«Orain hasten da benetan Urmara»

Koldobika Jauregi, Urmarako paper-landareen baratzean. / JOSÉ MARI LÓPEZ

Datorren astean papergintza- eta xilografia-ikastaroa eskainiko du Alkizako bere 'Urmara' espazioan Koldobika Jauregi eskultoreak

FELIX IBARGUTXI

Koldobika Jauregi (Alkiza, 1959) oso ibilbide luzeko eskultorea da. Orain sei urte, Urmara izeneko espazioa zabaldu zuen Alkizako baso batean, eta hura bere artelanez janzten ari da poliki-poliki. Badago Thoreau pentsalari amerikarraren etxola gogorarazten duen toki bat ere, eta papergintza- eta xilografia-ikastaroa ere izan ohi da. Hain zuzen ere, datorren astean izango da ikastaro berria.

Esan zer izango den xilografia ikastaro hau.

–Laugarren urtea da egiten duguna. Saiatzen gara prozesu osoa erakusten. Hasteko, papera egiten dugu. Eta, bukatzeko, erakusten dugu paperean nola inprimatzen diren egindako plantxak eta grabatuak.

Eta papera egiteko zeure etxeko landareak, zeure zuntzak erabiltzen dituzue, ezta?

–Kasu guztietan ez. Baina bai, etxeko landareak ere erabiltzen ditugu. Egiten ditugu hala-moduzko paper batzuk eta baita oso onak diren ba-tzuk ere. Hori lehenengo egunean izaten da, eta uzten dugu papera lehortzen, oihal bat balitz bezala. Gero, bigarren egunean, plantxak prestatzen hasten gara. Handik aurrera, etortzen den jendearen arabera izan ohi da: batzuk izaten dira ezer ez dakitenak, beste batzuek badakite zerbait eta gauza konkreturen bategatik etortzen dira...

Zer paper-landare dituzu etxeko baratze horretan? Horietako bat papiroa, ala?

–Bai, papiro mota bat, zeren beste batzuk ez dira ondo egokitu hemengo eguraldira eta hemengo lurrera. Hemen negu partean izotzak jotzen du, eta izorratu izan dira landare batzuk. ‘Kozo’ izeneko landarea ere badugu, Japonia aldekoa eta oso paper ona egiten duena. Oso gustura dago eta arbola egin da. Urtero arbak kentzen dizkiogu, azala kendu eta harekin papera egiteko. Tetraplana izeneko landarea ere badaukagu, asko gustatzen zaiena astoei, bi aldiz jan digute eta.

Zure ikastaro hauetara etorritako jendeak ikasten jarraitu du gero?

–Batzuek bai, badakigu. Gu saiatzen gara oinarrizko gauzak ikas di-tzaten: adibidez, etxean nola berrerabili paper zaharrak eta kartoiak. Eta inprimatzeko modu erraz bat ere azaltzen diegu, tanpoien sistema, alegia. Xilografia, berriz, gauza konplexuagoa izaten da. Nolako jendea datorkigun, moldatu egiten gara. Iaz mutil bat azaldu zitzaigun, iktusa izandakoa eta zailtasun batzuk zituena. Azkenean lortu genuen berarekin gauza batzuk egitea. Bera pozik gelditu zen, eta gu gehiago! Egin nahi duenak beti aurkitzen du bidea.

Prozesu osoa erakusten dute ikastaroetan. / José Mari López

Eta, beraz, azken egunean inprimatu egiten duzue lehen eguneko paper horren gainean.

–Batzuek inprimatu egiten dute, beste batzuek marraztu. Eta gero etxera eramaten dute. Ikastaro express dira, azkarrak, baina informazioz beteak.

Eta igande honetantxe, eguerdiko 12etan, badago musika-saio bat.

–Bai, lagun hauek joko dute: Oihane Igerabidek (harpa), Iñaki Telleriak (perkusioa) eta Martí Varelak (biola). Doinu zelta batzuk aukeratu omen dituzte. Ondoren bazkaria egingo dugu, eta argibide gehiago nahi duenak hor dauka gure webgunea.

Urmara ari da sendotzen, ala?

–Esan genuen hasiera-fasea sei urtekoa ikusten genuela. Beraz, orain hasten da benetan Urmara. Gauzak sendotu egin dira, bai. Musikari asko inguratu zaizkigu, adibidez. Thoreauren inguruko proiektua ere indartu egin da; udazkenean zerbait egingo dugu, berrehun urte baitira jaio zela. Papera egiteko landareen lursaila handitu egin dugu aurten. Proiektu bat aurrera ateratzeko, jendea behar duzu, lagun asko, eta bai, ari da jendea inguratzen.

Esan izen batzuk.

–Jende asko dago hor laguntzen, izen handikoa ez dena, eta ezagun batzuen izenak esango dizut: Antonio Casado da Rocha, Thoreauren gaineko espezialista, eta Juan Kruz Igerabide idazlea. Honekin elkarlan batzuk egin ditut, Arantzazun ikusi ahal izan direnak. Baina, lehengora itzuliz, hor laguntzaile asko daude, besteak beste basoan lana egin dutenak, hor beti dago-eta zeozer egiteko. Juantxo Garmendia errementariak ere lagundu dit. Ez dakit... izenak esaten hasi eta asko utziko ditut kanpoan, eta hurrengo afarian belarriak berotuko dizkidate.

Uste dut berrikuntzak egon direla Urmaran azken urte honetan.

–Beno, egin ditugu gauza batzuk, gure posibilitateen barruan. Erdi-erdian harrobi txiki bat daukagu, eta inguru horretan lur batzuk mugitu ditugu, baina datorren urtean bukatuko diren lanak dira. Dagoeneko bisita daiteke harrobi alde hori, magia handiko parajea da.

Eta horko harriarekin egin dituzu eskultura batzuk, orain Donostiako arte-galeria batean, Ekainen, ikus daitezkeenak.

–Bai, halaxe da. Zera egin nuen, harria hartu eta zati bat bere horretan utzi, eta beste bat moztu eta lisatu; eta burdinazko elementuren bat erantsi. Thoreauren espaziora bi burdin handi jaitsi ditugu, fundiziozko bi pieza handi. Aurten, Diputazioak laguntza eman digu sartzeko beste bost granito basoaren barruan. Jadanik ikus daitezke. Urtero eskatzen diogu laguntza Diputazioari, eta hortik kostuaren erdia lortzen dugu. Badakizu zer gertatzen den? Gure artelan-depositua oso handia da, berrogei urte pasa baitira hasi nintzenetik. Ea ba, poliki-poliki Urmaran gero eta artelan gehiago ipintzen ditugun. Horrek eskatzen du zorua egokitzea, hau baso bat da eta.

Urkiolan harrapatu zaitugu. Azaldu zertan ari zaren.

–Urkiolako puntan gaude. Telmo Esnalen ‘Dantza’ filmatzen ari gara, eta ni horko zuzendari artistikoa naiz. Dantzez, berriz, Juan Antonio Urbeltz arduratu da. Arropak diseinatu ditut, orrazkerak, atrezzoa, makillajea... Momentu honetan zinta-dantza eta sagar-dantza filmatzera goaz.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos