Ramiro Arrueren maisulan ezkutua, Biarritzen ikusgai

'La Mère' 1920 inguruan margotu omen zuen Arruek. / Côte Basque Enchères

Jendaurrean ia inoiz erakutsi ez den 'La Mère' olio-pintura 243.000 euroan saldu zen joan den asteburuan, Donibane Lohizunen egindako enkantean

N. AZURMENDI

Bilbon jaio zen 1892 urtean Ramiro Arrue Valle, artista familian jaio ere (Ricardo eta Alberto anaiak ere izen handi samarreko artistak izan ziren), baina jaioterritik urrun egin zuen bizitza. Izan ere, ama zendu ondoren antigoalekoen salerosketatik bizi zen izeba batek -aitak ere oso gogoko zuen artea, eta bilduma bikaina zeukan-hartu zituen bere kargu mutikoak. Izebak Parisen zabaldu zuen denda, eta hara eraman zituen hiru anaiak. Prestakuntza Parisen burutu ondoren, Ipar Euskal Herrian finkatu zen Ramiro, Donibane Lohizunen. Bertan jarri zuen estudioa (Ziburun, zehazki) 1917an, bertan ezkondu zen, eta bertan hil zen 1971an, atzean sekulako produkzioa utzita, margogintzan nahiz marrazkigintzan, antzerkirako, dantzarako eta zinemarako atrezzoaren diseinuan edota zeramikan...

Hego Euskal Herriko museo nagusien funtsetan badaude noski ia modu esklusiboan euskal gaiak landu zituen eta XX. mendeko lehen hamarkadetan euskal ikonografia jakin bat finkatzen lagundu zuen margolariaren lanak, baina gehien-gehienak Frantzian daude barreiatuta, bilduma pribatuetan nagusiki. Horietako baten inguruan eraikia da hain zuzen Ramiro Arrueren izena daraman museo bakarra, Monacorekin muga egiten duen Cap d'Ail herriko etxe dotore batean dagoena.

Baionan eta Biarritzen

Uda honetan, indar handiz berpiztu da Ramiro Arrue Ipar Euskal Herrian. Beraxek sortzen lagundu zuen Baionako Euskal Museoan 'Shorlekua' erakusketa paratu dute, eta bertan jaso dituzte izen bereko balleterako dekoratu eta jantziak egiteko prestatu zituen marrazki originalak.

Irailaren 10ean itxiko den erakusketa txiki hori lotzen zaio irailaren 17ra arte Biarritzeko Le Bellevue gunean ikusgai dagoen 'Ramiro Arrue (1892-1971). Abangoardiaren eta tradizioaren bidegurutzean' erakusketari. Hor bai aurkezten dela Arrue bere zabaltasunean, zenbait museok eta bildumagile pribatu askok lagatako margolan eta bestelako piezei esker. 300dik gora dira margolanak, eta horietako asko oso gutxitan erakutsi dira jendaurrean, edo sekula ere ez.

Bada, ordea, pieza guztiz berezi bat, pare bat erakusketatan baino ikusi ez dena (Baionako Museoan 1926an, eta Pariseko galeria batean, Arrue hil eta hurrengo urtean). Pieza berezi hori da 'La Mère', ama, eta joan den asteburuan Donibane Lohizunen Côte Basque Enchères etxeak egindako enkantean lortu zuen Arrueren obra batengatik inoiz ordaindu den dirutza handiena: 243.000 euro. 80x100 zentimetroko olio-pinturaren hasierako prezioa 50.000-80.000 eurokoa zen, baina bistan da erosleen artean interes bizia sortu zuela Arrueren estilotik erabat urruntzen ez bada ere aparteko emozio eta sentiberatasuna islatzen duen lanak. Margolariaren orain arteko obrarik garestiena 2014ko abuztuan 145.000 euroan saldutako 'Les Pêcheurs au Port' zen.

Arruek 1926an erakutsi zuen lehen aldiz adituen ustez hamarkada haren hasieran margotutako koadroa Baionako Euskal Museoan, eta sekulako laudorioak jaso zituen. Erakusketatik erretiratzea erabaki zuen, ordea. Pierre Bouvet de Theze adiskideari saldu zion, eta haren familian egon da orduz geroztik.

Jabe berriak, agian, bere gozamenerako gordeko du aurpegian Modiglianiren trazak aurkitu dizkioten eta besoetan aurpegirik ikusten ez zaio umetxoa duen ama hori, baina ostiral honetatik irailaren 17ra edonork ikusi ahal izango du Biarritzen Arrueren maisulan ezkutua.

L'exposition "Shorlekua, Ballet Basque de Ramiro Arrue" présente une vingtaine de dessins originaux préparatoires des décors et costumes exécutés vers 1938 par l'artiste pour le spectacle éponyme, imaginé par le marquis d’Arcangues.

Elle fait écho à la grande exposition d’été de Biarritz, "Ramiro Arrue, 1892-1971. Entre avant-garde et tradition", programmée au Casino Bellevue, du 8 juillet au 17 septembre 2017 et dont Olivier Ribeton - conservateur en chef du Musée Basque -, est le commissaire.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos