Ruper Ordorikaren kantuak, beste batzuen ahotsean

Ruper Ordorika. /A.A.
Ruper Ordorika. / A.A.

Ken Zazpik, Pettik, Ixiar Orejak eta beste zenbait kantarik omenduko dute oñatiarra martxoaren 14an, Bilboko Loraldia Festibalaren eta Izar&Star zikloaren barruan

Orain dela aste batzuk ospatu zen Donostian, Kutxa Kultur Klubean, Izar&Star zikloaren 100. kontzertua. 2011. urtean abiatu zenetik, nazioartean itzal handia lortutako bakarlari eta talde ugari omendu dituzte hainbat euskal musikarik, haiek lanak euren erara eskainiz. Euskal musikaririk ere izan da, jakina, omenduen artean, eta hurrengoa Ruper Ordorika izango da. Martxoaren 14an, Bilbon egiten ari den Loraldia euskal kultura garaikideari eskainitako festibalaren barruan, haren kanturik esanguratsuenak entzun ahal izango dira Kafe Antzokian, baina ez bere ahotsean, beste zenbait artistaren eskutik baizik.

Astearte honetan Kafe Antzokian bertan aurkeztu da 'Dabilen harriari so, azukre koxkorrak Ruper Ordorikarentzat' ikuskizuna. Aitor Narbaiza, Loraldia Festibaleko produkzio arduraduna; Javier Corral (Jerry), Izar&Star ekimeneko antolatzailea eta Mikel Uraken musikaria izan dira agerraldian, eta aurreratu dute martxoaren 14koa "gau festa" izango dela, "Ruper Ordorikaren zale eta jarraitzaileentzat galdu ezineko zita".

Aitor Narbaizak azaldu duenez, oraingo honetan izen handiko musikariak igoko dira oholtzara, hala nola Ken Zazpi; Petti, Balerdi Balerdirekin; Ixiar Oreja, ikuskizun honetarako bereziki kantagintzara itzuliko dena; eta, horiekin batera, artista gazteagoak, hala nola Mikel Uraken eta MICE, Miren Narbaiza.

Baina musikariez gain Bernardo Atxagak eta Fermin Etxegoienek ere hartuko dute parte omenaldian. Ruper Ordorikaren lagun handiak dira biak, eta entzuleei oñatiarraren unibertsoan murgiltzen lagunduko dien aurkezpen berezia prestatu dute.

Abestien artean, ez dira faltako 'Zaindu maite duzun hori', 'Hamabostean behin', 'Ene begiek', 'Martin Larralde', 'Halako gau batez' edo 'Hargiñenean' bezalako kantuak, baina sorpresarik ere izango da.

Martxoaren 14ko emanaldian, jatorrira itzuliko da neurri batean Izar&Star zikloa. Izan ere, 2011n, zikloaren hasieran, 80. hamarkadako euskal rock-aren kanturik berezienak bildu zituen Zarama taldeak. Era berean, Anje Duhaldek Errobiren kantuak berreskuratu zituen, eta Igelaren Bandak Izukaitz taldea izan zuen gogoan. Horiekin batera, kanpoko bakarlari eta talde ugarik izan dute tokia zikloan. Otsailean Donostian egin zen emanaldian, esaterako, Tom Petty, El Último de la Fila edota R.E.M. izan zituzten gogoan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos