Zazpi proposamen aukeratu dituzte Kimuak-en aurtengo katalogorako

'592 metroz goiti' filmari dagokio irudia./
'592 metroz goiti' filmari dagokio irudia.

21. edizioko katalogoan fikzioak eta dokumentalak dute tokia, «generoen arteko mugak hautsiz» zenbait kasutan

'592 metroz goiti', 'Ama', 'Ancora Lucciole', 'Espedizio handia', 'Kafenio Kastello', 'No me despertéis' eta 'Zain' film laburrak aukeratu dituzte Kimuak-en 21. edizioko katalogorako. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin antolatutako programara 78 proposamen aurkeztu dira aurtengoan.

Katalogoak, ohar baten bidez azaldu dutenez, «dokumentala eta fikzioa jasotzen ditu, generoen arteko mugak hautsiz zenbait kasutan». Hizkuntzei dagokienez, «filmetako bi euskara hutsean daude, beste bi euskaraz eta gaztelaniaz, bat euskaraz eta frantsesez, bat gaztelaniaz eta italieraz eta azken bat grekoz».

Aukeratutako filmak honako hauek dira:

'592 metroz goiti'. Maddi Barber (Iruñea, 1988) zinegileak zuzendu du Suitzako Visions du Réel jaialdi ospetsuan estreinatu den 25 minutuko dokumental hau. Egilearen Ikus-antropologia master bukaerako proiektu bezala hasi zen, eta «lurralde batek erabateko aldaketa jasaten duenean bertako biztanleek dituzten bizi aukerak aztertzen ditu, 1990. hamarkadan Itoitzeko urtegiak urperatu zituen inguruak behatuz». Izan ere, 592 metroko garaieran dagoen kotak bailara bitan zatitzen du: maila horren azpitik ura dago, goitik, bizitza. Leioako Doxa Producciones etxeak ekoiztu du dokumentala. Euskaraz eta gaztelaniaz errodatu zuten Nafarroako Pirinioen magalean, 2017ko udan. Maddi Barberren laugarren lana da.

'Ama' Josu Martinezek (Bilbo, 1986) zuzendu du. 'Gure oroitzapenak' Joseba Sarrionaindiaren obran oinarritutako film kolektiboko pieza bat da. Bilboko Adabaki produkzio etxeak bultzatu eta ekoiztu du proiektua. Filmak 1915eko udara eramaten gaitu, Baxe Nafarroako Baigorri herriko auzo urrun batean, gutun baten esperoan bizi den emakume baten etxera. Josu Martinez Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko komunikazio saileko ikertzaile eta irakaslea da. Zinemagintzan, sei dokumental luze zuzendu ditu. Lapurdin kokatutako Gastibeltza Filmak ekoiztetxearen sortzailea ere bada eta literatura mailan, hiru saiakera liburu publikatu ditu.

'Ancora lucciole', Maria Elorzaren dokumental berriak, gaztelania eta italiera nahasten ditu 1972an Pier Paolo Pasolinik ipurtargien desagerpenaz idatzitako hitzak gogora ekartzeko. Artikulua idatzi eta gutxira hil zuten Pasolini, eta ordutik, ipurtargiak ere desagertuz joan dira. Bada oraindik, baina, gogoratzen dituenik. Maria Elorza (Gasteiz, 1988) bigarren aldiz egongo da Kimuaken, 2016an Maider Fernandezekin osatzen duen Las chicas de Pasaik kolektiboaren 'Gure hormek' aurkeztu eta gero. Filmografia luzea dauka gasteiztarrak. Las chicas de Pasaik bezala sinatu ditu Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (2014, Aitor Gametxorekin batera zuzendua), Agosto sin ti (2015), Kalebegiak proiektuko La chica de la luz pasartea (2016) eta Gure hormek bera. Bere kabuz zenbait dokumental egin ditu, tartean Antología de conversaciones cotidianas (2011). Maria Elorza Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Bartzelonan eta Sormena eta Ikerketa Artean masterra egin zuen UPV-EHUn. Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan egiten du lana eta LUPA Dokumental Mostraren lantaldearen partaide eta Larrotxene Kultur Etxeko irakaslea ere bada.

'Espedizio handia'. Iban del Campo arrasatearra ere bigarren aldiz izan da aukeratua Kimuak programan, 2009an 'Dirty Martini' dokumentalarekin parte hartu zuen eta. Oraingo hau zientzia-fikziozko lana da. L'Estrange familia protagonista hartuz, gizakiak izarren hautsa baino gehiago izateko duen nahia behatzen du, familia hau espaziorako bidean jarraituz. Iban del Campo Ikus-entzunezko Komunikazioko irakaslea da Mondragon Unibertsitatean eta bertako ikasleek antolatzen duten Huhezinema euskal film laburren jaialdiaren sustatzaile eta koordinatzailea da.

'Kafenio Kastello' dokumental fikzionatua Miguel Ángel Jiménezek zuzendu eta Gasteizko Kinoskopik etxeak ekoiztu dute Kafenio Kastello dokumental fikzionatua. Atenaseko erdigunean, krisiaz eta suntsipenaz inguratuta bizi den pertsonaia talde txiki batek patu ilunari eusten dio, beraien arteko anaitasunari esker. Jiménezek (Madrid, 1979) 'Khorosho' aurkeztu zuen Kimuaken 2010ean. Bere lehen film laburra Aki Kaurismäkiren laguntzarekin egin zuen 2001 urtean eta 2007an Kinoskopik sortu zuen Gorka Gómez Andreu eta beste bi bazkiderekin batera. Orain Sumendia fikzioa prestatzen ari da, Bilbo eta Grezia artean grabatuko dena.

'No me despertéis' Sara Fantova (Bilbo, 1993) zinegile gaztearen lehen filma da. Euskaraz eta gaztelaniaz errodatuta dago eta Bartzelonako ESCAC zinema eskolako gradu bukaerako lana da. Esperientzia pertsonal batetik abiatuta sortu du lana. Jone DBH 4. mailako ikaslea da. 2009ko Bilbora eramaten gaitu, protagonistaren institutuan arnasten den giro abertzale eta aldarrikatzailera. Grebak eta manifestaldiak ohiko ekintzak dira nerabeen artean, baina Joneren errealitatea oso bestelakoa da.

'Zain', berriz, Pello Gutiérrez (Donostia, 1979) sortzaileak zuzendu du Kaurismäkiren estetika jarraituta, bakardadearen erretratu gordin baina samurra egiten du komedia triste honek. Zazpi T'erdi ekoiztetxeko sortzailea da Pello Gutiérrez, David Aguilarrekin batera. 2007tik, ez-fikzioa eta mugako generoak landu dituzte eta ekoiztutako lanekin (Nao Yik, Mara mara, Converso) hainbat nazioarteko sari jaso dituzte.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos