«Oñati 1845era arte izan zen konderri, baina kondeak gutxi agintzen zuen»

Iñazio Irizar, Zumeltzegi dorrearen ondoan, Oñatin
Iñazio Irizar, Zumeltzegi dorrearen ondoan, Oñatin / Marian

Irailaren 24an, Oñatiko Kilometroen festan eskainiko diren antzezpen historiko labur batzuk prestatu ditu Iñazio Irizarrek, eta liburu batean argitaratu

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXI

Iñazio Irizar (Oñati, 1953) Enpresa Ekonomiako eta Ekintzailetasuneko irakaslea izan da, eta Olaitturri Kultur Elkartearen sortzailea. Oñatiko historia sakon arakatu du eta baita liburu batzuk argitaratu ere. Kilometroen festan, hilak 24, eskainiko diren antzezpen batzuk idatzi ditu.

-Jendeak ez daki Oñati oso berandu sartu zela Gipuzkoan: 1845ean. Hemeretzigarren mendera arte konderri izan zen eta Gebarako kondeak agintzen zuen.

-Feudalismoa eta kondearen indarra jaisten joan zen mendeetan zehar. Hamazazpigarren mendean bazuen indar pixka bat, hemezortzigarrenean askoz gutxiago. Oñatiri gonbidatu egiten zioten Gipuzkoako Batzarretara, nahiz bozketarako eskubiderik ez eduki.

-Kondea joaten zen?

-Ez. Herriaren, kontzejuaren ordezkaritza joaten zen. Hamazazpigarren mendean ere, ordurako ez zuen kondeak aukeratzen alkatea, ezta epailea eta parrokiako erretorea ere. Herriko jauntxoak hasiak ziren indar hartzen, lazarragatarrak eta. Gainera, bazeuden enpresa-gizon batzuk ere, jauntxo bihurtu zirenak.

-Hemeretzigarren mendera bueltatuz, Oñatiko burgesak zer zeuden, Gipuzkoan sartzean alde?

-Bai. Badakizu zer gertatzen zen? Oñatin zegoen unibertsitatea mantentzea oso garesti zela. Diru-laguntza jasotzea komeni zen, eta horretarako hobe Gipuzkoan sartzea. Eta Gipuzkoan sartzeko beste arrazoi bat bideak izan ziren. Ordurako San Adriango bidea alde batera utzia zegoen erabat, eta Gatzagatik zen Gaztelarekiko lotura. Baina eztabaida zegoen: nondik egin bidea, Zumarragatik ala Oñatitik, Antzuolatik ala Oñatitik? Eta nork mantendu behar du bide hori?

-Zuek, oñatiarrak, ‘kondepekoak’ izan zarete. Kondea, Gebarako kondea, Zumeltzegi dorretxean bizi zen, ezta?

-Negu partean Araban egoten zen, Gebara izeneko herrian. Eta udan, Oñatiko Zumeltzegin. Eta Madrilgo Gortera sarri joaten zen, asko gustatzen baitzitzaion beste jauntxoekin ibiltzea.

-Orain dotore dago Zumeltzegi, zaharberrituta eta jatetxe eta ostatu bihurtuta, baina hogeigarren mendean itxura kaxkarra zeukan.

-Familia batek erosi zuen, baserria ipini zuen bertan... Baina familia horretako ondorengo batzuek, orain urte asko ez dela, goitik behera berriztatu zuten.

-Oñatiko kondearen inguruan azaldu al zaizue indarkeria edo odol konturik?

-Bai. Adibidez, Carlos enperadorea Alemaniatik zetorrenean, hemengo noble eta handiki batzuk joan ziren agurtzera, laguntzera. Eta tartean Oñatiko kondea. Orduan, oñatiarren batek esan zuen handikiek dirua kobratu eta parranda besterik ez zutela egiten. Orduan, kondeak agindu zuen hari eskua mozteko.

-Hara!

-Kondeak zera esango zuen, pentsatzen dut: gu nobleak gara, guk gerrak egin behar ditugu, gerrak eta parrandak! Joan Italiara eta ikusiko duzu han ere!

-Oñatin txanponak egin omen ziren.

-Azken karlistada garaian izan zen, 1875ean. Carlos erregegaiaren aldeko txanpona izan zen, eta «el duro de Oñate» esan ohi zaio. Lazarragatarren jauregian zegoen txanpon-fabrika, beheko solairuan, udaletxearen ondoan. Izan ere, Carlos bera han egoten zen, Lazarragatarren etxean. Txanponaren alde batean ezkutu bat ageri da, eta C letraren barruan VII zenbakia. Beste aldean, 'Real Casa de Moneda. Oñate' hitzak.

-Lazarragatarrak oso garrantzitsuak izan dira Oñatin.

-Lazarragatar bat Errege Katolikoen idazkari egon zen. Diru asko egin zuen eta eraikin batzuk egin zituen herrian: jauregia eta Bidaurretako eliza. Zergatik eraiki zuen eliza? Kondeak ez ziolako ezer egiten uzten parrokian, San Migelen. Kondearen familiakoak San Migelen daude hobiratuta, Lazarragatarrak Bidaurretan.

-Lazarragatarren jardinean orain badago sartzea.

-Hitzarmena sinatu zuten jauregiaren jabeak, Carlos Martínez de Irujok, eta Udalak, eta herritarrak hor ibiltzen gara paseoan, bai. Jauregia ondo dago barrutik. Carlosek nahi du, bere aurrekoen ohorez, hura ondo mantendu.

-Beraz, antzerki-lan motx batzuk eskainiko dituzue Kilometroen egunean, hilak 24.

-Lehenengo antzezpena 1542an dago girotua. Kondeak hitzarmena sinatzen zuen herritarrekin, eta ordaindu beharreko zergak aipatzen ziren bertan, adibidez. Etengabeko borroka zegoen kondearen eta herritarren artean: bi aguazil zeuden, bata kondeak aukeratua, bestea kontzejuak. Elizan ere, kondeak eskuineko aldean eseri nahi izaten zuen.

-Beste antzezpen batean 1760. urteko eszena batzuk agertuko dira.

-Bai, amodio-kontu batzuk. Unibertsitateko mutilek haurdun uzten zituzten herriko neskak. Batzuetan arazoa sortzen zen, mutilaren familiak ez zuelako nahi herritar arrunt batekin ezkontzerik.

-Eta hirugarren antzezpena 1845ean dago girotua.

-Batzuek lehen bezalaxe nahi dute jarraitu, aurrerapenik gabe, beste batzuk Gipuzkoan sartzearen aldeko dira, erabat. Eta batzuek galdetzen dute: Arabari galdetu al zaio? Orduan Araba txikia zen. Baina Oñatiko enpresa-buruak Gipuzkoaren alde zeuden, hor negozio handiagoa ikusten zutelako.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos