Diario Vasco

'Ahoz Aho' saio berria, Amaia Cayerok aurkeztuta

Amaya Cayerok aurkeztuko du ETB1eko 'Ahoz Aho' saioa.
Amaya Cayerok aurkeztuko du ETB1eko 'Ahoz Aho' saioa.
  • ETB1en astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 18:00etara, guztion ahotan dauden gaiak ekarriko ditu eta aktualitatearen analisiari bereziki erreparatuko dio

'Ahoz Aho' saioa estreinatu du ETB1ek gaur, astelehena. Bertan, guztion ahotan dabiltzan gaiak ekarriko dituzte Amaia Cayerok, Ruben Abalek eta Ilaski Serranok. Gaurkotasunaren analisia eta eztabaida izango dira nagusi, baina kulturak ere lekua izango du. Astearte gauero, gainera, 'Ahoz aho+' tartea zabalduko dute. Bertan, elkarrizketa sakon bat izango dute lehendabizi, eta mahai-ingurua, ondoren.

Bi orduko programa izango da, zuzenean, eta askotariko gaiak jorratuko dituzte. Elkarrizketak, kolaboratzaileak eta solasaldi irekiak ere izango dituzte, saioa jantzi eta bizitzeko.

Kolaboratzaileen artean, besteak beste, Arantxa Urretabizkaia, Joseba Urkiola, Jasone Osoro, Aitor Abaroa, Iratxe Fresneda, Josu Goikoetxea eta Unai Brea izango dituzte. Halaber, solasaldirako mahaian ere ahots anitz batuko dituzte egunero: Pili Kaltzada,  Adrian Zelaia, Eider Alkorta, Mertxe Aizpurua, Jesus Mari Mujika, Itxaso Andueza, Galder del Campo, Begoña Errazti...

Gaur, esaterako, eta Kontxako estropadaren biharamunean, arrauna izango dute hizpide Ibon Gaztañazpi eta Kepa Iribar kazetariekin. Horrez gain, Jon Ariza de Miguel idazlea elkarrizketatuko dute. Solaserako mahaian, Josune Ariztondo, Mikel Eizagirre eta Galder del Campo izango dituzte, eta Eli Zunzunegi EiTBk Bartzelonan duen korrepontsalak bezperan ospatuko den Diadaren kronika egingo du. Horrez gain, Jasone Osoro, Josu Goikoetxea eta Arantxa Urretabizkaiaren kolaborazioa izango dute lehen saio honetan.

'Ahoz Aho', astelehenetik ostiralera izango da ikusgai ETB1en, 16:00etan.