Nessuno può sostituire la Callas

Callas handia, 1963 urtean Parisen. / AFP

Ezinezkoa zen. Inork ezin zuen Ana Maria Cecilia Sofia Kayeropulosen ordez abestu. Ez Milango La Scalan ez beste inon. Duela 40 urte hil zen. 'Miragarria' deitzen zion, errespetu osoz, munduak

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO
  • 0

ere ahotsak inoiz sendatuko, inoiz itxiko ez zen zauri baten antza zuela esan zuten askok. 'Bel canto', abesteko era zeharo miresgarri horren teknika arras menperatzeaz gain, beste abeslariek ez zuten tinbrea zuen berak. Emaritsua zen bere soinu jarioa. Ikaragarria bere talentu dramatikoa. Ederra zen gorputzez, kostata, minez, sofrikarioz ederturiko gorputzez eta askoren sentimendurako ere, bazirudien bere bizitzak mundu honen tristura oroaren memoria gorde izan zuela.

Maria Callas. Parekorik, konparaziorik ametuko ez duen mitoa. Denboraren poderioz handitzen dena. Abeslari gorena. Jainkoek zein Deabruek maitaturiko diva. Tragediak besarkaturiko emakumea. Hilaren 16an bere heriotzaren 40 urte bete dira. Oraindik malkoz, oraindik nostalgiaz, planeta osoak omentzen du egunotan.

Estatubatuarra jaiotzez, bera baino greziarragoa den inor zaila izango litzaiguke aurkitzea. Horrexegatik, akaso, Pasolinik aukeratu zuen Medea izateko pantailan. Horrexegatik agian amodiozko istorio bereak hain tragikoak, hain erremediorik gabeko gaitzak suertatu ziren.

Aristoteles Onassisekin orain dela 60 urte, 1957ko irailean, egindako argazkian. / AFP

Maria Callas. Horren gogor, horren basa, horren gaizki hartu zuen bere maitale izan zen Onassis milioiduna honelaxe mintzo zitzaion behin: "Zer zara zu? Ezer ere ez! Eztarrian ez dabilen txilibitua duzu. Besterik ez!". Honelaxe azaldu zuen, aldiz, Arturo Toscanini orkesta zuzendari famatuaren arrebak, Wallyk, txilibitu haren maiestatea: "Entzuten nionean somatzen nuen ahots kordetatik zerion odola".

Maria Callas. Opera mota guztietako pertsonaiak antzeztu zituen. Bel cantoko hainbat, esaterako. Beste hainbat, arinak. Sorta bat, gogorrak. Ez zuen mugarik ezagutu. Soprano arina zen batzuetan. Mezzoa besteetan. Sfogatoa segun eta noiz, segun eta zein kantu eta ahots tesituretan. Lakmé, Semiramide, Dalida, Carmen, Gilda, Tosca, Madama Butterfly, Violeta izan zen; ahazturik ziren opera italiarrak berreskuratu zituen…

Maria Callas. Bizitzaren momenu batean hondatu zitzaion ahots miresgarria. Baina ez zen amore emateko prest. 1961eko iraileko 11an, La Scalan, 'Medea' abesten zuen. Ahotsa ez zen jada izan zena eta ikusleek txistu jo zioten eskergaitz. Mariak, hasiera batean, ez zien jaramonik egin bazekien-eta geroxeago beta izango zuela mendekurako. Eta iritsi zen parada hori. Operako momentu batean Medeak bihozgabea izatea leporatzen dio Jason pertsonaiari. "Crudel!" hitza kantatzerakoan, ikuslegoa begiratu zuen zorrotz eta bertan behera utzi kantua. Instant batez. Libretoak hala aginduta, "crudel" hitza errepikatu behar izan zuen. Gero, beste etentxoa honako esaldiari ekin orduko " Ho datto tutto a te". "Dena eman dizut nik zuri..." Hori kantatu bezain fite mehatxu keinua egin zien eskuaz palkuetan zein galerian zeuden haiei. Eta denak, zoraturik, txistu jotzeari utzi eta txalo eta 'bravo'-ka hasi ziren. Emanaldia zorabio batean bukatu zen.

Egun, Warner diskoetxeak 42 cdtan eta 3 blu-ray formatuko diskotan 20 opera osorik eta 5 errezitaldi jasotzen dituen bilduma plazaratu du, omenaldi ikaragarri gisa. Denon harridurarako, galdutzat jotzen ziren hainbat eta hainbat zuzeneko grabaketa berreskuratu dira. Berreskuratu eta gure garaiko azken teknologien bitartez bermasterizatu. Soinuz eta irudiz.

20 opera horietatik 12 ez ziren inoiz estudioan grabatu ('Nabucco', 'Anna Bolena', 'Poliuto', 'Alceste'…. ). Beste zortziak, operaren historian zutabe mitikoak dira. Exenplurako Mexikon abestu zituen 'Aida' eta 'Rigoletto', Leonard Bernstein zuzendari zuela La Scalako 'La sonámbula' eta 'Medea'. Karajan gidari Berlingo 'Lucia de Lammemor', Londreseko Opera Houseko ezin parekatuzko 'Tosca' hura eta zalen guztien ametsetan darraien Lisboan Alfredo Kraus hasi berriarekin kantaturiko 'La traviata', 1958koa.

Adituek 1957ko 'Un ballo in maschera' zoragarria eta beste 'Traviata' bat falta dituzten arren, bilduma altxorra da zale eta miresleentzat. Eta ez bakarrik ahotsa dela eta. Ez bakarrik teknologiak soinua aberasteaz gain espazio handiagoa eman diolako musikari. Ez. Altxorra da Callas tauletan, eszenategian ikusten dugulako. Eta horrela uler dezakegu zergatik gure munduaren ikonoa bilakatu den. Zergatik, Onassisek Jackie Kennedyrekin ezkontzeko abandonatu zuelarik, gutako asko Mariaren alde izan ginen. Zergatik mirestu zuten Viscontik, Zeffirellik eta Pasolinik. Ulertuko ditugu Maria Cecilia Sofia Kayeropulosek nahita jasandako sakrifizio eta neke guztiak, La Callas bihurtzeko.

Behin, La Scalan abestu behar zuela, bular estuka zebilen larri. Ordezko bat aurkitzeko eskatu zien bertako agintariei. Errepusta hitz handitan duzue: "Nessuno può sostituire la Callas". Ez. Inork ezin izan du inoiz Callas ordezkatu.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos