Sorkuntzaren alde on eta ez horren onak

Garaño, Bidarte eta Agirre sormenaren inguruan jardun ziren atzo, Gogoetaren Plazan/F. Morquecho
Garaño, Bidarte eta Agirre sormenaren inguruan jardun ziren atzo, Gogoetaren Plazan / F. Morquecho

Katixa Agirrek eta Jon Garañok ireki zuten asteburuan segida izango duen Gogoetaren plaza

NEREA AZURMENDIDURANGO

Antolatzaileak kenduta, Jon Garaño zinemagile ergobiarrak izango zuen atzo Atzokako agendarik beteenetakoa. 'Handia'-ren biko zuzendaritzaren beste erdia, Aitor Arregi, filma aurkeztu den Comoko (Italia) zinemaldian izaki, Garañok hartu zuen bere gain euskal zinemaren historian ikusle gehien –90.000, eta goraka– izan dituen filmaren inguruan antolatu ziren zenbait ekitalditan egoteko ardura.

Ez zen izan Irudienean, zinea.eus webguneak eta Ganbara euskal zinemaren datu baseak antolatuta, 'Handia efektua'-ren inguruan egin zen mahai-inguruan. Ez zituen entzun, hortaz, beste zenbaiten artean Garaño bera eta Arregi kide diren Moriartyren lan onari bota zizkioten loreak.

Sormenaren Lurraldean, sormenaz aritu zen Jon Garaño Areto Nagusian, Katixa Agirre idazlearekin batera. Biek zabaldu zuten, Maite Bidarte gidari zutela, gaur eta bihar segida izango duen Gogoetaren Plaza. Hori bukatuta, atseden hartzeko asti handirik gabe tokatu zitzaion Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatutako 'Zinemagintza eta euskalkiak' mahai-inguruan parte hartzea, Irudienean. Gune horretan eman zen, arratsaldez, karteldegietan zortzigarren asteari ekitea lortu zuen filma.

Garañok berak nabarmendu zuen, zinemaz asko dakien Katixa Agirre «superfanarekin» partekatutako solasean, zer nolako balentria den euskarazko film batentzat –oro har, ekoizpen erraldoiekin alderatuta txikitzat jo daitekeen edozein filmentzat–, horrenbeste irautea aretoetan.

«Denok gara sortzaile»

Garaño eta Agirre, biak aritu ziren sormenaz eta sorkuntzaz. Gauza askotan egon ziren ados, gehienetan, baina argi gelditu zen zinemaren izaera industrialak, film baten inguruan mugitzen den dirutzak eta horrek sorrarazten dituen denetariko morrontzek, euskal idazleak nekez nozituko dituen baldintzak ezartzen dizkiotela zinemagileari.

Sormena, Katixa Agirreren hitzetan, «denok daukagun dohaina da, haurren irudimena eta sortzeko gaitasuna ikustea besterik ez dago. Artista ez da berezia dohaina daukalako, lantzen duelako baizik». Dohain hori, Garañoren ustez, «Matematika irakasle batek edo CAFeko ingeniari batek» ere badauka. Edo eduki beharko luke, gauzak ondo egin nahi baditu. Izan ere, «ideia txikien arteko lotura berriak aurkitzeko, eta horiek ideia nagusi batekin ezkontzeko» balio du sormenak batik bat. Ez da ezinbestekoa originala izatea; ideia handiak izatea ere ez. Beste zerbait da sormena.

«Artista ez da berezia sormenaren dohaina daukalako, lantzen duelako baizik» katixa agirre, idazlea

Horren definizioan eta, neurri batean, desmitifikazioan, bat etorri ziren Agirre eta Garaño, nahiz eta oso desberdina den bien sormen prozesua. Zinemagintza –are gehiago hasiera-hasieratik 'autoretza kolektibo' moduko baten aldeko apustua egin duen Moriartyren kasuan– talde-lana da prozesuaren fase guztietan. Literatur sorkuntza, bakarkakoa ia denetan. Garañok-eta nola lan egiten duten entzun ondoren, idazleentzat ere ideien etengabeko kontrastean oinarritutako talde-lana onuragarria izan daiteekela iruditu zitzaion orain dela hilabete eskas bere lehen eleberria, 'Atertu arte itxaron', 'Los turistas desganados' izenburuarekin, gaztelaniaz argitaratu duen idazle gasteiztarrak.

Une honetan, sormenaren eta sorkuntza lanaren alde gozoan murgilduta daude Garaño eta Agirre. 'Handia'-k handitzen jarraitzen du. Okerrik ez bada, Agirreren eleberria laster hedatuko da beste hizkuntza batzuetara. Alde ez horren onak ere baditu, ordea, sortzailearen lanak. Baditu miseriak: nork bere buruari egiten dion presioa, kanpotik datorrena... «Pelikula bat egiten duzu, baina ez dakizu beste bat egin ahal izango duzun, eta gu honetatik bizi gara», gogoratu zuen Garañok. Segurtasun falta hori, segun eta nolakoa den sortzailea, sekulako sufrikarioa izan daiteke. Sortzaileen lanaren gutxiespenak ere ez du asko laguntzen. «Jende askori iruditzen zaio gurea ez dela lana, denborapasa baizik. Ez da baloratzen. Lanak eskatzen dizkigute dirua aipatu ere egin gabe; jakintzat ematen da egingo dugula ohore bat delako», azaldu zuen Katixa Agirrek.

«Pelikula bat egiten duzu, baina ez dakizu beste bat egin ahal izango duzun, eta gu honetatik bizi gara» Jon garaño, zinemagilea

Debalde lan egiteko prest egoteaz gain, kritika guztiak kiroltasunez onartu behar ditu sortzaileak, oinarri eta fundamenturik gabeak barne. Horra hor prozesuaren amaiera ondorengo azken 'miseria', horrenbeste alde on dituen lanaren alde ez horren onaren beste aurpegi bat.

Erakusleiho ia bakarra

'Sortzaile' hitzaren adiera zabalaren alde egin zuten idazleak eta zinemagileak. Zabaltasun horren isla da Azoka, sortzaile ezagunen eta ekoizle handien planetaren ondoan bokazioz edo ezinbestean txikiak diren sateliteak biltzen dituen galaxia.

Urtean zehar ilargiaren aurpegi ezkutuan bizi diren asko Azokak jartzen ditu argitan. Ez da txikia izan behar horretarako. Erdigunetik aparte egotearen ondorio ere izan daiteke. Hori da, esaterako, Ipar Euskal Herriko argitaletxe eta diskoetxeen kasua. Denak elkarren ondoan daude Goienkalen, zortzi erakusmahaitan. Hor dira Ikas, Gatuzain, Agorila, Saroia, Seaska, ZTK, Maiatz... 46 berritasun ekarri dituzte guztien artean, urteko erakuslehio garrantzitsuena duten Azokara.

Maiatzeko Luzien Etxezaharretak 35 urte daramatza Bidasoa gurutzatzen –gaiaren inguruko solasaldi interesgarria izan zen atzo, bide batez–, eta dio badirela urtero-urtero aldizkariaren bila hurbiltzen diren bezero eta lagunak. «Hauxe dugu elkarrekin egoteko aukera bakarra». Durangoko egunek kontuen aldetik duten garrantzia ere ez du ukatzen.

Kontuak egindakoan ikusiko dute Alai argitaletxean ea merezi izan duen ahaleginak. Iaz hasi ziren euskarazko eta gaztelaniazko liburuak argitaratzen, eta aurtengoa dute aurreneko Azoka. Haur eta gazte literaturan eta euskara ikasten ari direnentzat propio sortutako liburuek osatzen dute eskaintza nagusia. Ostiralean erakusmahaian egotea egokitu zitzaion Aurelio Erdozainek badu esperientzia sektorean, eta badaki karta ia denak Durangon jokoan jartzea arrisku handiko ariketa dela. Igandean ikusiko du ea zer moduz joan zaien eskua.

Txikiagoak ere badira, jakina. Stand erdiarekin nahikoa dutenak, esate baterako. Batzuk ezinbestean dira txikiak, beste batzuk bokazioz, nahiago dutelako produktu gutxi batzuk ondo zaindu neurriz kanpoko abenturatan sartzea baino.

Luis Marianok tokirik ez

Inoiz baino indartsuago dagoen autoedizioaren gunean froga daiteke, dena den, sormenaren lurraldean tamaina ez dela horren garrantzitsua. Proposamen oso bereziak daude aurten. Tokia ere duinagoa dutenez, eta tarteka aurpegi ezagunen bat ere bai, bisitari ugari ari dira erakartzen.

Hala ere, kontuz ibili behar da salgai jartzen denarekin. Atzo Luis Marianok frantsesez kantatzen duen disko bat ezkutatu behar izan zuen Agorilak, behatzaileek 'Arauditik kanpo' zioen eranskailu horia jarri eta gero. Ez omen zen erretiratutako produktu bakarra izan.

Araudiaren arabera –arretaz irakurtzen bada, horrela da–, Arrangoitzen lurperatuta dagoen Mariano Eusebio González García irundarraren –hau da, Luis Marianoren– diskoa, egoitza Baionan duen etxe batek argitaratua, ez da Azokarako egokia. Eranskailu horirik gabe salgai zegoen Osakidetzaren anbulantzia bat irudikatzen duen jostailua, berriz, bai.

Amaitzen hasi DA!

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos