Kultur sortzaileentzako beka berri bat

Gerediagako zuzendariak, Nerea Mujikak, aurkeztu zuen beka /Morquecho
Gerediagako zuzendariak, Nerea Mujikak, aurkeztu zuen beka / Morquecho

Argizaiola beka datorren urtean jarriko dute martxan, eta Durangoko Azokaren garaian banatuko dute urtero

Sortzaileentzako berri ona ailegatu da, beka berri baten aurkezpena hain zuzen, atzo Durangoko Azokako Szenatokia gunean antolatutako ekitaldian egin zutena. Argizaiola beka izango da, gaur arte -25 urtez- Gerediagak eta Azokak euskara eta euskal kulturaren alde lan egin duten pertsonak omentzeko banatu ohi zuen saria ordezkatuko duena.

Gerediagako lehendakariari, Nerea Mujikari, tokatu zitzaion aurkezpena egitea, dantza eta kantua ere izan zituen ekitaldian. "25 urtez, gure kulturari hainbeste eman dioten horiei eskertzen ahalegindu gara Argizaiola omen sarien bitartez. Ilunean argi egiteagatik Gerediaga Elkarteak bihotzez egindako errekonozimendua izan da. Eta beste hainbeste urtez jarrai genezake eskerrak ematen, eta ziur aski ez genuke sekula amaituko. Baina hartzeaz eta eskertzeaz gain, guk ere eman nahi dugu, gure hazia erein nahi dugu. Horregatik, batu gaitu gaur Omentzetik Ereitera ekitaldiak", azaldu zuen Mujikak.

Azokaren 50. urteurrena igarota, Gerediaga eta gainontzeko antolatzaileek elkarlanean, etorkizuneko azokari buelta bat nola eman pentsatzen hartu zuten erabaki hau. "Askotan esaten dugu Azoka kulturaren plaza dela, azoka merkatua dela, Azoka jaia dela eta orain eragile ere izan nahi dugu sortzaile berriei beren lanak garatzeko aukera emanez. Euskarazko kultur produktu baten sorkuntza, hasieratik amaierara garatzen lagunduko du, hasi ideiatik eta bere zabalkundera arte", jarraitu zuen.

Beste ideia bat ere nabarmendu zuen Mujikak: "Beka honek gaur hartzaile dena bihar sortzaile izatea ahalbidetuko du. Helburu argi bat daukagu buruan denok: euskal kultura geroratzea".

Bekara aurkezteko ezaugarriak

Bekara aurkeztu ahal izango dira ibilbide luzerik ez duten adin guztietako sortzaileak, bakarka zein taldeka. Disziplinak askotarikoak izango dira, Azokak barnebiltzen dituen guztiak (literatura, musika, zinea, antzerkia...).

Bekaren lehenengo deialdia 2018ko irailean izango da, eta urte horretako Azokan jakinaraziko da nor den beka jaso duena, eta 2019ko Azokan izango dugu lanaz gozatzeko aukera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos