Oñatik omenaldi handia Jerardo Elortzari

Elortza, bere lanaren berri ematen duen erakusketan./MORQUECHO
Elortza, bere lanaren berri ematen duen erakusketan. / MORQUECHO

Larunbat honetan merituen aitortza egingo zaio jaioterriko historiaren ikertzaile eta dibulgatzaile handiari

Oñatin aurrera doa Jerardo Elortzaren omenez antolatu den kultur astea, eta larunbat honetan –Santa Anako aretoan 12:00etan– izango da ekitaldi nagusia, omenaldia.

Larunbateko ekitaldiak hainbat atal izango ditu: Oñatiko alkate Mikel Biainen hitzak, poesia errezitaldia, bertsoak, proiekzioak, kantuak, atxikimenduak… eta tartean dagoeneko Oñatiko ez dauden ekintzaile batzuk ere gogoan hartuko dira. Omenaldia Olatz Osak gidatuko du.

Hainbat erakundek bat egin dute omenaldiarekin eta ordezkaritza bidaliko dutela jakinarazi dute: Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Ikaskuntzak, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak (Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais) eta Oñatiko udalak.

Omenaldia amaitu ondoren talde argazkia aterako da Unibertsitate Etorbidean, hilerrirako bideko eskaileretan. Ondoren, Torreauzoko Etxe Aundi jatetxean lagun arteko bazkaria egingo da. 170en bat lagun bilduko dira. Hala nahi dutenek autobusean joan ahal izango dute baina horretarako izena ematea eskatzen da (695 736 961).

Aste honetako ekitaldiak amaituta, Natur Eskolakoek antolatu duen ibilaldiaz osatuko da Jerardo Elortzaren omenezko Kultur astea. Ekainaren 17ko ibilaldia Araotz eta Urruxola auzoetatik barrena egingo da: Araotzeko plazan hasi eta Urruxolako auzo elkartean amaituko da. Aldapa handirik gabea izango da eta adin guztietako lagunek egiteko modukoa. Ibilbidean hainbat gai jorratuko dira: Araotzeko auzuneak, antzinako bideak, lanbideak, baserriak, Lope Agirre, ura eta energia, Sandaili eta kobetako aztanategiak… Argibideak Imanol Biainek eta Jerardo Elortzak berak emango dituzte. Oñatitik Araotzera autobusez igoko da. Horregatik, aurrez izena eman beharko da, udal euskaltegian edota telefonoz (695 736 961).

Jerardo Elortza Egañak (Oñati, 1944) Filosofia eta Letrak ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean. Bergarako Aranzadi ikastolan lau urte lanean eman ostean, herri horretako UNEDeko Euskal_Departamentuan ari izan zen hemeretzi urtez.. Gero Jaurlaritzaren 'Bidegileak' bilduma zuzendu zuen 2009-2016 epean.

Oñatiko historiaren ikertzaile eta dibulgatzaile handia izan da. Hizkuntzaren eta ondarearen sustapenean ere nabarmendu da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos