Turisten gustuko pintorea

Gerra Zibila baino lehenagoko lana

Miarritzen erakusketa antologikoa prestatu dute Ramiro Arrueren lanena. Euskal Herri idiliko bat ageri da haren koadroetan, bere garaian arrakasta handia izan zuen joera

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXIDonostia

Ramiro Arrue pintorearen 150 lan ikus daitezke uda osoan zehar Miarritzeko Bellevue Kasinoko aretoan. Irailaren 17ra arte egongo da ikusgai ‘Ramiro Arrue, entre avant-garde et tradition’ izenburuko erakusketa zabal hau. Gainera, Baionako Euskal Museoa beste erakusketa bat eskaintzen ari zaio, txikiagoa: 1938an Arrangoitzeko Pierre d’Arcangues markesaren Euskal Balleterako egindako marrazkien erakusketa, hain zuzen ere.

Urte batzuk dituen jendeak ederki gogoratuko du Arrueren estiloa. «XX. mendeko euskal herritar margolaririk famatuena izan zen, kritikoen ustetan», irakur daiteke Wikipedian. Estanpa kostunbristak pintatzen zituen, Euskal Herri idiliko bat agertzen zuen. Baserritarrak, arrantzaleak, pilotariak ageri ziren bere koadroetan; industriarik, sekula ez. Oraingo erakusketako arduradun izan den Olivier Ribetonek esana: «Pintore honek modernitatea gorroto zuen».

Erraza da «kostunbrista» etiketa ipintzea eta gehiago ez sakontzea, ñabardurak ez bilatzea. Hemen lupa jarriko dut, eta xehetasunetara jaisten ahaleginduko.

Patarragoiti estudioa, Ziburun

Bilboko Abandon jaioa zen, 1892an; 1971n hil zen, Donibane Lohizunen. Sei senidetan bera izan zen gazteena, eta hain zuzen ere bera jaiotzean ama hil egin zen.

Sei senide haietatik, lau izan ziren artista, lau mutilak: Ramiroz gain, Alberto, José eta Ricardo. Lucas Arrue bere aita arte-bildumagilea zen eta etxeko bilduma, tartean Goya bat, saldu zuen bere seme-alaben ikasketak ordaintzeko. Hamabost urte zituela, Parisera joan zen Ramiro, mugimendu artistiko berriak ezagutzeko asmotan. Académie de la Grande Chaumière eskolan ikasi zuen. Nemesio Mogrobejo eta Ignacio Zuloaga margolariak eta Antoine Bourdelle eta Francisco Durrio eskultoreak izan zituen lehenbiziko artista babesleak. Paul Gauginen berri eman zion Durriok, eta adituek diotenez bilbotarrak edan zuen harengandik ere.

1911n, artean hemeretzi urte besterik ez, Ziburura aldatu zen eta hantxe jarri lehenengo estudioa, Patarragoiti zeritzana. Bazuen izeba bat, Matilde izenekoa, Iparraldean antigoaleko gauzak zituena, eta haren babesean pasatu zuen gaztaroa.

1910eko hamarkadan zehar Euskal Artisten Elkartea garatzen lagundu zuen, 1919an idazkari kargua eman ziotelarik.

Ramiro Arrue

Suzanne Blanchérekin ezkondu zen 1929an. Donibane Lohizunen jarri ziren bizi izaten. 1942an, naziek hilabetez eduki zuten preso Donibane Garazin, euskalduna eta espainiar nazionalitatekoa zelako, eta horregatik susmagarria. Gero, frankistek Bidasoako muga itxi zutelarik, «beste aldean» bizitzen gelditu zen betiko. Abizenari azentua erantsi zion, frantziarrek hobeto ahoskatu zezaten: Arrué. 1971n hil zen, biriketako minbiziak jota, ordurako alargunduta eta seme-alabarik gabea.

Arrakastaren eztia ezagutu zuen. Lagun izan zituen Jean Cocteau idazlea eta Amedeo Modigliani pintorea. Hala ere, bizitzako azken bihurgunera diru-arazo larriekin iritsi zen. Ostalariak eta medikua marrazkien bidez ordaintzen omen zituen. Miarritzeko erakusketan, haren azken borondateak dakartzan agiri bat irakur daiteke: hil eta aurreneko urteetan behintzat erakusketarik ez egiteko eskatzen du, jadanik «ez dagoelako modan».

Miarritzeko erakusketa honetan era askotako lanak bildu dituzte: olioak, urmargoak, marrazkiak, zirriborroak, argazkiak eta freskoak. Adibidez, lehenbiziko aldiz dago ikusgai Isidro Monzon arkitektoak Sarako bere etxerako eskatutako fresko handia. Egoitza Bergaran daukan Telesforo Monzon Fundazioak lagatako artelana da.

Zenbait museok eta bildumazale partikular batzuek lagatako obrekin osatu da erakusketa. Monaco ondoan dagoen Cap-d’Ail hirian bada museo pribatu bat, 2014an inauguratua, guztiz Ramiro Arrueri eskainia; handik ere ekarri dituzte lan batzuk Miarritzera.

Olivier Ribetonek adierazi duenez, II. Mundu Gerra aurretik abangoardiako artista izan zen Arrue, eta gerra ostean «pintore erregionalista». Urteen poderioz, garrantzia galtzen joan omen zen. Ribetonek uste du Bilboko Arte Ederretako Museoan daudela artista honen bi koadro onenetako batzuk, biak olioak: ‘Euskaldunak karta jokoan’ (1919) eta ‘Toledoko paisaia’ (1932). Horiek ere ikus daitezke Miarritzen.

Ismael Manterola unibertsitate-irakasleak, berriz, bere aurtengo ‘Maite ditut maite’ liburuan, hau utzi du idatzita: «Ramiroren lehenbiziko epealdiko pinturak Artetaren eta Vazquez Diazen moduei jarraitu zien, bai bolumenaren aldeko joeran, bai bolumenak modelatzeko kolorearen erabileran. Pintura mota hori Iparraldeko paisaia lasai eta giro folklorikora eraman zuenean, ordea, zeharo leundu zen, eta indar handia galdu zuen. 40ko eta 50eko hamarkadetan egindako lanetan ez zuen moldaketarik apenas egin, eta estilo moduko bati katigatuta geratu zen. Gaiak beraiek ere frantziar merkatu turistiko bati lotuak zeuden (dantzak, baserritarrak, arrantzaleak, pilota), eta alde horretatik, askoz interesgarriagoak dira liburuetarako egin zituen ilustrazioak eta karteletako marrazkiak».

Kontuak kontu, merkatuan badu bere balioa Arruek, bere prezioa. Batez beste, haren margo bat 100.000 euroren truke eros daiteke, eta badira 200.000 euroan saltzen ari direnak ere. Gainera, balioa gorantz joan da azken urteotan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos