Sarean dira 'Nomofobikak' webserieko lehen bi atalak

Amaia Lizarralde eta Olatz Beobide, aurreneko kapituluko irudi batean. /
Amaia Lizarralde eta Olatz Beobide, aurreneko kapituluko irudi batean.

Amaia Lizarralde eta Olatz Beobide protagonista dituen saila umorez hurbiltzen zaio teknologia berriekiko menpekotasunari

Bilbao Seriesland webseriei emandako jaialdian aurkeztu ondoren, sarean da honezkero 'Nomofobikak', YouTuben duten kanalean. Teknologia berriekiko, zehazki mugikorrekiko, menpekotasuna umorez lantzen duen proiektuaren sei atal errodatu dituzte, baina ez dituzte denak jarri ikusgai aldi berean.

Hala, aurreneko bi atalak ikus daitezke oraingoz, eta ondoren joango dira gainerakoak gehitzen. 'Kattalink' eta 'Ayziber' dira hurrenez hurren bi kapituluok. Azken bi urteetan Euskal Herrian plazaz plaza ibili den antzezlanetik sortutako fruitua da 'Nomofobikak', antzezlanaren arrakastak animatuta egin baitute webseriea. Umorea lagun eta surrealismo ukitua galdu gabe, mugikorrera kateatuta dauden bi emakumeren gertaerak kontatzen dira, beren adikzioa gainditzeko-edo terapia esperimental batean parte hartuko dutenak biak.

Seriearen sortzaile eta protagonistak Amaia Lizarralde eta Olatz Beobide dira. Ekoizle exekutiboak ere badira, sortzaile taldeko Pedro Fuentes eta Joserra Camacho, gidoigilea eta errealizadorea, hurrenez hurren, direlarik. Lizarralde eta Beobidez gain, ikus-entzunezkoetan eta oholtzan ezagunak diren hainbat eta hainbat aktore ere agertzen dira webseriean, hala nola Asier Hernandez, Dorleta Urretabizkaia, Asier Oruesagasti, Eriz Alberdi, Telmo Irureta, Iñigo Aranburu, Ainara Ortega, Paco Sagarzazu , Ramon Agirre, Klara Badiola edota Yogurinha Borova. Aipatzekoa da halaber beste hainbatek ekarpena: kamera eta editore gisa ari den Xabier Perurenarena; grafismoaz arduratu den Iurre Aranbururena; estilismoaren ardura izan duen Beatritz Apaindegiarena; soinuarekin ibili den Anartz Beobiderena eta musika sortu duten Pascal Gaignerena. "Haien lana ezinbestekoa izan da 'Nomofobikak' webserieak aurre egiteko", nabarmendu dute egitasmoaren sustatzaile nagusiek.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos