400 nobedade aurkeztuko dira Durangoko Azokan

400 nobedade aurkeztuko dira Durangoko Azokan
MORQUECHO

Abenduaren 6tik 10era egingo den azoka aurkeztu dute Durangon, nabarmenduz "denon artean" emango zaiola bizitza Sormenaren Lurraldeari

Beste urte batez, eta aurtengoa 52. izango da, nobedadez eta kultur ekitaldiz beteta dator Durangoko Azoka: 400 nobedade (257 liburu, 92 disko, 19 aldizkari, 5 bideo eta 27 bestelako), 240 stand, 129 partehartzaile... Guztira, antolatzaileek nabarmendu dutenez, "200 ekitaldi 700 metrotan eta bost minutuko distantzian".

Gerediagako presidente Nerea Mujikak aurten azokara etortzeko gonbitea luzatu die kulturzaleei. "Abenduaren 6tik 10era denon artean bizia emango diogu Sormenaren Lurraldeari. Ederra da erronka, ezta?". Mujikak aurtengo Azokaren aurrekontua 646.000 eurokoa dela ezagutzera eman du. "Aurrekontu horrekin Azokak egiten duen ekarpena handia da; alde batetik euskal kulturaren transmisio eta zabalkundeari dagokionez, eta, bestalde, alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari egiten diona". Estimatzen da Azokan inbertitzen den euro bakoitzetik hamar etortzen direla bueltan. "Nabarmentzekoa da, beraz, Azokaren itzulera ekonomikorako ahalmena".

Nerea Mujikarekin batera, Azokako zortzi guneetako arduradunek ere prentsaurrekoan parte hartu dute: Johana Olabarria (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Itziar Elias (Szenatokia), Gorka Julio (Kabi@), Lutxo Egia (Ahotsenea), Iban Etxebarria (Plateruena), Oihane Agirre (Azoka TB) eta Esther Soto (Areto Nagusia). Bakoitzak bere gunearen egitaraua eta nondik norako nagusiak aurkeztu ditu. Beste urte batez, azokazaleek hamaika aukera izango dituzte egitarauaz gozatzeko: solasaldiak, kontzertuak, ikuskizunak, tailerrak, ibilbide luzeko sortzaileak, hasiberriak, argitaletxe handiak, autoekoizleak, formatu handiko ekitaldiak... Sormenaren Lurraldeak denontzako espazioa izango du.

Areto Nagusiaren egitarauaren barruan, Anartz Bilbaok Gogoetaren Plazan zer egongo den azaldu du. Abenduaren 8tik 10era, goiz eta eta arratsaldez, hainbat gairen inguruan eztabaida bultzatuko du Gogoetaren Plazak.

Azokako arduradunekin batera, Sormenaren Lurraldea osatzen duten hainbat kide ere egon dira aurkezpenean: sortzaileak, diskoetxe eta argitaletxeetako ordezkariak, banatzaileak... Izan ere, Mujikak adierazi duen bezala, Azoka hartu emanez josita egongo da: "Batzuk eman eta besteak hartuz, kantu, poema, nobela, ilustrazio... sormenez beteko dugu Durango! Eman eta hartu, hemen izango ditugulako azken asteetan aurkeztutako disko eta liburuak, ikus-entzunezkoak, eta kontzertuak, eta emanaldiak... Euskal sortzaileek zer eskainia baduzuelako. Herri honetako argitaletxe, disko-etxe eta kultur eragileek asko duzuelako guri emateko".

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos