Paddy Rekalde eta Beatriz Chiviteren poemetan mamituko dira 'Poesia Orduak'

Miren Azkarate, Jasone Osoro eta Beatriz Chivite ekimenaren aurkezpenean. Aurrean, Iker Aiestaranek diseinatutako kartela. /
Miren Azkarate, Jasone Osoro eta Beatriz Chivite ekimenaren aurkezpenean. Aurrean, Iker Aiestaranek diseinatutako kartela.

Errezitaldi bana eskainiko dute irailaren 4 eta 5ean Donostiako Victoria Eugenian, Euskal Jaien baitan antolatutako ekimenean

N. AZURMENDI

Euskal Jaien sorreran pixka bat arakatzen bada, azala asko urratu gabe aurkituko da poesiaren arrastoa, euskal ohiturak eta kultura goresteko sortu ziren jai horien lehen sustatzailetzat jo daitekeen Anton Abbadiak (Dublin, 1810-Paris, 1897) literaturaren inguruan sortu baitzituen, literatura ardatz zuten Okzitania eta Kataluniako ereduetan oinarrituta.

Gaur egun egiten diren Euskal Jai nagusietan aspaldi hartu zioten aurrea poesiari kirolak, janak eta edanak, baina kulturak jarraitzen du bere tartea izaten. Donostiakoei dagokienez, literaturaren ekarpena nabarmendu duMiren Azkarate Kultura zinegotziak irailaren 4 eta 5ean egingo den 'Poesia Orduak' ekimenaren aurkezpenean.

2007az geroztik Donostiako Udalak eta Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen dituzten saioetan "apustua kalitatea izan da beti", EIEko lehendakari Jasone Osorok adierazi duenez. Urte batetik bestera txandakatu dira poetak, eta formatuak ere aldatu dira, baina beti proposatu izan dituzte saio zainduak, poesia eta beste espresiobide batzuk uztartu dituzten ikuskizunak.

Funtsezko osagaia, baina, poetaren ahotsa da, eta aurten bi ahots nahiko desberdin elkartu dituzte: Paddy Rekalde (Deustu, 1964) eskarmen bizkaitarrarena eta lehen urratsak egiten ari den Beatriz Chivite (Iruñea, 1991) nafarrarena. Rekalderen esku egongo da lehen emanaldia, irailaren 4koa, eta biharamunean egingo, 5ean, Chiviteren poemen irakurraldia.

Gonbidapena behar

Bi saioak 19:30ean hasiko dira. Doakoak dira, aretoa bete arte. Gonbidapenak Victoria Eugeniako lehiatilan banatuko dira emanaldien egunetan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Paddy Rekalderen 'Jukebox EkaHitza' ez da proiektu berri-berria. Formatua ere ez du ezezaguna, aspalditxo ekin baitzion poemak, musika eta beste adierazpen artistiko batzuk elkartzeari. Datorren astelehenean Donostian aurkeztuko dituenak 'Spray' (Susa, 2011) liburukoak dira, liburutik kanpo ere dezente ibili direnak, Itsua DJ eta produktore durangarraren musika eta Oier Floresen ikus-entzunezkoa lagun. Binilo bat ere egin zuten Rekaldek eta Itsuak lankidetza horretan oinarrituta . "Poesia egiten dut saiatzen naizelako irakurlea astintzen", esan du Rekaldek aurkezpenean, eta gogoratu du bere poemak direla "indartsuak, mutur batetik bestera doazenak; oso gogorrak, edo oso gozoak". Jantzi musikala, berriz, elektronikoa izango dute, "dub, drum & bass, horrelakoak...".

Musika elektronikoak izango du halaber tartea Beatriz Chivitek irailaren 5ean eskainiko duen 'Pekineko kea' errezitaldian. Pamielaren eskutik martxoan argitaratutako izenburu bereko liburuan oinarrituta dago, eta lehen aldiz egingo du horien irakurketa osoa. Txinatar Filologian eta Ekialdeko Arte Historian lizentziatua da Chivite, eta Txinan bizi zela idatzi zituen Donostian esango dituen "ekialdeko literaturaren ukitua duten olerki xumeak". Beste horrenbeste gairen inguruko sei atal motzetan emango ditu, saio "oso minimalista eta oso lasaiean". Paula Olazek eta Javier López Jasok ekitaldirako propio konposatu duten musikak ere "ekialdeko sonoritatea" izango du. Mar González Ruiz de Larramendiren bideoak girotuta, "Euskal Herria eta Txinaren arteko zubia" eraikiko dute.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos