Paleolitikoari buruzko museo garrantzitsuenak Gipuzkoan bilduko dira

Carlos Olaetxea, Maria Jose Telleria eta Juanjo Aramburu, ekimenaren aurkezpenean./G.F.A.
Carlos Olaetxea, Maria Jose Telleria eta Juanjo Aramburu, ekimenaren aurkezpenean. / G.F.A.

Apiriletik ekainera bitartean, berriz, Izotz Aroko aurkikuntza ikusgarrienen irudiak biltzen dituena #IceAgeEuropeNow erakusketa ikusgai egongo da Donostian

Europa mailan paleolitoaren inguruko informazioa biltzen eta zabaltzen duten 18 museo garrantzitsuenak, Ice Age Europe museo sarea osatzen dutenak, Gipuzkoan egingo dute urteroko bilera. Gordailuak eta Ekainberrik hartuko dituzte saioak.

Ekainberrik bere burua proposatu zuen 2018ko lehen bilera antolatzeko egoitza gisa, eta ekitaldia bere hamargarren urteurreneko ospakizunen barruan sartzeko asmoz. Horren bidez, sareko kideei gonbita egin nahi izan zaie, 2008an inauguratu zenetik hamar urte bete diren honetan, Ekain kobazuloaren erreplikaren inguruko errealitatea ezagut dezaten.

Kultura zuzendari Maria Jose Telleriak, Gordailuko zuzendari Carlos Olaetxeak eta Ekainberriko gerente Juanjo Aramburuk aurkeztu dituzte aste honetan Gipuzkoan izango den Ice Age Europe Museo Sarearen urteroko bilera eta #IceAgeEuropeNow erakusketa. Azken hori apirilaren 24tik ekainaren 10era egongo da ikusgai Donostiako Zuloaga plazan, San Telmo Museoaren parean.

Bost urte dira sarea osatu zela eta, zentro bakoitzeko esperientzia partekatzeko egiten diren bileraz gain, jarduera berriak jarri dira abian, hala nola, Ice Age Europe aldizkari berria eta #Ice Age Europe Now erakusketa, Bastida/Bastide–La Clairencera iritsiko dena Isturitze-Otsozelaia Haitzuloen eskutik eta Donostiara, esan bezala, apirilean. Euskal Herria ere presente dago sarean Ekainberri, Isturitze-Otsozelaiako Haitzulo eta Santimamiñeko haitzuloen bitartez.

Gordailuan egingo den bileran Prehistomuseum (Belgika), Krapina Neanderthal Museum (Kroazia), Isturitze-Otsozelaia eta Musée de l’Homme de Neanderthal la Chapelle aux Saints (Frantzia), Palaön eta Neandertal Museum (Alemania), MUSE-Museo delle Science (Italia), Santimamiñe, Ekainberri, La Roca del Bous, Altamira eta Cenieh (Espainia) eta Kents Cavern eta Gibraltar Museum (Erresuma Batua) izango dira..

Bileraren barneko jardueren artean Lezetxikiko Paleolito garaiko aztarnategi garrantzitsura bisitaldi bat programatu da Alvaro Arrizabalaga doktorearen eskutik. Ostegun arratsaldean, meetingaren ondoren, bileren egoitza den Gordailura bisita gidatua eskainiko zaie. Ostiral arratsaldean, taldeak Ekainberri bisitatuko dute eta, larunbatean, talde osoa Iparraldera mugituko da Isturitze eta Otsozelaiako haitzuloak bisitatu ahal izateko. #IceAgeEuropeNow erakusketaren inaugurazioan ere parte hartuko dute. Erakusketa hori Trentotik (Italiatik) dator.

Erakusketa ibiltaria

Donostiara etorriko den erakusketa mundu mailan oso ezaguna den Alemaniako Mettmanneko Neanderthal Museumen inauguratu. Handik aurrera bidaiatzen aritu da Kroazia, Italia, Frantzia, Espainia eta Gibraltarren zehar. Erakusketa gutxienez Europako 15 toki ezberdinetan ikusteko aukera izango da.

Oharrak dioenez, "erakusketan kalitate handiko eta formatu handiko argazkiak ikus ahal izango dira. Argazki horietan, aurkikuntza txundigarriak, aparteko objektuak eta iragana eta orainaren arteko lotura sinesgaitzak ikusiko dira. Erakusketaren bidez, gure Europako kultur ondare komuna zabaldu eta esperimentatu nahi dugu eta Izotz Aroko ondarea guretzat zein gertukoa den jakinarazi".

Donostiako Zuloaga plazan dagoen bitartean, astearte, larunbat eta igandetan, Ekainberriko langileek, San Telmoko Museoarekin elkarlanean, bisita gidatuak eta erakustaldi edo tailer desberdinak egingo dituzte; horiei esker, bisitariek aukera izango dute historiaurreko errealitatera eta inguruan UNESCOk gizadiaren ondare izendatutako Ekaingo margo zoragarriak utzi zizkiguten gizakiengana gerturatzeko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos