Ostegunez ostegun, Iparraldea bertan

Ezkerrean Juliette, eskuinean Pauline. Datorren ostegunean izango dira Donostian./
Ezkerrean Juliette, eskuinean Pauline. Datorren ostegunean izango dira Donostian.

17. ediziora iritsi da Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Euskal Kultur Erakundeak Donostian antolatzen duten zikloa

Martxoko ostegunetan Iparraldea bertan izango dute Donostian, Foru Aldundiaren baitako Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak elkarrekin antolatzen duten kultur topaketaren 17. edizioari esker.

Lehenengo hitzordua, Pauline eta Juliette bikotearen kontzertua, ostegun honetan izango da, martxoaren 1ean. Oso gazteak dira biak, 23 urte baititu Kanboko Paulinek, eta 19 Itsasuko Juliettek. Duela gutxi argitaratu dute aurreneko diskoa Agorila etxearen eskutik, 'Hegaldaka' izenarekin, baina aurretik ere arrakasta handia zuen bikoteak Ipar Euskal Herrian. Folk estiloko kantuek osatzen dute batik kantari bikainak ez ezik musikari trebeak ere badiren artiston errepertorioa. Euskara da nagusi, baina frantses kantari ezagunen batzuen piezak ere tartekatu ohi dituzte. Kontzertua, gainerako emanaldi guztiak bezala, 19:00etan hasiko da.

Bigarren hitzorduko protagonista, martxoaren 8an, Estitxuizango da, oraindik orain Frank Dolosor kazetariak eta Iban Gonzalez zuzendariak Estibaliz Róbles Arangiz (1944-1993) kantariari buruz egin duten dokumental bikaina emango baita Koldo Mitxelenan. Hil zeneko 25 urte betetzen diren honetan, Estitxu ezagutu, maitatu eta miretsi zuten askoren testigantzak ez ezik abeslariaren beraren hitzak entzuteko eta irudi hunkigarriak ikusteko aukera bikaina da Baleukok ekoitzitako dokumentala.

Martxoaren 15ean, berriz, pianoa, kantua eta poesia uztartuko dituen ikuskizuna eskainiko da 'Iparraldea bertan' zikloaren baitan. 'Harian' du izenburua eta Elodie Baffalio pianista eta Maika Etxekopar errezitatzailea dira oholtzara igoko diren artistak. Aspaldiko adiskideak dira biak, eta sorkuntza honen bidez beraien ibilbide artistikoak gurutzatzea erabaki dute. Ikuskizunaren haria bizitzaren oreka da, eta 'oreka dinamikoa' deitzen dutena adierazteko Itxaro Borda, Joxean Artze, Xabier Lete, Goliarda Sapienza, Attuli eta besteren poemak baliatuko dituzte.

2018ko edizioa martxoaren 22an amaituko da, Bidaia taldearen kontzertuarekin. 'Hitza' disko berrian oinarritutako saioan, Euskal Herriko melodiak eta munduko beste soinu batzuk uztartuko dituzte Mixel Ducau eta Caroline Phillipsek. Taldea osatzen dute Matthieu Haramboure eta Fred Faurek.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos