Bashoren oihartzunari hats berria eman diote Achiaryk eta Irazokik

Ezkerretik eskuinera, Julen Achiary, Beñat Achiary eta Joseba Irazoki. /RAMON M. ZABALEGI
Ezkerretik eskuinera, Julen Achiary, Beñat Achiary eta Joseba Irazoki. / RAMON M. ZABALEGI

1986an zendutako kantari eta gitarrista estatubatuarra izan dute 'gogo argitzaile' musikariok 'Bas(h)oan' proiekturako

N. AZURMENDI

Robbie Basho musikari estatubatuarra ez du jende askok ezagutzen musikaren munduan, musika mota jakin baten munduan, oso murgilduta ez badago. Paperetan Daniel R. Robinson izena zuen Basho (XVII. mendeko poeta japoniar bati hartu zion maileguan izena) 1940an Baltimoren jaio eta 1986an hil zen, kiropraktiko baten eskuetan 'istripua' izan ostean. Gazterik baina arrasto berezi, berritzaile eta enigmatiko samarra utzita.

Folk kantari arrunt gisa hasita, gitarra akustikoa kontzertu formatura eramaten aurrenetakoa izan zen, eta gero erabateko eragina izan zuten haren musikan, eta haren ikuskera mistiko antzekoan, Ameriketako lehen herrien musikek eta Indiako ragek. Ez zen nolanahikoa sortzailea izan.

Berezia eta berritzailea da halaber inprobisazioari eta esperimentazioari ateak beti zabalik utzi izan dizkion Beñat Achiary (Donapaleu, 1947). Joseba Irazoki (Bera, 1974), berriz, hori guztia eta beste zenbait gauza da, joria ez ezik sailkaezina baita musikari nafarraren jarduna.

Bada, laugarren angeluan Julen Achiary (ahotsa jartzeaz hain, perkusioaz arduratu da batik bat) eta bosgarren batean Itxaro Borda jarrita, figura geometriko bitxia osatu dute Bashok, Achiaryk eta Irazokik. Horixe da alegia Elkarrek argitaratu duen 'Bas(h)oan' diskoa, zuzeneko aurkezpenak ere izango dituena. Diskoa bera atzo aurkeztu zuten Donostian, esperimentazioan oinarrituta "herri musikarentzat bide berriak" proposatzen dituela azalduz. Jendaurreko lehen aurkezpena Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan izango da, abenduaren 14an, 20:00etan.

Igartzen da diskoan, eta esan zuten aurkezpenean, ez dela gauetik goizera gauzatutako proiektua. Irazokiren ekimenez, aspaldi lantzen hasitako asmoa da, poliki eta zentzu guztiekin euren egin dutena eta, modu berean, poliki eta zentzu guztiekin eman dutena. (H) horretan datza, alegia, gakoa, "hats hartu" baitute Bashok utzitakotik elikatuta eta, aldi berean "hats eman" baiotiete haren proposamenei eurenak gehituz.

Nekezena izan da, Beñat Achiaryk azaldu bezala, alkimia moduko hori gerta dadin ezinbestekoa den "intimitatea lortzea". Azkenean, "bihotzez bihotz, espazio berriak ireki dira. Hori da gure lana", azaldu zuen Baionako kontserbatorio irakasle ohi, kantari eta Errobiko Festibaleko zuzendari artistikoak. Han ezagutu zuten elkar Achiaryk eta Irazokik, eta bertan sortu zen oraingoan disko honetan gauzatu den sortze-lan partekaturako grina.

Mota askotakoak

Gauzak egiteko era berezi horren isla da diskoa. Esan daiteke, nolabait, badela Bashoren eta Achiary/Irazokiren arteko sinbiosi moduko bat, horretarako formula desberdinak erabili dituztela.

Badaude, batetik, Bashoren abestien bertsioak. Multzo horretan 5 sailka daitezke. Batzuk Itxaro Bordak ekarri ditu euskarara, bere eginda eta beretik jarrita. Beste batzuk ingelesez utzi dituzte. Erdibidekoak ere badura. Kantu zuberotar herrikoi bat badago diskoan, 'Maitiak bilhua holli'. Gainerakoak, 6, pieza berriak dira. Joseba Irazokiren 'Basoan' konposizioak; Achiaryk eta Bordak sortuak... Espiritu berak zeharkatzen ditu, baina, guzti-guztiak.

Garrantzia dute, jakina, konposizioek, baina proiektuaren pisu nagusia bere gain duen bikotearen ezaugarriak kontuan hartuta, interpretazioak luzatzen du egitasmoaren muineraino iristeko giltza. Aurreneko entzunaldi batean, txokante samarra irudituko zaio ohiko eskala, afinazio eta tekniketara ohituta dagoenari, baina oso itxia izan ezik ez du asko irauten arroztasun sentsazioak. Horren gainetik nagusituko da, segituan, Achiaryren ahots harrigarria eta horrekin txirikordatzen den oinarri musikal izugarri sendoa.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos