Musikarien lesioak

Tresna bakoitzak ditu bere arriskuak. Artxibiko argazkiak, emanaldi bakoitzean lan fisiko ikaragarria egiten duen Ara Malikian biolin-jotzailea./JESUS DIGES/EFE
Tresna bakoitzak ditu bere arriskuak. Artxibiko argazkiak, emanaldi bakoitzean lan fisiko ikaragarria egiten duen Ara Malikian biolin-jotzailea. / JESUS DIGES/EFE

'Lesio' hitza aditzen dugunean kirolariak datozkigu burura. Normalean futbolariak lesionatzen dira. Pilotariak. Errugbilariak. Kataluniako Terrasa hirian bada Institut de Fisilogia i Medicina de l'Art izeneko ospitalea. Bertan min hartu duten musikariak tratatzen dituzte

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Ohikoagoa da margolariak eta eskultoreak kontuan hartzea. Pintzelak etengabe mugitu beharrak zer-nolako kalteak egiten dizkien eskumuturretan entzunak gara. Sarri entzun dugu hori, bai. Marmola, brontzea, burdina ez direla lehengai leunak badakigu. Zizelak eskuak urratzen ditu, bai horixe. Eta egur printzak enborretik airean suelto min ematen diete begiei. Horren guztien berri bagenuen baina… ospitale oso bat, sona handikoa, maila goreneko espezialistekin, musikariak sendatzeko edo sendotzeko?

Ba bai. Bada. Eta ez da oraintxe plazaratutako kontua. Aspaldi samar sortua da, baina duela gutxi ESMUC musika eskola handiak kongresu itzelean bildu ditu espezialitate honetako jakintsuen artean nazioarteko jakintsuenak. Autismoa eta Mediterraneoko dieta izan ziren bertan eztabaidetarako bi gai mamitsu, baina baita biolin- eta salterio-jotzaile fina den Catherine Weidermann terapeutak aurkezturiko txostena ere: 'Gorputza eta bere oinarri neurologikoa errespetatu beharko lituzketeen musika tresnak jotzeko ardatz metodologikoak'.

Artearen Medikuntza espezialitate nahiko modernoa da. Joan den mendeko 80. hamarkadan garatzen hasi zen medikuek ulertzen ez zuten eta diagnosi zehatzik gabeko minaren pean Gary Graffman eta L. Fletcher bi pianista arras ezagunek jotzeari utzi behar izan ziotenean. Momentu hartan aditu batzuek ekin zioten haien artean biltzeari eta ikertzeari. Europan, berriz, beranduago piztu zen kezka. Hamar urte geroago. Rosset doktorea eta Silvia s fisioterapeuta aitzindariak izan ziren kontinentean. 1999an sortzen da Terrasako ospitalea eta 2001 ikerketarako eta dibulgaziorako Fundazioa.

Gaixo bakoitza unibertsoa baldin bada, are egiazkoagoa da hori musikari lesionatuen kasuan. Eliteko kirolariekin eta izen handiko toreroekin gertatzen den legez, beldur izugarria diote denboraldia bertan behera utzi beharrari. Edo agindutako azken kontzertu hori eman ahal ez izateari. Euren besoen, euren giharren, euren zurda edo tendoien, euren ahoen egoera larria izan arte ez dute laguntzarik eskatzen. Eta eskatzen dutenean ere, ez baldin bada horretan trebatua sendagilea, ez daki nola maneiatu, nondik heldu arazoari.

Baina zeintzuk dira musikariek jasaten dituzten oinaze horiek? Tendinopatiak, gerrialdeko eta lepoko mina, nerbioetako itxidurak eta estutzeak... Eta zeintzuk zioak? Anitzak. Esaterako, jotzeko hartzen duten jarrera fisikoa. Esateko, tresna askoren ergonomia eskasa. etsenplurako, biolina, harpa, pianoa edo txeloa jotzeko ezinbestekoak diren mugimendu errepikakor horiek. Esateko , tronpetarekin, txirularekin aritzean ahoaren giharren zabalketa bortitza. Tresna handitzarrak hartu/eraman/eutsi beharra…

Pianisten kasuan, behatzak, karpioak eta eskumuturrak dira gehien sufritzen dutenak.
Pianisten kasuan, behatzak, karpioak eta eskumuturrak dira gehien sufritzen dutenak. / LOBO ALTUNA

Eta ez pentsa, musika modalitate bakoitzak badu bere lesio propioa. Hala nola, Stravinskiren 'Petrushka' balletaren musika zortzidun altuetan jo behar da pianoan eta bukaerarik ez dutela diruditen bi noten arteko gradu horiek pianistaren behatzak, karpioak eta eskumuturrak lesionatuko dituzte denboraren poderioz, eskuen posizioa naturaren kontrakoa baita ballet horren suitean. Latinoameerikako saltsa jotzen duen musikaria, berriz, zutik egoten da normalean eta bi teklatuetan batera dabil. Jarrera horretan eskumuturrek sofrikario handia jasango dute…

Entzumen-arazoak ere ohikoak dira musikariengan, baina zein musikarik aitortuko du ez duela ondo entzuten? Nori aitortu? Ez, ezin da hori egin orkestra sinfoniko batean… baina egin ezazue kontu: lanean gaudela, osasun adituek gomendatzen dute 85 dezibeleko muga ez gainditzea. Musikariak, normalean 110 dezibelekoa ere jasaten dute kontzertuetan, minerako ataria 120 izanda. Ez da harritzekoa azkenean gor geratzea, bertigoak sumatzea, txistuak nabaritzea barne-belarrietan…

Ba al dute tratamendurik lesio horiek guztiek? Bai, eskuak sendatzeko, konpontzeko abilezia berezia daukaten zirujauak badira munduan dauden musikarientzako ospitale gutxi horietan. Gorputz jarrera eta joera fisikoak kontrolatzen dituzten fisioak ere bai. Burumuinaren mamia eta psikea ezagutzen dituzten psikologo eta neurologoak. Ingurugiroak badu ere garrantzia. Klinika horietan gaixoek gauza asko partekatzen dituzte: lesio berezi horiek, beldur berezi horiek, bertigoak, musikarekiko atxikimendu basa eta profesionala…

Kuriosoa, eskuetako hainbat eta hainbat arazo Moto GPeko gidaririk handienen bertsuak dira. Esaterako, tunel karpianoaren sindromea delakoa: motoaren eskulekuan zein pianoan egindako presio pean, behatzek lo hartzen dute. Edo inurriak sentitzen dituzu esku barruan. Bai zirkuituan, bai kontzertu aretoan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos