«Orain dela lau urteko finalak eman zidan sarbide bat jende askoren gogora»

Aitor Mendiluze, aste honetan Bertsozale Elkartearen egoitzan./IÑIGO ROYO
Aitor Mendiluze, aste honetan Bertsozale Elkartearen egoitzan. / IÑIGO ROYO

«Jendearen txalo gozoek bultza egin zidaten buruz burukoan saio on bat egiteko», dio Aitor Mendiluze txapedunordeak BECeko finala gogoratzean

FELIX IBARGUTXIAmasa-Villabona

Azken hogei urteetan jokatu diren sei Bertsolari Txapelketa Nagusietan hartu du parte Aitor Mendiluzek (Andoain, 1975). Bigarrena gelditu zen lehengo igandeko finalean. Egunotan kantaldi asko izango ditu han eta hemen.

–Nonbaiten irakurri dut zuen aita oso bertsozalea zela.

–Eta bertsotan ere egiten zuen pixka bat, baina jendaurrean sekula ez. Txukun egiten zuen, nik hori gerora jakin nuen. Amona ere oso bertsozalea zen.

–Eta amonak zuen aitari pasako zion zaletasuna.

–Aita Igeldokoa zen eta han bertso asko entzungo zuen, nik uste. Igeldon izaten omen zen bertso giroa tabernetan-eta.

–Mutikotan aitarekin bertsotan egiten omen zenuen sukaldean, biak parez pare.

–Baina hori izan zen bertso eskolan eta eskolarteko txapelketan hasi eta gerora. Hamahiru bat urte nituela izango zen. Beretzat bazen transmisio modu berezi bat, eta niretzat ere berezia, noski.

–Interesa agertzen zuen aitak. Hori bultzada izango zen zuretzat.

–Amak ere bultzatu ninduen. Berak euskaraz ez du egiten, baina ulertu egiten du dexente, eta nik bertso-eskolaren batean hasi nahi nuela esan orduko bera hasi zen mugitzen. Aitak bertsolaritza ezagutu egiten zuen, eta amak, berriz, miretsi.

–Ama BECen zen igandean?

–Ez, ez da joaten. Oso urduri jartzen da.

–Eta Hernaniko bertso eskolan hasi zinen ikasten.

–1985ean izango zen seguru asko. Bederatzi bat urte izango nituen. Ama Juan Mari Lekuona apaizarekin egon zen eta haren bitartez jakin zuen Hernanin bazegoela zerbait hasita, eta eskutik hartuta eraman ninduen. Amurizak emandako ikastaro baten ondoren hasita omen zegoen Juanjo Uria eskolak ematen. Langile ikastolan zen.

–Juanjo zer zen, bultzatzaile eta irakasle?

–Bai. Denetik egiten zuen. Bera bertso-jartzaile ere bazen, eta batez ere bere ilusioa, bere grina transmititzen zigun. Bere pazientzia agortzea lortu arte, hantxe egoten ginen. Askotan lortzen genuen. Hernanin bi ekimen desberdin zeuden: Juanjo Uriak Langile ikastolan ordutegi ofizialetik kanpo egiten zuena, eta Urumea ikastolan eskola-orduen barruan irakasle batzuek –Gregorio Olasagastik-eta– egiten zutena. Maialen [Lujanbio] Urumean ari zen. Gerora, handik hiru-lau urtera bi bertso eskolak batu egin ziren.

«Amak ez du euskaraz egiten, baina berak eraman ninduen bertso eskolara»

«Hernaniko bertso giroa hutsa zen. Sorozabal, Anatx, Aristorena hasi ziren berreskuratzen»

–Zein ari zineten Langileko eskolan?

–Unai Agirre, Gorka Tolosa eta hirurok behintzat bai.

–Eta Urumeakoan?

–Urdangarin, Zelaia, Maialen...

–Bertsolari batzuek aurrera egin zenuten, sarri biltzen omen zarete bertsoa lantzeko eta 'Hernaniko bertso eskolakoak' esaten dizuete. Ba omen dituzue ezaugarri batzuk komunean. Zeintzuk?

–Hor badaude mito batzuk. Gu hasi ginen bertso eskolan oso ume ginela. Bazeuden batzuk zaharxeagoak: Anatx, Jokin Sorozabal, Pablo Jose Aristorena... Hernaniko bertso giroa hutsa zen, kalean ez zen bersorik, eta esaten dizudan lagun hauek berreskuratu zuten pixka bat giro hori, kalera atera erdi parranda giroan jarduten ziren bertsotan. Gero, santagedatan eta gabonetan Aterpeko Julian eta Antton Garin elkartu eta koplari ibiltzen ziren. Gero Ereñotzun beste batzuek mantentzen zuten pixka bat tradizioa, eta horrela... Beraz, gu bertso ikasten hasi ginenean kaleko giroa berreskuratzen hasia zen.

–Baina hitz egin dezagun 'Hernaniko bertso eskola' deitu izan zaionaren bertsokeraz.

–Gure ezaugarri bat badakizu zein den? Nagusiki librean jardun garela. Eta hori gure bertsokeran antz ematen da. Horrek eramaten zaitu gimnasia handi bat egitera; elkarrizketa derrigorrez egin behar duzu, eta ez bertso batean edo bitan; hogeita hamarretan egin behar duzu. Gure beste ezaugarri bat: talde-giroa; eta txapelketa datorrenean, taldea beti prest entseguak egiteko. Beste bat: oso kritikoak garela elkarrekin, modu eraikitzaile batean, eta ez txapelketa garaian bakarrik. Ni ez noa gauza onak entzutera, niri interesatzen zaidana da zer egiten dudan gaizki. Bertso zaharrak asko ikasi ditugu, eta hori beharbada antz ematen da gure bertsokeran, gure kantaeran.

–Egun batzuk pasa direlarik, egingo al didazu BECeko zure jardunaren balantzea?

–Nahiko erregularra izan nintzen. Goizeko zortziko txikiko gaiarekin nahiko galduta sentitu nintzen.

–Polizia eta hezurren ariketan?

–Bai. Ez nekien polizia bezala nondik heldu. Ez nuen Sustrairen estetikarekin jolastu nahi, banekien jendeak barre egingo zuela nik Sustrairen argaltasuna aipatuta, eta orduan jarrera suizida hartu nuen: "Hasi zu eta nik erantzun egingo dut". Ezin izan nuen neure burua kokatu, baina uste dut saio txukuna atera zela. Gero kartzelaldia gogorra izan zen: ordu eta laurden egin nuen nik han.

–Eta gero, arratsaldean, buruz burukora pasa zinen. Maialenekin jardun behar izatea lasaigarri izango zen beharbada zuretzat, laguna duzu eta.

–Lasaigarri ez nuke esango. Ilusio punttu bat, esango nuke.

–Zuri ikusgarritasuna eman dizu txapeldunorde gelditu izanak. Beharbada, lehen lerroko ez den bertsozale horrek beste Mendiluze bat deskubritu du oraingoan.

–Esango nuke lehendik datorren zerbait ere badela. Beharbada orain dela lau urteko finalak eman zidan sarbide bat jende askoren gogora. Geroztiko plazetan jende gehiagok begiratu dit niri ere. Gero nolako garen! Jendeak esaten du: bai, nik espero nuen Mendiluze ondo ibiltzea, baina jendeak sorpresa hartu du. Eta hori bakoitzak espero badu, nor da espero ez zuena? Jendearen txalo gozo horiek bultza egin zidaten buruz burukoan saio on bat egiteko.

–Urte asko daramazu bertso-irakasle.

–Hamar-hamaika urte daramatzat. Ikastetxeetan ibiltzen naiz, ez bertso eskoletan. Donostian ari naiz eta eta pontentziala ikusten zaion jende dexente dago, baina klaro, hirian dagoen hizkuntz egoerarekin... eta zaila da futbolarekin ere lehiatzea. Hala ere, badago jendea gero bertso saioetara joaten hasi dena, edota bertso batzuk idazten hasi dena, eta hori ere lorpena da.

–Zaletzea bera ez da gutxi.

–Nik 1.200 ikasle ditut. Horien ehuneko handi batek, eskolagatik izan ez balitz, etxetik ez zuen bertsolaritza ezagutu ere egingo; dagoenik ere! Eta hori Donostia batean...

–Bukatzeko, Aitor, esan zure zaletasun batzuk.

–Kirola asko gustatu izan zait. Mendira asko joan ohi naiz, frontoian asko ibili izan naiz, batez ere palan; lehen gehiago, bizkarra izorratu nuen eta. Eta oso irakurzalea naiz.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos