Pailazoek eta beste zenbaitek omenaldi Joan Mari Irigoieni

Talde zabala bildu zen disko-liburuaren aurkezpenean, Irigoien omendua barne./UNANUE
Talde zabala bildu zen disko-liburuaren aurkezpenean, Irigoien omendua barne. / UNANUE

Haren testuak hartuta, disko-liburua plazaratu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, orain ere Xabier Zabalaren doinuekin

FELIX IBARGUTXI

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 'Antzinako zuhaitza' disko-liburua plazaratu dute, Joan Mari Irigoien idazlearen omenezkoa. Batik bat haren 'Metak eta kometak' liburuko testuak hartu dituzte abestiak egiteko garaian, eta Xabier Zabala arduratu da doinuez, beste askotan bezala. Badaude testu errezitatuak ere, eta lan hori Xabier Amurizak egin du. Liburu ilustratua da eta marrazkiak Jose Luis Zumetak egin du. Hain zuzen ere Zumeta Arte Estudioan aurkeztu da emaitza, Usurbilen.

Jakina denez, badira urte batzuk Joan Mari Irigoieni esklerosia antzeman ziotela, eta gaur egun ez da idazteko gai. Hala ere, bera arduratu da testuen aukeraketaz. Orain dela hilabete batzuk Goierriko irakurle-taldeek egin zioten omenaldi.

'Arbola nahi nuke izan' du izenburu disko-liburuko testuetako batek, eta ideia horixe aukeratu dute emaitza izendatzeko. Honela hasten da testua: «Zuhaitz bat naiz, eta gogoratu, gizakiak, gogoratu: ni hiltzen naizenean edo hiltzen nautenean, bi zuhaitz landatu».

«Joan Marirengan ume bat ikusten dugu, heldu bat, naturarekiko, herriarekiko, hizkuntzarekiko ardura duena. Oparia egin nahi genion Joan Mariri, geure buruari eta herriari», adierazi du Porrotx pailazoak. Gaineratu du laster 30 urte beteko dituztela talde moduan.

Liburuari hasiera ematen diona Maider Irigoien 'Pintto'-ren testu bat da. Joan Mariren iloba da, Imanol Irigoien pintore eta idazlearen alaba, eta Joan Mariren erretratua egin du. Hau dio, besteak beste: «Ziur dakidan bakarra da ni poz-pozik ibiltzen naizela berarekin eta beste guztientzat xelebrekeriak diren gauza dibertigarri asko irakatsi dizkidala: zuhaitzak besoekin inguratuaz unibertsoa besarkatzen, lupa txiki batekin lore edo harrien ezkutuko altxorrak ikusten edo errekatxo baten ondoan munduko kontzerturik onenak entzuten».

"Umore erraldoia"

Amuriza honela mintzatu da aurkezpen-ekitaldian: «Emozio handiz nago proiektu honetan parte hartu izanagatik». Bertsolariak zuhaitzaren gorazarrea egin du baita ere: «Zuhaitzean egotea bezalako sentsazio barnerakoirik ez dago. Zuhaitz hostoduna harrigarria da, baina biluzten denean are harrigarriagoa da. Orduan bertebraturik ikusten ditugu artearen posizio guztiak. Ihartzen da, baina ez da hiltzen. Ihartu eta hil bitartean ere bizitza luzea du».

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen oso aspaldiko kolaboratzailea da Xabier Zabala konpositore zarauztarra. Orain ere berak egin ditu abesti guztietako doinuak. «Horrelakoetan, lehenik barneratu egin behar duzu testua, eta sentitu», esan du.

Grabazioa Garate estudioan egin zuten, Kaki Arkarazo eta Mikel Abregorekin. Joan Mari Irigoienen «umore erraldoiak» harritu omen du gehien Arkarazo.

Esan bezala, Jose Luis Zumetaren ilustrazioak dakartza disko-liburuak. Haren ordez, alaba Usoak eman ditu azalpenak. «Batzuetan, hitz konkretuei eutsita egin ditu marrazkiak aitak. Beste batzuetan, era poetikoago batean».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos