Thierry Biscaryk bakarkako bideari ekin dio

Manez, bere laguntzaileen musika-tresnekin/
Manez, bere laguntzaileen musika-tresnekin

'Manez eta kobreak', kutsu autobiografiko handiko lana egin du Donostiako Antiguan bizi den musikariak. Hilaren 7an Hendaiako Abbadiako jauregian ariko da

FELIX IBARGUTXI

Thierry Biscary (Anhauze, 1976) Kalakan taldean jardun zen, Jamixel Bereau y Xan Errotabeherekin batera. 2016an alde egin zuen, besteak beste gauza berriak egin nahi zituelako, eta Donostiako Antiguan bizi da, bi urteko haur baten aita dugularik. Baina orain, artistikoki, ez da Thierry Biscary, Manez baizik –izengoiti horixe baitzeukan aitonak–, eta diskoa plazaratu du: 'Manez eta kobreak'.

Ipar Euskal Herrian ondo asko dakite zer den "kobrea": musikarien hizkeran, hala esaten zaie haizezko tresnei eta tresna horien jotzaileei.

Talde ezberdinetan (Bolbora, Hegalka, Kokin, Kalakan...) kantatu ondoren, Manezek bere kantu propioak aurkezten ditu oraingoan. Hamahiru abesti dakartza diskoak, horietako bi Manezen letra dutenak, eta besteak Jon Maia, Uxue Alberdi, Xabier Euzkitze, Aurelia Arkotxa eta Itxaro Bordari eskatuak, edota zenbait liburutatik hartuak.

Autobiografiatik dezente daukan diskoa egin du. ""Margitta" kanta nik idatzia da –adierazi du–. Amatxiri egiten diodan omenaldia duzue. Emazte harrigarria da: aitatxirekin, 70eko hamarkadan, jatetxea egin zuen, oso famatua: Gamia".

Liburuxkan, erdi-erdiko argazkian Manezen jaioterria ageri da, Nafarroa Behereko Anhauze. Thierry etxeko premua zen, maiorazkoa, eta aita saiatu zen mutilak etxearen ardura har zezan, baina Thierryk asmo artistikoak zituen gaxte-gaxtetatik. "Hala ere, aitak ondare bat eman dit: baserritar izaera; eta hor gelditu zait betiko txertatua", esan du.

Aspaldi, 2003an, Thierry Indiara joan zen, bakar-bakarrik. "Bidaia horrek ere marka utzi zidan". Eskatu zion Xabier Euzkitzeri bertso batzuk paratzea gai horretaz, eta ekarri ditu diskora. Kantak "Zapetagilea" du izenburu.

Bada beste kanta bat, "Joana", Uxue Alberdiri eskatutako letra daukana. "Nik zera egin ohi dut, joan bertsolariarengana edo idazlearengana eta interesatzen zaidan gaia deskribatu, handik aurrera berak lan egin dezan askatasun osoz. Uxueri argazki bat erakutsi nion, Parisa alde egindako neska batena, eta berak egindako letrak zalantza batzuei buruz dihardu: zer egin, urrun gelditu edo etxera itzuli?".

"100 alargunen dantza" kantan, berriz, 1912ko galerna izugarriaz dihardu Uxue Alberdik. 146 arrantzale hil ziren, gehienak bermeotarrak: 116 guztira.

Kobreak bost lagun dira, denak Ipar Euskal Herrikoak, denak musikari eta kantari trebeak: Vianney Desplantes (bonbardinoa), Bixente Etchegaray (tronpeta), Laura Etchegoyhen (saxofoia), Mintxo Garaikoetxea (bonbardinoa) eta Ana Telletxea (soinu handia). Ahotsaz ere laguntzen diote Manezi. "Ipar Euskal Herrikoek beste manera batez mintzo dira, kanta hauetan laguntzeko horrelako ahotsak behar nituen, eta ez Hegoaldekoak", adierazi du kantariak.

Musika moldaketa guztiak Manezek berak egin ditu eta Kobreak taldekideez gain hiru laguntzaile jardun dira: Ander Zulaika (perkusioak), Aitor Furundarena (akordeoia) eta Mixel Ducau (saxofoia). "Ducau gurekin ariko da kontzertuetan, eta kantatu ere egingo du". Soinu-teknikaria, berriz, Mikel Fernandez Krutzaga izan da.

Thierry Biscaryk badu Hendaian ekoiztetxe txiki bat, Kalapita izenekoa; horrexen bidez plazaratu du emaitza. Hasiera batean, webgunearen bitartez eta kontzertuetan eskuratu ahal izango da diskoa, eta gero ohiko dendetara iritsiko.

Diskoaren jendaurreko estreinaldia hilaren 28an izan zen, Bilboko Basque Fest delakoan. Ondoren, joaldi hauek etorriko dira: apirilaren 5ean, Nafarroko Unibertsitateko Museoko Auditorioan; 7an Hendaiako Abbadiako jauregian; maiatzaren 19 eta 20an, Leioako Umore Azoka festibalean; ekainaren 16 eta 22an, Moissac-en, Festival de la voix delakoan; eta ekainaren 21ean, Baionan, Musikaren bestan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos