Sortzaile ‘mitikoak’ bertan direla, Itzultzaileen Elkarteak bere 30 urteak ospatu ditu

Del Olmo, Auzmendi, Mendiguren, Zabaleta, Ibarluzea eta Montorio, herenegun Donostian/Sara Santos
Del Olmo, Auzmendi, Mendiguren, Zabaleta, Ibarluzea eta Montorio, herenegun Donostian / Sara Santos

EIZIE 1987an jaio zen Donostian, baina 1980az geroztik martxan zen Mendigurenek-eta sortutako Martuteneko Itzultzaile Eskola

FELIX IBARGUTXI

Euskal itzultzaile eta interpreteen elkartea, EIZIE, 1987an sortu zen. 30 urte bete ditu. Herenegun Donostiako Egia auzoko kultur etxean bildu ziren bazkideak eta sortzaileen testigantzak entzun zituzten. Baina EIZIE baino lehenago, 1980. urtean, Martuteneko Itzultzaile Eskola sortu zen -Euskaltzaindiko Juan San Martinen ekimenez- eta Xabier Mendiguren Bereziartuk, bataren eta bestearen sortzaileetako batek, azalpen hau eskaini zien bildutako lagunei: «Ni zuzenean etorri nintzen Algortatik hona, itzultzaile eskola bat sortzera. Juan San Martinek esan zidan sortzeko. Eta, horrelakoetan egiten den bezala, zekitenei galdetu genien. Europako eskolei idatzi genien, beren ikasketa-programa bidaltzeko eskatuz, eta askok erantzun ziguten. Hasi nintzen irakasle bila, inguratu zitzaizkigun Josu Zabaleta, Koro Navarro... eta halaxe hasi ginen».

Baina Mendiguren hizketan hasi aurretik, Karlos del Olmok aurkezpen-hitzak esan zituen. Bera ere EIEren lehendakari izana dugu, eta elkartearen ‘Senez’ aldizkariaren koordinatzaile denbora askoan. «Nik nahi baino urte gehiago egin nituen Muskizko ikastolan irakasle, han, Kantabria ondoan, eta jendea harritzen zen umeek euskara ikasten zutelako. ‘Senez’ aldizkaria han ezagutu nuen. Jakinduria-iturria zen. Mitikoa zen ‘Senez’, mitikoa elkartea bera ere. Eta ‘mitikoa’ esatean ez dut ‘tipikoa’ esan nahi, oraingo gazteek bezala. Iruditzen zitzaidan Olinpoko jendeak egiten zuela aldizkari hori. Elkartea, Bizkaitik, urruti samar ikusten zen, baina hori aldatzen joan da», adierazi zuen Del Olmok.

Juan San Martini esker

Esanda bezala, Juan San Martin (1922-2005) figura giltzarria izan zen. Mendigurenen testigantza berriz ere: «Hark esan zidan Itzultzaile Eskola martxan jartzeko behar zen diruarekin ez kezkatzeko. Esker on handi bat eman beharrean gara San Martinen familiari». Halaxe, San Martinek hitz egin zuen Juan Zelaiarekin eta eskolako irakasleen lehenengo soldatak Cegasa pila-enpresak ordaindu zituen. Lehenbizi Miramonen egon zen eskola, Arbide dorreetako batean, baina segituan aldatu zen Martutenera, agustindarren ikastetxe zaharkitu batera.

Eskolako lehenengo irakasleetako bat, eta gero EIZIEren sortzailea, Josu Zabaleta izan zen. Honela mintzatu zen herenegungo ekitaldian: «Nik, hizkuntza kontuetan eredu gisa, Arantzazuko fraide bat hartu nuen: Villasante. Esaten nuen neure artean: nola liteke horren trakets hitz egiten duen gizon batek gero hain ondo idaztea? Gizon hark orduak eta orduak ematen zituen Axular, Duhalde eta beste klasiko batzuk irakurtzen, hor zegoen koska. Orduan, erabaki nuen klasikoak fotokopiatu eta ‘Klasikoak’ bilduma argitaratzea Hordago etxearekin».

Itzultzaile eskolako lehenengo ikasleetako bat Lurdes Auzmendi izan zen. ‘Zeruko Argia’ aldizkarian jarduna, eskarmentua zeukan hizkuntza kontuetan. Eta lehenengo promozioetako gainerako ikasleak halakoxeak ziren, 25 urtetik gorakoak, eta hizkuntza aldetik jantziak. Auzmendik, ikasketak bukatu eta EIZIEko idazkari tekniko bihurtu zen. Bera ere giltzarri izan zen elkartearen lehen fasean. Hain zuzen ere, Auzmendik esanda bihurtu zen bazkide Karlos del Olmo bera ere.

1987an, EIZIEren lehen batzar nagusia Donostiako EUTGko areto batean egin zuten. «Hirurogeitik gora lagun bildu ginen», gogora-tzen du Auzmendik. «Gauza bat ondo egin genuena: kideek ezin zuten bi urte baino gehiago egin zuzendaritza taldean. Halaxe, lortu dugu urteen poderioz lagun pila bat pasatzea zuzendaritzatik. Eta badago halako itun bat, esplizitua ez dena: norbaitek onura bat atera-tzen badu elkartetik, gero zuzendaritza taldean lan eginez itzultzen dio mesedea elkarteari».

Lurdes Auzmendiren karneta 26. a izan zen. Aurreko 25 lagunak gizonezkoak ziren. Geroxeago, 31.a, Bego Montoriorena izan zen.

EIZIEren lehenengo estatutuak Galiziako itzultzaileen elkartearenak kopiatuz idatzi ziren. «Espainiako elkartearekin, Apeti-rekin, laster hasi ginen harremanetan. Eta nazioarteko federazioan ere segituan sartu ginen. Joan behar bagenuen Paris edo Bruselara babes bila, autoa hartu eta joan egiten ginen. Etengabe irakiten zegoen elkartea», jarraitu zuen Auzmendik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos