Galindez New Yorkeko euskal ordezkariaren bahiketa, hau Rafael Leonidas Trujilloren agintaritzapean zegoen Errepublika Dominikarrera bidali zutenekoa, eta oraindik ere misterioz beteta dagoen bere desagerpena.

Erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzaren gertakizunak eta Jaurlaritza osatu zuten kideen historia politikoak, profesionalak eta pertsonalak bilduko ditu ekoizpen honek. Eusko Jaurlaritza sortu zenetik, Leizaola lehendakaria itzuli zenerako unea, demokrazia atzera bueltarik gabe Espainian ezarri zeneko unea, alegia, islatuko dira dokumentalean. Hau guztia osatzeko berrogeita hamar lagunetik gora elkarrizketatu dituzte, horien artean, gerraren lekukoak, haien ondorengoak, politikariak eta idazleak.

Dokumentala Ander Landaburuk eta Antonio Cristobalek zuzendu dute, eta gidoilari Jose Luis de la Granja, Santiago de Pablo, Ludger Mees, Iñaki Goiogana eta Leyre Arrieta ibili dira.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate