Perurena eta Junkera, harria eta trikia, elkarrekin Donostian

Iñaki Perurena eta Kepa Junkera.

'Trikiharria' emanaldia eskainiko dute astelehenean Koldo Mitxelenan, MondragonLinguaren 'Topaketalk' jardunaldien atariko gisa

Harriaren eta trikitixaren inguruko ekitaldi guztiz berezi baten protagonista izango dira astelehean, irailaren 25ean, Iñaki Perurena eta Kepa Junkera, Donostian burutuko den saioan. Emanaldia Koldo Mitxelena Kulturgunean egingo da, 19:00etatik aurrera, MondragonLinguaren 'Tokaketalk' jardunaldien atariko gisa. 'Trikiharria' izendatu duten performancean, harri-jasotzaileak bakarrizketa pertsonal bat eskainiko du, eta trikitilariak ekitaldirako propio konposatu dituen piezak interpretatuko ditu

Emanaldia MondragonLinguak antolatutako jardunaldi-zikloaren hasiera izango da eta, antolatzaileek ohar baten bidez azaldu dutenez, "ikuspegi emozional batetik jorratuko da sormen artistikoaren eta hizkuntzen arteko komunikazioa". Hilaren 27an Gasteizko Artium Museoan prentsaurrekoan aurkeztuko diren jardunaldi horiek Euskadiko hainbat udalerritan eskainiko dira urrian zehar eta, besteak beste, Gorka Urbizu, Izaro edo Txaro Arrazola artistek eta Alberto Iñurrategi kirolariak hartuko dute parte. Argitu dutenez, "ez dira betiko hitzaldiak izango, formatu originalak dituzten diziplina anitzeko ekintzak baizik".

Aurreneko aldiz Donostian emango den 'Trikiharria', berriz, "gure jatorriaren edo kulturari buruzko ahozko hausnarketa eta zuzeneko musika bateratzen dituen ekitaldia da". Esan bezala, Leitzako harri-jasotzaileak harriaren inguruko zenbait kontu botako ditu euskaraz eta bederatzi atal laburretan. "41 urte harriarekin ibili eta gero, asko dauka Perurenak harriaren inguruan esateko. Gaia bere osotasunean hartuta, karga autobiografiko handia duen bakarrizketa bat prestatu du. Izan ere, kirolari baten barruko sentimenduak azalaraziko ditu, bederatzi atal ezberdinetan: nere harriak, harri-aroak, harribitxiak, harria ikasgai, harria bidelagun, harria irakasle...", dio oharrak.

Kepa Junkera trikitilari bizkaitarrak saio honetarako bereziki konposatutako doinu berriekin tartekatuko da bakarrizketa. Donostian ez ezik, Bilbon eta Gasteizen ere eskainiko da ekitaldia urriaren 4an eta 5ean hurrenez hurren. Sarrera doan izango da tokia bete arte, baina aldez aurretik izena eman beharko da MondragonLingua zentroetan edo www.mondragonlingua.com webgunean.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos