Suhiltzaile baten heriotza

Sutea Burbank-en, AEBtan, artxiboko irudian/EFE
Sutea Burbank-en, AEBtan, artxiboko irudian / EFE

Shawna Lynn Jones hil berri da Mullholland errepidean. Los Angelesen. Sute batean hil da, harkaitz erraldoi batek harrapatua. Shawna Lynn Jones neska gaztea zen, suhiltzailea, eta kartzelan zegoen

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

Nazioarteko edizioan azaldu zuen Shawna Lynnen istorioa The New York Timesek. Bere istorioa eta Kalifornian preso dauden beste 250 emakumerena ere. Euren zigorra luditu, arindu nahian Los Angeleseko Konderriko Suhiltzaileen Brigadan sartzen ohi dira. Zigorra luditu eta orduko bi euroko soldataren truke.

Brigada horretan erroldatzeko sasoian zaudela baieztatu behar duzu proba fisiko batzuetan. Hiru asteko entrenamendu gogorrean sartuko zara gero. Kontutan eduki presoak ez diren beste hiritarrek, borondatezko suhiltzaile gisa lagundu nahi duten horiek hiru urteko prestakuntza bete behar dutela. Derrigorrez.

Baina Los Angeleseko Konderriko kartzeletan dauden presoek, gizonezkoek emakumezkoek bezala, onartzen ohi dute Udaleko zein Presondegiko eskaintza hori. Zergatik? Beste lanetan orduko 95 zentimo dolar (gehienez) ez baitute eskuratzen. Basoetan zein suaren kontrako borrokan, berriz, bi (2,56 inkluso) irabazi ahal dezakezu. Eta, gainera atari zabalean zaude.

Lanak eta arriskuak itota bueltatzen dira kanpamentuetara emakume preso-suhiltzaile horiek. Badira beste puntu ilun franko kontaketa honetan. Eta ez bakarrik diruarena (suhiltzaile profesional batek 40.000 dolar lortzen du urtero. Kartzelan den neska batek, aldiz, 500era ere ez da sekulan iritsiko). Ez, tristura kontu bat da. Egia, 27 urteko Marquet Jonesek esanda, polita dela gaztetxo batek bere etxea, bere txakurra salbatzeagatik eskerrak ematen dizkizunean, baina samina oso heldu batzuek begiratu ere begiratzen ez zaituztenean jakin badakitelako atxilo zarela.

Arizonan, Nevadan eta Wyoming estatuek presoak onartzen dituzte suhiltzaile brigadetan. Baina Kaliforniak nahitaez behar ditu. 2010etik hona 5.000 sute baino gehiago izan dira bertan, 1,861554 metro karratu lur kiskaldu dira eta 102 milioi arbola erre. Sutan da, etengabe Kalifornia eta esku bat ere ez dago sobran borrokan. Preso anitzen ustean, esku asko horiek esklabo berrienak dira. Besteen iritziz, ederra basoak eta bailarak salbatzea. Bada libre izango delarik suhiltzaile profesional bihurtzeko ametsa duena. Baina, tamalez, ez da horrela gertatuko. Prestatuak izan arren, eskarmentu benetakoa duten ere, Los Angeleseko Suhiltzaileek ez dituzte bertan onartuko. Halaxe da egun. Bihar baliteke gauzak aldatzea Shawnaren istorioa eredu hartzen badute. Sikiera.

Shawna Lynn Jones ez zen gaizkile bene-benetakoa. Kuriosoa, txikitan polizia izan nahi zuen. Gazteagoa, kapitan pilotu nahi zuen ikasi gerra itsasontziak gobernatzeko. Baina lizeoa abandonatu zuen eta droga saltzaile txikien konpainian ibili. Lapurreta pare bat, crack droga salmenta batzuk eta zulora. Hiru urteko zigorra jaso zuen.

Kartzelan sartu baino lehenagoko agur festan, dozenaka lagun bildu ziren, hamaika opari egin zioten, jaki mexikarrak dastatu eta elastiko berezia sinatu zioten denek. Hurrengo goizean, Shawna Lynn abiatu zen presondegira. Ez pentsa, ez tristeegi. Bere pentsamenduetan, han hartutako bide aldrebestua zuzenduko zuen. Ziur. Kartzela ez zen etxetik oso urrun. Beraz, bere skate gainean hurbildu zen hara.

Astero deitzen zion amari. Suhiltzailea izateko prestakuntza gogorraz hitz egiten zion. Animoso. Zerra mekanikoaz suebakiak nola irekitzen zituen azaltzen zion. Fier. Naturarekiko harreman berriaz mintzatzen zen. Kontent. Ama Shawnaren zortea aldatuz zihoala pentsatzen hasita zen,

Baina goiz batean ama horrek (Diana Baezek) dei bat jaso zuen. Sheriff bulegotik: Shawna ospitalean zegoen. Joateko, arren. Larri zauritua aurkitu zuen. 100 metroko harkaitzak kolpatu zion buruan. Brigadakideek arroka suelto sumatu zutenean oihu egin zuten baina Shawnak kaskoak zituen jantzita burrunba ikaragarria egiten zuen makinaz ari zelako lanean eta ez zien aditu.

Shawna ez zen sendatu. Heriotzak ametsa gainditu zuen. Bere hiletan, Los Angeleseko Suhiltzaileen kamioi guztiek turutak jo zituzten ozen eta eskailerak hedatu bere ohoretan. Ofizial denak tentetu ziren zerraldoa aurretik pasa zenean eta Dianak zeremoniazko bandera jaso zuen oroitzapen gisa.

Beti gertatzen ohi den bezala, askok diote Shawnen heriotza ez dela alferrik izango, gauzak aldatuko direla emakume preso suhiltzaileentzat. Gutxi sinesten dute horretan baina hor darraie neskek Napako Ibarrean libre dabiltzan sugarren kontra lehian. Shawnek, bide batez, 1.000 dolar (ñ40 euro) irabazi zituen 4 hilabetez.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos