Tarkovskiren lezio galduen bigarren saioa, datorren larunbatean Tabakaleran

Jaioterritik urrun hil zen Andrei Tarkovski, Parisen, 1986 urtean./
Jaioterritik urrun hil zen Andrei Tarkovski, Parisen, 1986 urtean.

Beste zuzendari batzuen zinemagintzari buruz Andrei Tarkovski-k zuen ikuspuntua izango da aztergai egoitza Tabakaleran duen Elías Querejeta Zine Eskolak antolatutako zikloaren bigarren saioan

1975 eta 1981 urteen artean, Andrei Tarkovski (1932-1986) zinema zuzendariak hainbat ikastaro eman zituen garai hartan Sobietar Batasuna zeneko hainbat herritan. Zinemaz aritzen zen, baina arteari buruzko eskolak ziren batik bat, eta haietakoren batzuk grabatu egin ziren. Ohiz kanpoko materiala da, ia 90 orduko soinu-grabazioz osatua, Tarkovskiren laguntzaile izandako Masha Chugunova-ren artxibo pertsonalean aurkitua.

Material hura berreskuratu, berriztatu eta 'Andrei Tarkovskiren Lezio galduak' bilakatu zen, haren semearen esku-hartzearekin. Egoitza Donostiako Tabakaleran duen Elias Querejeta Zine Eskolak iazko abenduan proposatu zituen aurreneko lezioak. Bigarren saioa larunbat honetan egingo da, maiatzaren 12an.

Lezio Galduen bigarren saioa Tabakaleran burutuko da, hainbat jarduerarekin: alde batetik, zinemagileak emandako eskola batzuk entzungo dira, orain arte ezezagunak izandakoak, eta beste alde batetik, Tarkovskiren lanarekin lotutako parte-hartze artistikoak ere izango dira.

Bertan izango dira Julen Abasolo, Cristina Álvarez, Pilar Carrera, Xabier Erkizia, Till Fellner, Giuseppe Lanci, Adrian Martin eta José Manuel Mouriño.

Besteen lanei erreparatuz

Antolatzaileek ohar baten bidez gogoratu dutenez, «zinemagintzarekin lotutako edozein ikasketa-planetan, oso ohikoa izaten da erreferentziazko filmak ikustea, aztertzea eta, ondoren, iruzkinak egitea. Andrei Tarkovskik ere, irakasle gisa aritu zenean, tresna hori ezinbesteko praktika bihurtu zuen bere eskoletan. Dena den, aurki eta ikas daitekeen guztiarekin ere dago lotuta edozein zinemagileren esperientzia, ikusle soil gisa parte hartzearekin. Eta Tarkovski ere ez zen salbuespena izan zentzu horretan».

Bere eskolei buruzko bigarren zatiak, hortaz, ideia hori hartu du abiapuntu. Hartara, gogora ekarriko dute besteen lanari erreparatuz etorkizuneko zinemagileen ikasketa-prozesua suspertu eta gidatzeko Tarkovskik zuen modua. Baina, helburu horrez gain, «Tarkovskik bazituen beste helburu garrantzitsu batzuk ere behatzeko eta aztertzeko ariketa egitean: arreta filmografia jakin batzuetara erakartzea, hain zuzen, ikasleek ikusten ikas zezaten (eta ez zinema soilik), ingurunean funtsezkoa dena bereizten ikas zezaten».

Topaketa berri honetan, Tarkovskik egindako iruzkin eta ohar ugari entzungo ditugu, hainbat zinemagileren inguruan: Robert Bresson, Ingmar Bergman, Andy Warhol, Lumière anaiak, Grigori Kozintsev, Aleksei German, Otar Iosseliani, Sergei Parajanov... Eta, horien guztien artean, gai nagusi gisa, arreta berezia eskainiko diogu Tarkovskik Luis Buñuelen zinemagintzari buruz esandakoari. Jardunaldia Andrei Tarkovski Nazioarteko Institutuarekin batera antolatuko da Tabakalera, Musikene eta Scherzo aldizkariaren laguntzarekin. Tabakalerako Z aretoan egingo da ekitaldia eta bi zati izango ditu, bata goizez eta bestea arratsaldez, ondoko atalean aurkituko duzuen egitarauaren arabera.

Informazio osagarria

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos