Sagardo usaina dago Aquariumen

Erakusketaren inaugurazioa, Donostiako Aquariumean / Fraile

Bi hilabetetan zehar 'Sagardo ibaiak, bizitza iturri' erakusketa egongo da ikusgai

DVDonostia

Donostiako Aquariumera iritsi da ‘Sagardo ibaiak. Bizitza iturri’ erakusketa, Hernani, Usurbil eta Astigarragako herrietatik pasa ostean. Historian zehar Urumea eta Oria ibaien inguruan sagardoak, burdinak eta ontzigintzak izan duten garrantzia azaltzen da bertan.

Abenduaren 15era arte ikusi ahal izango da, Aquariumeko sarrera ordainduta, 10etatik 19etara.

Ezezagun diren hainbat kontu jakinarazten ditu erakusketak. Adibidez, aurreko mendeetan zazpi portu izan zirela Hernanin: Arbiza-Portu, Portu, Zikuñaga, Osiñaga, ‘Caparote’, Epele eta Fagollaga. Horietan, garrantzitsuena Portu zen. Udalaren jabetzakoa zenez, izaera eta erabilera anitzak izan zituen eta probintziaren barnealdea eta Nafarroa lotzeko balio izan zuen. Urumea, Leitzaran eta Oria bailaretako beharrei erantzuten zien. Hernanitik Donostiara burdina, sagardoa, surtako egurra, arraunak eta bestelako egurra garraiatzen zuten Urumea ibaitik.

Erakusketaren aurkezpen ekitaldian bertako komisarioa, Lourdes Odriozola, mintzatu da. Azpimarratu du hemeretzigarren mendera arte Gipuzkoako ekonomia indartsuagoa izan zela Bizkaikoa baino, hain zuzen ere ibai eta itsasoko jarduerei esker. Ontziola inportanteenak Deba eta Usurbilen zeuden, Pasai aldeko lehenbiziko ontziola handia Erregeak 1795ean eragindako Lezoko Borda la Bordakoa izan omen zen.

Halaber, erakusketak atal bat eskaintzen dio Murgiako markesari. Astigarragako handiki honek botere handia zeukan Urumea ibaiaren gobernuan.

Halaber, erakusketak agertzen du sagardoak zer-nolako garrantzia izan zuen marinelen elikaduran. Itsas bidaia luzeetan ura usteldu egiten zenez, sagardo asko eramaten zuten ontzietan: marineleko eta eguneko bi edo hiru litro.

Erakusketan Usurbilgo Artzabal-dolare-baserriaren maketa ikus daite, garai batean sagardo asko ekoitzitako eraikuntza, eta orain zaharren egoitza bihurtua. Halaber, Vicente de Lardizabal zirujauak 1769an idatzitako liburua dago ikusgai. Eskorbutoari eskainitako atalean sagardoa gomendatzen du mediku honek.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos