Norena da futbola?

Manchester City-ko jolakariak abuztuaren 26an jokatu zuten partiduan./REUTERS
Manchester City-ko jolakariak abuztuaren 26an jokatu zuten partiduan. / REUTERS

Zertan dute elkarren arteko antza arras indartsua eta denetan boteretsuenetakoa den Manchester City Football Club-ek eta estreinakoz Espainiako Lehen Mailan diharduen Girona FC-k?

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Erantzuna erraza da. Erraza bezain harrigarria: jabeak, ugazabak. Arraroak dira oso futbolaren dirdirak sorrarazten dituen hariak, armiarmarenak diruditenak. Hari likatsuak. Abu Dhabiko xekea den Mansour bin Zayed bin Sultan Al Nahyanek 2008an erosi zuen gaur egun Pep Guardiola entrenatzaile duen taldea. 250 milioi euroren truke. Gaur, bertan lan egiten dutenen soldatetan 775.000 euro ordaintzen ditu sultanak. Egunero.

Baina Agüero, Danilo, Touré, Ederson kontratupean dituen futbol talde hori, Manchester Uniteden etsai mina (Guardiola beti Mourinhoren kontra) ez da (ezin izan) xekearen negozio bakarra. Petroleoaz gain, zaldiak aparte, kiroletako Al Jazeera alde batera utzita eta duela gutxi Espainian erosi duen zezen ganadutegia aipatu gabe, Manchester Cityren bitartez, Mansour bin Zayed bin Sultan Al Nahyanek Estatu Batuetako New York City (Real Sociedadean aritu zen Alexander Callens, Espainako Serlekzioaren mitoa den David Villa eta Pirlo Europako legenda bertan daude), Australiako Melbourne City, Japongo Yokohama Marinos eta Uruguayeko Bigarren Mailako Torque kontrolatzen ditu. Gehi Ligaren lehengo partiduan Madrilgo Atletikoari susto galanta eman zion Girona Futbol Club. Susto galanta Atletikoari eta, bigarren astean, Malaga gainditu (1-0).

Mansour bin Zayed bin Sultan Al Nahyan, aspalditxoko argazkian.
Mansour bin Zayed bin Sultan Al Nahyan, aspalditxoko argazkian.

Inork ez daki zenbat pagatu duen xekeak (City Football Club izeneko sozietatea pantaila izanik), baina egun, klubaren %44aren jabea da. Pentsatuko duzue hori ez dela klubaren erdia ere. Agian geratzen den beste guztia bertako bazkideen eskuetan egon daiteke… Ez izan ez inozoak, ez soberan erromantikoak… Beste %44a ospe handiko kirolariren ordezkaria den Pere Guardiolak eskuratu du. Beraz, ezer gutxi izango dute eskura akziodun txiki ausart batzuk, apurrak besterik ez.

Pere Guardiola? Bai, Pep entrenatzailearen anaia. Iniesta, Sergi Lull eta Luis Suarezen agentea. Media Base Sports du izena bere enpresak, eta Mediapro ikus-entzunezko talde boteretsuaren partaide da.

Kuriosoa, ezta? Xeke bat eta kirolari famaturen ordezkari bat dira orain arte Espainiako Bigarren Mailan ziharduen talde baten jabeak. Onerako izan daiteke, ordea, kirolaren erromantizismoa alde batera uzten badugu. Ilusio handiz Ligan lehengo pausoak ematen ari den talde honek City Football Groupek munduan zehar dituen azpiegiturak erabil ditzake, arazorik gabe. Xekeak dituen talde guztien jokalari gazte etorkizun handikoak trebatuko dira inoiz Gironan. Marketinaz zertarako arduratuko dira Montilivi fubol zelaiko bulegoetan? Egingo diete, bai horixe, kanpaina Manchesterretik.

Girona taldeko Marc Muniesa, baloiari jotzeko prest.
Girona taldeko Marc Muniesa, baloiari jotzeko prest. / EFE

Baina agian dena ez da galdu diru/botere operazio horretan. Pablo Machin entrenatzaile baliotsuak onartu ditu bai Manchester City-k maileguan bidalitako hainbat jokalari (Douglas Louiz, Marlos Moreno…). Alta, igoera lortu zuten horiekin ez da ahaztu eta Álex Granell edo Pere Pons heroiak izan dira izarrak Lehen Mailan jokaturiko bi partidu garrantzitsuetan. Beraz, City Football Groupeko kuttunak izatea ez dirudi nahikoa aulkitik zelaira pasa ahal izateko.

Izan gaitezke ba oraindik erromantiko. Ez gehiegi ordea. ekeak baditu beste hainbat klub. Scouting moduan. Scouting? Bai, kirol espioitzan edo… Xekearen esanetan eta desioetan dauden hainbatek Ghana FA, Long Islandeko Rough Riders edo Venezuelako San Antonio taldeetako gorabeherak hurbiletik jarraitzen dituzte, ea etorkizunezko izarrik ba ote den bertan.

Galderak hor dirau, norena da futbola? Garai batean, tokian tokiko aberatsak, enpresaburu arrakastatsuak, plaza gizonak (emakumerik ez, Teresa Rivero Rayo Vallecanora iritsi arte. Egun, Eibarreko presidentea emakumea dugu. Baita Leganesekoa ere) izaten ziren futbol taldeak aurrera zeramatzatenak. Ez, ez zen egoerarik ederrena (gogora itzazue Atletikoko Gilen barrabaskeriak), baina zenbait kasutan ez da horren txarrerako izan (Villarrealeko Fernando Roig, kasu).

Jabea/presidentea izatea bazen, nolabait, ohore antzeko bat, boterearen seinale, gizartearen esker ona lortzeko modua eta palko nagusian negozioetan jarduteko beta ederra. Orain, ordea, inbertsio funtsek, Arabiako hainbat herrialdek, Errusiako et Txinako miloidun berriek edo Frantziako diru zaharra darabilten batzuk gobernatzen dute futbolaren negozio erraldoia.

Halaxe da egun. Halaxe izango da bihar. Lau zelaietan izan ezik: Bilboko Athletic, Barça, Real Madrid eta Osasuna ez dira kirol sozietate anonimoak. Ez horixe. Ez dute jaberik, ez akziodunik. Bazkideenak dira. Oraindik bada erromantizismoarentzako parada gurean…

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos