Orfeoiko haur kanturako eskola sortu eta txalapartaren inguruko tesia egindakoak sarituko dituzte

Argibel Euba ikertzailea /
Argibel Euba ikertzailea

Guadalupe Díaz irakaslea eta Argibel Euba ikertzailea dira Donostiako Orfeoiak eta EHUk banatutako sariaren irabazleak

Guadalupe Díaz García irakasleak eta Argibel Euba Ugalde ikertzaileak jasoko dute Donostiako Orfeoiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak banatzen duten saria. Aurten hamazazpigarren edizioa du honek, helburu bikoitzarekin sortu zena: batetik, sormen musikalean egindako ibilbide profesionala aintzatestea, eta, bestetik, ikerkuntza musikala sustatzea.

Horrela, Donostiako Orfeoiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) artean sinatutako hitzarmenaren jarraipen batzordeak osatutako epaimahaiak erabaki du saria Guadalupe Díaz irakasleari ematea, irakaskuntza musikalean izandako ibilbide eta egindako lan nabarmenarengatik. Halaber, Argibel Euba ikertzaileak ere saria jasoko du, 'Txalaparta: musika praktika baten azterketa' izeneko doktorego tesiari esker.

Sariak emateko ekitaldia hilaren 13an egingo da, 19.00etan hasita, EHUko Ignacio Maria Barriola eraikineko auditoriumean, Donostian. Ekitaldi akademikoan zehar, Jose Maria Etxarri Donostiako Orfeoiko presidenteak eta Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreordeak hartuko dute parte. Amaieran, Donostiako Orfeoiak emanaldi irekia eskainiko du ohiko errepertorioaren kantak interpretatuz.

Guadalupe Díaz García irakasleak Kodály metodoa ikasi eta umeen prestakuntza musikalean aplikatu zuen. Orfeoiko haur kanturako eskola jarri zuen martxan bost eta zortzi urte bitarteko umeentzat, oinarrizko prestakuntza musikala eskaini eta, gerora, Orfeoi Txikiko kide izan zitezen. Ikasgela haietako ikasle asko eta asko Orfeoi Txikiko eta Orfeoiko bereko kide izan dira. Ekimen honetan jardun zen 1992an sortu zenetik erretiroa hartu zuen arte, 2000n.

Bestalde, Argibel Euba Ugarte ikertzaileak doktore titulua jaso zuen EHUn 2017an, txalapartaren espezifikotasun kultural eta historikoa jorratzen duen lanarekin, musika tresnak Donostiarekin eta bertako erakundeekin 1960ko hamarkadan euskal kulturaren errenaisantzan izandako harreman estua azaleratuz.

Musikologiako ikasketa aurreratuei buruzko diploma (EHU, 2006), Etnomusikologiako masterra (Goldsmiths-University of London, 2004) eta Artearen Historiako (EHU, 2003) eta Gizarte eta Kultur Antropologiako lizentziaturak (EHU, 2001) ditu Eubak. 2016an argitara eman zuen EHU 'BASKER: 1960ko hamarkadako euskal kulturari buruzko suediar dokumentalak' izeneko ikerlana.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos