Musika Bulegoak urteko lan eta jardun onenak sarituko ditu

Ángel Unzu musikari nafarra, iaz sarituetako bat./ARIZMENDI
Ángel Unzu musikari nafarra, iaz sarituetako bat. / ARIZMENDI

Aurten bigarren aldiz deitu diren sariak azaroaren 29an emango dira Donostiako Musikeneko auditorioan

Lankidetza oinarri hartuta "Euskal Herriko musika mota guztiak babestea eta sendotzea, eta arte-kalitatea eta profesionaltasuna handitzeko lan egitea" da Musika Bulegoaren helburu orokorra, eta ildo horretan txertatzen aurreneko aldiz iaz deitu zituen Musika Bulegoa Sariak. Euskal Herriko Areto Pribatuen Elkartea (Kultura Live), Musika Industria Elkartea (MIE), Euskal Herriko Musikarien Elkartea (Musikari) eta Euskal Herriko Musikagileen Elkartea (Musikagileak) biltzen dituen elkarteak bigarren aldiz deitu ditu sari horiek, eta iragarri du Donostiako Musikeneko auditorioan emango direla azaroaren 29an.

Proposamenak Musika Bulegoa osatzen duten kideek aurkeztu ditzakete –enpresek, musikariek eta gainontzeko bazkideek, alegia-, eta irailaren 10a arte dute zabalik hautagaiak aurkezteko epea.

Sariketaren oinarriek zehazten dutenez, edozein euskal musikarik konposaturiko edo interpretaturiko lanak proposatu daitezke, edozein musika generokoak direlarik. Lan hauek 2016ko irailaren 1a eta 2017ko abuztuaren 31 artean izan beharko dute argitaratuak edo publikoaren aurrean interpretatuak

Euskal Herrian sortu eta ekoitziriko musikaren zein euskal musika sektoreko "musikari eta gainontzeko eragileen kalitatea aitortzea, eta publikoa eta jendartea orokorrean aipatu kalitateaz jabetzea" dira Musika Bulegoaren ekimen honen helburu nagusiak.

Sarion lehen edizioa iaz antolatu zen, eta irabazleak izan ziren Juanjo Mena zuzendariaren ardurapean dagoen Berliner Philarmonikerren Zuzendaritza, Angel Unzu ('Duos') eta Amorante ('Amorante') kantarien eta Rural Zombies taldearen ('Bat') azken lanak eta Audiolab Kultur Elkartearen jarduna.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos