Sormenaren lurraldeak eman ditu lehen fruituak

Sormenaren lurraldeak eman ditu lehen fruituak
FELIX MORQUECHO

Merkatu eta, aldi berean, sormenaren erakusleiho eta pizgarri izan nahia maiz aipatu ziren lehen eguneko ekitaldietan Jendea gogotik ibili zen Landakoko saltokietan, eta Azoka osatzen duten gainerako guneetan ere bai

NEREA AZURMENDIDURANGO.

«Antzemango zenuten, gure lurraldea ez dela ohiko lurralde bat, stand-ak bihurtu ditugu etxe eta liburuak elikagai. Hemen, diskoek kentzen digute egarria. Eta ikusi duzuenez, ez gara ez gose ezta egarri izango. Hotzik ere ez dugu pasako, milaka kulturlan eta kulturzaleren epeltasuna izango dugu neguko egun ilunak argitu eta hotzak berotzeko». Pertsona pragmatikoa da Nerea Mujika, Gerediaga Elkarteko presidentea. Gerediagak berak ere oinak lurrean sendo sustraituta dauzkalako egin ahal izan du egin duen bidaia atzo 52. edizioa abiarazi zuen Durangoko Azokak. Inaugurazio ofizialeko hitzaldian, baina, iruditeria iradokitzaileari eta poesiari egin zien tartea Nerea Mujikak. Sormenari, 'Sormenaren lurraldea' baita aurten Durangoko Azoka.

Ahotsenea

Egitaraua

Erakunde publikoek ekarpenei eutsi dieten arren, aurten aurrekontua berriz murriztua ikusi du Azokak. Kulturan inbertitzea defendatu zuen Gerediagako presidenteak, balio materialez harago joanda: «Dirutan bueltan datorren inbertsioa da, eta zenbakietan neurtzea zaila den aberastasuna ematen digu. Horregatik aldarrikatu nahiko nuke euskal kulturan inbertitzeak merezi duela. Euskal kultura ondarea da, etorkizuna da», esan zuen, beste zenbaiten artean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Diputatua eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea entzule zituela.

Beraiek hartu zuten hitza Azoka babesten duten erakundeen izenean, eta denek nabarmendu zuten mende erdi pasatxo honetan egin duen ekarpena. Guztiek izan zuten halaber ezpainetan euskalgintzaren baitako giroa aldatzen ari den «elkarlana». Zupiria sailburuak, pragmatiko, nabarmendu zuen «Durangon erakusten den materialak» berebiziko garrantzia duela euskararen erabilera areagotzeko. «Sortzaileengana hurbilduko gara behar ditugula esateko, eta eduki interesgarriak behar ditugula gogorarazteko», esan zuen.

«Kultur politikak, sare kulturalak, hartzaileak eta sortzaileak» dira sormenaren zutabeak«Behar ditugula esateko hurbilduko gara sortzaileengana», esan zuen Bingen Zupiriak

Ekitaldia amaitzerako, bi ordu zeramatzaten sortzaileek eta horien lana hartzaileengana helarazten duten enpresa eta elkarteetako kideek Landakoko 240 standetan liburuak, diskoak eta bestelakoak erakusten eta, hala suertatzen zenean, saltzen. Merkatua ere bada jakina, azoka, beste zenbait gauzaren artean.

Zutabe askok eusten diote alegia Durango atzo lehen fruituak eman zituen Sormenaren Lurraldeari. Nere Mujikaren hitzetan, bost dira ezinbestekoak: sortzaileak, «guztiaren hasiera eta hazia»; hartzaileak, «goxotasuna eta indarra» ematen diotenak; «azpegiturak plaza» bilakatzen dituzten sare kulturalak, eta kultur politikak, «sormenaren aterpe».

Elementu horien arteko harreman orekatuaren bila bolada luza daraman Azokaren lehen orduetan, aparteko presentzia izan zuen oreka ezinbestekoa duen dantzak. Ateak irekitzeko orduan, sormenaren lurralde horrentzat propio sortutako pieza bat interpretatu zuen Kukai taldeko Martxel Rodriguez dantzaria, kutsu kontenporaneoa zuena.

Durangoko L'Atelier dantza eskolako bi dantzari tutudun ezin klasikoago aritu ziren, berriz, Yolanda Arrietarekin batera hasierako ekitaldian. Izaera anizkuna duen Durangoko Azokaren irudia osatzeko lagungarriak izan daitezkeen beste zenbait definizio proposatu zituen Yolanda Arrietak: «Jaia, giroa, herri nortasuna, mundua ulertzeko modu bat partekatzea. Jarrera bat, eta bidean deskubritzen duzu gainerakoa. Izan zirenen zelaia eta datozenen baratzea. Miatu gabeko planeta. GPSa iristen ez den lurraldea».

Azokaren estreinakoa jai eguna izanik -askorentzat, zubi luze baten lehen zutabea-, zenbait bisitariri dezente kostatu zitzaien, itxuraz, nagiak ateratzea. Ez zen ohiko pilaketarik izan ateak irekitzerakoan. Ikasle eguna gaur, ostegunarekin, ospatzeak ere izan zuen seguruenik zerikusirik lehen minutuetako lasaitasunarekin. Laster jarri zen ordea martxan makina, eta segituan hartu zuen abiadura bizia. Leloarekin batera datorren 'Sormenaren Lurraldea'-rekin batera, 'bost eguneko kultur maratoia' eta makinaren hori asko entzun ziren hasierako ekitaldietan.

Tximinia baino ez da gelditzen Landako ondoko plazan, baina garai batean fundizio bat aritu zen jardunean bertan. Hortik etorriko zaio akaso Azokari makinaren irudiarekin bat datorren joera langile eta saiatua. Orduak jo zuenean, di-da jarri zen makina martxan, Landakon bertan zein egitarau joriak zituzten gainerako guneetan. Azokako zati diren adskripzio argirik gabeko pertsonaia horiek ere puntual-puntual azaldu ziren.

Azokaren arrakasta jendetzaren eta mugitzeko arazoen arabera neurtzea gogoko dutenak berahala poztu ziren, segituan bete zelako goraino Landako. Horrekin batera, balio objektiborik gabeko lehen inpresio-bilketa baten eta bisitariek zeramatzaten poltsen azterketaren arabera, salmentak goiz hasi ziren animatzen. Katalogoan 'bestelakoak' atalean sailkatuta dauden produktuen ohiko arrakasta bistakoa zen; literatur liburuen bila joandako helduen kriterio fina ere bai. Aztertu liteke aurretik zabaldutako informazioaren, egindako promozioaren eta salmenten arteko harremana, baina ematen du, ematen zuen atzo, argi zeukatela askok zer nahi zuten. Eta bazekitela aukeratzen.

Gaur, aurreneko orduetan bederen, ez da bake handirik izango Landakon. Ikasle Eguna ospatuko da, alegia. Euskal Herriko txoko guztietatik bertaratuko dira haur eta gazteak, antolatu dizkieten tailer ugarietan parte hartzeko edo bueltaka ibiltzeko. Horiexek dira, hain zuzen, etorkizuneko hartzaile eta sortzaileak. Nerea Mujikak esan bezala, «sormenaren lurraldeak, gaur hartzaile dena bihar sortzaile izatea posible egiten du, ez al da ederra?».

Más

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos