Transmedia irakurketa kluba haurrentzat uztailean

Transmedia irakurketa kluba haurrentzat uztailean

Galtzagorrik eta Orona Fundazioak antolatuta, 8-12 urteko gazteei zuzentzen zaie, eta 15 plaza baino ez daude

Orona Fundazioak eta Galtzagorri euskal haur eta gazte literatura elkarteak KlisKlasIK euskarri ezberdinetan oinarritutako irakurketa kluba jarriko dute martxan uztailean. Liburua, ahotsa eta marrazteko tresnak batetik eta tableta, ordenagailua eta sakelako telefonoa bestetik, 8-12 urteko haurrentzako euskarazko haur literatura oinarri hartuta, lehen aldiz transmedia klub bat burutuko dute Orona Ideo eraikinean, Hernaniko Galarreta auzoan (Gipuzkoa), uztailaren 10, 11 eta 12an.

Ekimenaren antolatzaileek azaldu dutenez, irakurketa klubaren saioak eta Kode Eskolak antolatutako Udaleku Teknologikoak aldi berean egingo dira Orona Fundazioaren eraikinean. Hartara, literatura eta irakurketa teknologia berrienekin uztartuko dituen egitarau oparoa izango da egun horietan, Orona Fundazioari esker.

Helburua da 8-12 urteko gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzea eta literatura dibertsioarekin lotzea. Horretarako, artea, irakurketa, ahozkotasuna, aplikazioak eta programazio informatikoa uztartuko dira klubaren baitan.

«Izan ere, gaur egun haur literatura ez da bakarrik liburura mugatzen: ahozko kontaketak eta ilustrazioak betidanik izan dira literaturaren genero honetako lengoaiak, baina gaur egun, gainera, teknologia berriak paperezkoa osatzera datoz. Paperean irakurtzeaz gain, posible da pantailan irakurtzea. Are gehiago, posible da paperean irakurritakoa pantailan osatzea ere», azaldu dute.

Lehen aldiz euskaraz eta euskal haur literaturari lotuta egingo den transmedia irakurketa klubaren gidariak Amattoren Uzta App aplikazioaren sortzaileak izango dira: Patxi Zubizarreta idazlea, Maite Gurrutxaga ilustratzailea eta Oreka Interactive S.L. enpresako kideak. Hortaz, euskal haur eta gazte literaturan zein bideojoko eta aplikazioen esparruan ibilbide handikoak diren profesionalek dinamizatuko dituzte klubaren hiru saioak.

Plataforma edo euskarri ezberdinetan oinarritutako transmedia irakurketa klubean parte hartuko duten gaztetxoek landuko dituzten alorrak dira irakurketa, ilustraziogintza, gidoigintza, jolasak aplikazioekin eta programazio teknologikoa.

Irakurketa kluba uztailaren 10, 11 eta 12an izango da, Orona Ideon. Egunero hiru orduko saioak egingo dira, 10.00etan hasi eta 13.00ak arte. 8 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu dezakete, eta gehienez 15 kide onartuko dira. Parte hartzea izen emate ordenaren araberakoa izango da, eta izena emateko epea ekainaren 22ra arte zabalik dago. Hiru saioetan parte hartzeagatik 60 euro ordaindu beharko dira. Izena emateko epea ekainaren 22a arte dago zabalik, eta formulario hau bete behar da horretarako.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos