Musika eta literatura senidetu dituzte berriz Mugaldekoek

Edu Zelaieta, Beñardo Goietxe eta Raul Garcia. /DV
Edu Zelaieta, Beñardo Goietxe eta Raul Garcia. / DV

'Galdemoduen trilogia' diskoaren country-folk-rocka aurkeztuko dute beratarrek ostiral honetan Donostiako Antigua auzoko Lugaritz aretoan

Duela hamalau urte bildu ziren Berako aduana zaharrean Edu Zelaieta idazlea eta Beñardo Goietxe eta Raul Garcia musikariak. 2006. eta 2012. urteetan kaleratutako diskoen ondotik, "hirugarrenez" itzuli dira 'Galdemoduen trilogia' (Gaztelupeko Hotsak, 2017) lanarekin. "Musika eta literatura senidetzeko gogoak bildu gaitu berriz", argitu dute nafarrek. Taula gainean ikusteko aukera izango da gaur Donostiako Lugaritz kultur etxean, non "pop-rock, folk eta country ku-tsuko" emanaldia egingo baituten.

2004. urtean 'Mugaldekoak' izeneko liburua kaleratu zuen Zelaieta gasteiztarrak Susa argitaletxearen eskutik. Harekin batera, Goietxe eta Garcia beratarrek amerikar kutsuko musikarekin atondu zituzten lan hartako zenbait testu jendaurrean aurkezteko asmoz. Hori izan zen, hain zuzen, taldearen abiapuntua, eta 35 emanaldi eskaini ondoren, 'Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan' (Gaztelupeko Hotsak, 2006) disko liburua kaleratu zuten.

Bigarren diskoa 'Begiak lekuko' (Gaztelupeko Hotsak, 2012) atseden baten ondoren plazaratu zuten. Kasu honetan, kantu gehienak moldaketak izan ziren, besteak beste, Bob Dylan, Leonard Cohen eta Johnny Cash musikarienak. Hiru urte eman zituzten laukote gisa Euskal Herrian eta Katalunian lana aurkezten eta aro horren amaieran, Joseba Baleztena batu zitzaien.

Joan den urteko azaroan, 'Galdemoduen trilogia' (Gaztelupeko Hotsak, 2017) lan berriarekin itzuli ziren. Tom Waits eta Neil Young-i keinuren bat egin badiete ere, konposizio gehienak Mugaldekoak taldeak eginak dira berriz ere. Aurreko lanetan bezalaxe, Wislawa Szymborska poeta poloniarraren hitzak erabili dituzte abesti batean ('Mapa' izenekoan), eta ohi bezala, "mugaldeko country-folk-rocka" estiloa landu dute. "Bluesa sartu dugu pixka bat, eta oinarrian, batez ere, AEBetako musika dago. Sustraietako musika hori maite dugu", aipatu zuten aurkezpenean. Trilogia osatzen duen lan honetan "garrantzi berezia" hartu dute "eguneroko galderek".

Edu Zelaietaren testu eta ahotsa entzungai dago diskoko hainbat kantetan; Beñardo Goietxerenak dira ahotsa nagusia eta gitarra, eta Raul Garciak ere gitarrak jo ditu, baita banjoa, zerra musikala, harmonika eta jostailuzko pianoa ere. Gainera, kolaborazio ugari izan dituzte: Xabier Perez 'Bull' baxuaz arduratu da kantu gehienetan eta Ander Barrenetxea bateriarekin aritu da horietako askotan. Morauk, Pettik eta Idoia Gilleneak abestu dute 'Bizitzeko inbentarioa', 'Emazteki langilea' eta 'Bi kopa bete' kantetan, hurrenez hurren, eta Kotte Berrueta, Begoña Rudi eta Monika Czerny dira beste hainbat kolaboratzaileren izenak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos