'Nor-nai', izen artistiko biribilena

'Agere' aldizkarian 1926an publikatutako ilustrazioa/
'Agere' aldizkarian 1926an publikatutako ilustrazioa

'Horma' nobelan, Anjel Lertxundik gogora ekarri digu Errepublika garaiko marrazkilaria

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXIDonostia

Anjel Lertxundiren ‘Horma’ eleberriko protagonista nagusia, Fidel, itzultzailea da. Literatur itzultzailea. Neska-lagunak -beharbada ‘andre-lagun’ hitza egokiagoa litzateke- tarteka burla egiten dio: «Ai, pospolo, idazle kaskar batek askotan proiekzio sozial eta kultural handiagoa dauka itzultzaile onenak baino». Martak -halaxe du izena emakumeak- askotan esaten dio Fideli: «Nobela bat idatzi behar zenuke». Egun batean, andre-gizon horiek Donostian paseatzen ari direla, denbora-pasa, Nornahi Plazan fortunatzen dira. Fidelek azaltzen dio Martari zergatik bataiatu zuten toki hori izen horrekin, egon zela Errepublika garaian ‘Nor-Nai’ goitizeneko marrazkilaria... Orduan, «hara hor zure nobela horretarako gaia!», proposatzen dio Martak gizonari.

Bai, nobela oso bat idatzi liteke Ignazia Zabalo, ‘Nor-Nai’ sinatzen zuen marrazkilari hura, oinarri hartuta. Bizitza iradokitzailea izan zuen.

Datu biografiko gutxi ditugu hari buruz. 1905ean Donostian jaioa, Jon Zabalo ‘Txiki’ marrazkilari sonatuaren arreba gaztea zen. Joxean Muñozek erakusketa antolatu zuen 2003an Donostiako KM Kulturunean ‘Txiki’ eta ‘Nor-nai’-ri buruz, eta hango katalogoko datuak eskainiko ditut. Hogei urterekin hasi zen ‘Nor-nai’ anaiarekin lanean.

1925ean hasi zen, aurrenekoz ‘Argia’ren Egutegia’-n, Ignaziaren sinadura apaina. Gero Irungo festetako liburuxkan akuarela batzuk sinatu zituen, eta ‘Agere’ aldizkarian, elizaren gerizpean neskatila gazteentzat egindako aldizkari bitxian, egin zituen atalburuak, letrak, hornigarriak, marrazki, txiste eta komikiak. ‘Agere’ izan zen emakume marrazkilari honen lantoki nabarmenena; hantxe erakutsi zituen ondoen bere dohainak.

1931ra arte jardun zuen Ignazia Zabalok anaia Jonen aldamenean. Kontuan izan behar da enpresa ere bazela ‘Txiki’. 1927ko prentsa-iragarki batean «dibujos artísticos e industriales» eskaintzen zituen.

Bartzelonara jo zuen gero Ignaziak, bere bidea egiteko erabakia harturik. Ez dago argi zergatik aldendu zen Euskal Herritik. Beharbada, maitasun-gorabeheraren bat izango zen tartean, edo familiatik askatu nahia, edo han aukera profesional gehiago izango zuen ustea... Bartzelonan lan egiten saiatu zen. Badakigu 1939an Josep Casanovas i Clota-ren ‘Sil·labari Camí’ liburuaren azaleko marrazkia egin zuela behintzat. Baina orduantxe, 1939an bertan, guztiz zapuztu ziren haren egitasmo guztiak. Bonba batek harrapatu etxe-atarian eta bertan hilda gelditu zen.

«Heriotzarik anonimoenak eten zuen gure grafismo modernoaren erakuslerik ederrenetako baten promesa», dio Joxean Muñozek katalogo horretan. Aditu honi oso deigarri egin zaio Ignaziaren goitizen artistiko hori:

«Anonimatutik irteteko asmatu zuen ‘Nor-Nai’ ezizena: edozein, berdin du, ez dut izenik. Izenik ez edukitzeaz ikurra egin zuen Ignazia Zabalok. Izen artistikoa du Zabalo andereak bere obrarik biribilenetako bat».

Anjel Lertxundiren nobelara bueltatuz: Fidelek ekiten dio Ignaziari buruzko narrazio hori idazteari, osatzen ditu 76 folio, baina etsipenak hartzen du azkenean. Hiru hilabeteko lana zakarrontzira. Kontzientziazko auziak sortu baitzaizkio: pertsona erreal bat fikziozko pertsonaia bihurtzea ez zaio zilegi iruditzen. Halako batean, gogoeta hau egiten du Fidelek: «Kontu segurua da benetako pertsonaia historikoari, ia anonimoa zenari, identitate berri bat ematen ari nintzela, seguru asko batere bat ez zetorrena Ignazia Zabalo benetakoarekin».

Behin honaino helduta, kontu pare bat besterik ez. Lertxundiren eleberrian agertzen den Nornahi Plaza hori benetan existitzen da, Donostiako partean dago, baina Trintxerpetik oso-oso gertu. Josu Tellabidek proposatuta, Ramon Etxezarreta zinegotziak erabaki zuen izendapena, 2005ean.

Joxean Muñozek zehaztapen hau egin dit: «Ignazia Zabalo jo izan da XX. mendeko gure lehen emakume marrazkilaritzat, baina komeni da gogoraraztea hemere-tzigarren mendean Hélène eta Blanche Feillet ahizpak izan genituela Baionan».

Pierre Feilletek 1844tik 1855era Baionako Margo eta Marrazki Eskola zuzendu zuen, Frantziako zaharrenetakoa. Bere alabak, Hélène (1812-1889) eta Blanche Feillet (1815-1886), margolari eta ilustratzaileak izan ziren. Parisen jaioak, baina bere lan nagusia Euskal Herrian garatu zutenak, 1834an Baionan kokatu zirenetik. Ezagunak dira Gipuzkoa, Bizkai eta Lapurdiko herrien gainean egin zituzten margolanak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos