Nola itzuli abesti bat euskarara bidean galdu gabe?

Ezkerretik eskuinera, Rafa Rueda, Oier Aranzabal eta Harkaitz Cano.

'Abesti bat gutxiago' esperientzian oinarrituta, 'masterclass' bat eskainiko dute etzi Bilboko Arriaga antzokian

Harkaitz Canoidazleak, Lou Topet taldeko abeslari Oier Aranzabalek eta talde bereko kolaboratzaile Rafa Ruedak irekiko dute asteazkenean, urriak 4, iluntzeko 20:00etan, Bilboko Arriaga Antzokian, 'Literatura eta Musika Euskaraz' zikloa. Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako saioak antzokiko foyerrean egin ohi dira, eta denboraldiko aurrenekoa Harkaitz Cano idazleak eta Oier Aranzabal eta Rafa Rueda musikariek partekatuko duten hitzaldi musikatua izango da.

Idazleak eta bandak, hain zuzen, Estatu Batuetako abeslarien 10 kanta euskarara itzuli eta 'Abesti bat gutxiago' disko-liburua argitaratu zuten, Rafa Rueda eta Joserra Senperena bezalako musikariekin batera. Diskoak Wilco, John Hiatt, Will Oldham, Damien Jurado eta Billy Bragg artisten kantak biltzen ditu, besteak beste, eta liburuan Canok saiakera labur bat idatzi du konposizioari buruz. Horretan, hainbat gai aztertu ditu idazleak, hala nola orijinaltasuna, hizkuntzaren ezaugarriak eta itzulpena edota letren sorrera.

Harkaitz Canok horri buruz hitz egingo du 'Abesti bat gutxiago' izenburuko hitzaldian eta masterclass bat eskainiko du Oier Aranzabal (Lou Topet taldeko abeslaria) eta Rafa Rueda (gitarjolea eta taldearen kolaboratzailea) lagun dituela. Hiruren artean hurrengo galderei erantzuten saiatuko dira: Nola egin bertsio bat? Nola itzuli abesti bat euskarara bidean galdu gabe? Zein ezaugarri ditu ingelesak? Eta euskarak?

Sarrerak, 12 eta 15 euro artekoak, antzokiko web gunean eta txarteldegian daude salgai, eta 946 850 850 telefonoaren bitartez ere eros daitezke.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos