'Omentzetik ereitera', saritik bekara

Euskal kulturako 'txinurriek' jaso zuten iaz Argizaiola saria./FERNANDO GÓMEZ
Euskal kulturako 'txinurriek' jaso zuten iaz Argizaiola saria. / FERNANDO GÓMEZ

Argizaiola saria emateri utzi eta sortzaile berriei zuzendutako beka emango du aurrerantzean Gerediaga Elkarteak

Argizaiola Sariari buruzko argibideak ere eman ditu Gerediagako presidenteak. Argitu duenez, aurten ez da aitortza saririk emango. Iraganera begira jarri beharrean, etorkizunari begira jarriko da Azoka. "25 urtez gure kulturari hainbeste eman dioten horiei eskertzen ahalegindu gara Argizaiola omen sarien bitartez. Eta beste hainbeste urtez jarrai genezake eskerrak ematen, eta ziur aski ez genuke sekula amaituko. Baina hartzeaz eta eskertzeaz gain, guk ere eman nahi dugu, gure hazia erein nahi dugu".

Horregatik, aurten Argizaiola Sariaren 25 urteko ibilbideari errepasoa egin eta sortzaile berriei eskainitako sormen beka bat aurkeztuko du Azokak. 'Omentzetik Ereitera' ekitaldian izango da, abenduaren 8an, 20:00etan Szenatokian.

Gerediaga Elkarteak erabaki baitu ikuspegia aldatzea. Aurten "Omentzetik Ereitera" ekitaldian mende laurden bateko ibilbideari errepasoa egingo zaio, eta "iraganera begira jarri beharrean, Azoka etorkizunari begira jarriko da", bertan aurkeztuko den sormen bekaren bidez.

Durangoko Azokak euskarazko kultur sorkuntzari ekarpena egin asmoz eta sortzaile berriei laguntza eskaini nahi die beka honekin. Euskarazko kultur produktu baten sorkuntzan, hasieratik amaierara, hasi ideiatik eta bere zabalkundera arte, egon dauden fase guztietarako laguntza izango da.

Beka hau sortzaile berriek jaso ahalko dute, bakarka zein taldean (hiru lan baino gutxiago argitaratu dituzten sortzaileentzat). Deialdia urtero izango da, Azokan lekua duten kultur adierazpenetarako edota disziplina artekoa. Txandakatuz joango dira kultur adierazpenak eta urtero deialdi publiko batean adieraziko da.

Deialdia irailean zabalduko da eta hilabeteko epea egongo da lanak aurkezteko. Urria eta azaroan zehar epaimahaiak erabakia hartuko du, eta abenduan, azokan, irabazlea nor den jakitera emango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos