Lau pieza berri txistu errepertorioa zabaltzen jarraitzeko

Ezkerretik eskuinera, Garikoitz Mendizabal (Bilboko Bandako zuzendaria eta aurreneko txistua); Urtzi Iraizoz (bigarren saritua); Luis Elizalde (hirugarren saritua); Idoia Kareaga (Bilboko Bandako bigarren txistua); José María Bastida (obra atzo estreinatu zuen konpositorea); Gorka Zabaleta (Bilboko Bandako silbotea); Sabik Bikandi (Bilboko Bandako silbotea); eta Asier García (Bilboko Bandako perkusioa)./
Ezkerretik eskuinera, Garikoitz Mendizabal (Bilboko Bandako zuzendaria eta aurreneko txistua); Urtzi Iraizoz (bigarren saritua); Luis Elizalde (hirugarren saritua); Idoia Kareaga (Bilboko Bandako bigarren txistua); José María Bastida (obra atzo estreinatu zuen konpositorea); Gorka Zabaleta (Bilboko Bandako silbotea); Sabik Bikandi (Bilboko Bandako silbotea); eta Asier García (Bilboko Bandako perkusioa).

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak Txistu Bandarako I. Konposizio Lehiaketako sariak banatu ditu. Aurrenekoa eman gabe gelditu da; bigarrena Urtzi Iraizozek irabazi du, eta hirugarrena Luis Elizaldek

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak, txistu errepertoria bildu, osatu eta zabaltzeko egiten duen lanaren barruan, Txistu Bandarako Konposizio Lehiaketa deitu du aurten lehen aldiz. Urtarrilean argitaratu zituen oinarriak. Irailean bildu zen epaimahaia, eta astelehen iluntzean egin ziren Bilboko Euskalduna Jauregian sari-banaketa ekitaldia eta kontzertua. Aurreneko saria eman gabe geratu da, Urtzi Iraizozek jaso du bigarren saria, eta Luis Elizaldek hirugarrena.

Urtzi Iraizoz Lesakan jaio zen 1983an. Txistu ikasketak herriko musika eskolan hasi zituen eta Pablo Sarasate Kontserbatorioan jarraitu, Erdi Mailako Titulua eskuratuz. Konposiziokoak Musikenen amaitu zituen eta, egun, irakasle gisa dihardu Iruñeko Kontserbatorio Profesionalean. Lan saritua 'Uztail' izan da, "uda giroko egun-pasa batean bizitutakoak musikan jartzen saiatzen den lana".

Hirugarren saria eskuratu duen Luis Elizalde ere nafarra da, 1940an Zangozan jaioa. Bost urtez Erroman ikasi zuen, eta Madrilen osatu zituen ikasketak. Orkestra zuzendaritza ikasi zuen Enrique García Asensiorekin, musikologia Samuel Rubiorekin, folklorea Manuel García Matosekin, klabezina Genoveva Gálvezekin, perkusioa Martín Porrásekin, eta konposizio ikasketekin jarraitu zuen Antón García Abrilekin. Hamabost urtez organo irakasle eta zuzendari izan zen Musika Sakraturako eta Pedagogia Musikalerako Goi Mailako Eskolan, Madrilen, eta Tesoro Sacro Musical eta Melodías aldizkarietan. Flauta Gozorako umeentzako hiru metodo idatzi ditu, beste hiru Eskola Kanturako (oinarrizko lengoaia musikala), eta beste bi txisturako (Aurrak, jo txistua!). 'Passacaglia eta Fuga' lan sariturako J.S.Bach-en organorako Do minorreko Passacaglia et thme fugatum obratik sortutako ideia izan zuen oinarri, eta Agur, Jesusen Ama kantuaren aurreneko esalditik gaia hartuta, 29 bariazio eta fuga bat sortu ditu autoreak.

Bi sari, lau estreinaldi

Ekitaldian Bilboko Udal Txistulari Bandak konposizio lehiaketan aurkeztu diren obretatik lau jo zituen estreinakoz: José María Bastida Ibañezen 'Jai Erronda'; Xabier Otaolearen 'Historia de la Caverna'; Luis Elizalderen 'Passacaglia eta Fuga'; eta Urtzi Iraizozen 'Uztail'.

Iraizozek Elkarteko lehendakariaren, Iñaki Egurenen eskutik jaso zuen saria, eta okasioa aprobetxatu zuen "horrelako lehiaketak antolatzeagatik eskerrak" emateko. "Txistulari eta konpositore naizen aldetik, niretzako ohorea da horrelako saria jasotzea. Uste dut horrelako gehiago behar direla", gaineratu zuen.

Saritutako obrez gain, beste bi ere estreinatu ziren atzokoan. Izan ere, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak, besteak beste, txistu errepertorioa bildu, osatu eta zabaltzeko lana egiten du, eta horretarako, ezinbestekoa du urtean lau aldiz bazkideentzako argitaratzen duen 'Txistulari' aldizkaria. Horregatik, epaimahaiak, saritutako obrez gain, beste bi aukeratu zituen, Txistulari aldizkarian argitaratu daitezen.

Kontzertuaren amaieran, antolatzaileek eskerrak eman zizkieten Bilbao Musika eta Bilboko Udal Txistulari Bandari, eta Eresbil musika artxiboari eta Eusko Jaurlaritzari, konposizio lehiaketa hau antolatzen laguntzeagatik, eta jakinarazi zuten datorren urteko konposizio lehiaketarako oinarriak prestatzen hasiak direla. Aldaketaren bat edo beste egitea aurreikusten dutela. Laster emango omen dute horren berri.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos