Nobela beltzean murgilduko da Xabier Etxeberria

Xabier Etxeberria artxiboko argazkian, 'Udazleneko lorea' aurkeztu zuen egunean. /G. RIVAS
Xabier Etxeberria artxiboko argazkian, 'Udazleneko lorea' aurkeztu zuen egunean. / G. RIVAS

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria irabazi du 'Berriro itzuliko balitz' proiektuarekin

Durangoko Azokara begira ia egunero aurkezten diren liburu labetik irten berrien artean, urtebete barru kaleratuko den proiektu bat agertu da: Xabier Etxeberria Garro idazle zarauztarrari Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarrekin antolatzen duten Augustin Zubikarai saria eman dion 'Berriro itzuliko balitz' proiektua. Etxeberriak urtebeteko epea izango du orain proiektua lantzeko eta nobela prestatzeko. Datorren urteko udazkenean aurkeztuko du Elkar argitaletxeak egindako lana.

Egileak aurreratu duenez, "eleberri beltzaren elementu gehienak izango ditu: desagerpen bat, heriotza, bilaketa… Erritmoa gero eta biziagoa izango da istorioa aurrera doan neurrian eta, batez ere bukaera, thrillerraren gisakoa izango da. Eleberri beltz guztietan bezalaxe, jakina, mekanismo narratibo horiek bestelako gai batzuk jorratzeko aitzakia dira, eta liburu honen kasuan atzerritar edo kanpotar izatea izan liteke, horrek dakarren guztiarekin”.

Orain arte bakarka idatzi dituen sei nobeletan –anaia Martinekin ere argitaratu ditu makina bat liburu- erregistro eta estilo desberdinak landu dituen idazleak esan du gordina izango dela hurrengoa: "Liburua irakurtzen duena deseroso sentiaraztea bilatu nahi dut, barru-barruan eragitea, eta horretarako orain arteko nire beste liburuetan baino pasarte gordinagoak edo gogorragoak pentsatuak dauzkat", adierazi du Elkar argitaletxeak bere aldizkariak argitaraturako elkarrizketan.

Danimarkan kokatutako eleberrian bi istorio uztartuko ditu: "Desagertu egin den bere alabaren bila dabilen ama baten istorioa dago alde batetik, eta alargundu berri den musikari euskaldun bat irla txiki batean nola bizitzen jartzen den kontatzen duena bestetik". Emaitza, urtebete barru.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos