Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Uxue Alberdi, 'Jenisjoplin' liburuaren aurkezpenean. DV
Nola erantzi larruazal zaharra, berria erabat osatu gabe badago

Nola erantzi larruazal zaharra, berria erabat osatu gabe badago

Emakume gazte baten trantsizio mingarria, Euskal Herriak bizi duenarekin alderagarria, kontatu du Uxue Alberdik 'Jenisjoplin' eleberrian

n. a.

Viernes, 6 de octubre 2017

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Ba omen daude idazlea maila bat gorago, edo aurrerago, eramaten duten liburuak. Horietako mugarri bat da Gorka Arrese Susa etxeko editorearen ustez Uxue Alberdiren nobela berria, 'Jenisjoplin'. Ondo ezagutzen du Arresek Alberdiren bigarren eleberria. Idazleak ideia, material eta testu mordoz beteta zeukan karpeta aurkeztu zionetik, elkarlan estuan aritu dira, eta elkarrekin aurkeztu dute Donostian 290 orrialdeko liburua.

Uxue Alberdiren (Elgoibar, 1984) lehen nobelan, idazle gazte edo berriei emandako Igartza Beka irabazita 2009an argitaratu zen 'Aulki-jokoak'-en, adin handiko emakume taldetxo batek, zahartzaroak eta emakumetasunak ematen duten ikuspegitik, ume eta gaztetako kontuak partekatzen zituen kafe baten inguruko tertulian, gorriak ikustea tokatu zitzaion belaunaldi baten legatu moduko bat osatuz.

'Jenisjoplin'-en, Uxue Alberdik adinean gertuago duen Nagore Vargas protagonistak garai hurbilagoko kontuak dakartza, iragan mendeko 80 eta 90eko hamarkadetakoak, baina nobela honek ere badu belaunaldi baten erretratutik asko. Horrekin batera, eleberrian funtsezko rola duen aitak Jenisjoplin deitzen dion emakume gaztearen kontakizuna 2014 urtean eteten bada ere, itxi, konpondu eta gainditu gabe jarraitzen duten kontu ugari dakartza «Euskal Herriaren azken hamarkaden berri» ematen duen liburuak.

«Mugako bizitzak» gogoko dituen «Espainiako migratzaile ezkertiar» baten eta «baserritar akonplexatu» baten alaba da Nagore Vargas, langile auzoan hazia, gurasoen tabernako lanean zaildua, 80ko hamarkada gogorrean aurrera egin ahal izateko «identitate oso gotorra» eraiki behar izan duen emakumea. Presaka dastatu du gaztaroa, beti borrokarako prest, batere mugarik onartu gabe. «80 eta 90ko hamarkadak filtrorik gabe biziko ditu», alegia.

Halako batean, baina, 2010. urtearen bueltan, «goitik behera eroriko zaio nortasun hura» eta, 28 urterekin, ia hutsetik hasi beharko du berri bat eraikitzen. Erabateko zaurgarritasun egoeran, «azal zaharra erantzi beharko du, berria oraindik heldu gabe duela». «Horrela dago Nagore, eta horrela gaude gu ere herri bezala», azaldu du idazleak, trantsizio zailean, «heroien kulturatik zaurgarritasunera; kaletik etxera; taldetik banakora...».

Nagore Vargasek apurka-apurka «nortasun berria zizelkatzeko» egin behar duen «bide intimoa» Euskal Herriaren «bilakaera identitarioarekin» alderatu du Uxue Alberdik. Ariketa konplexu horretan, «fikzioaren distantziak» lagundu dio gaiari heltzen. «Eleberriaren bidez esan ahal izan ditut bestela ezin esan nituenak», dio.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios