Mikel Laboa, Delorean taldearekin kantari

Mikel Laboa Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 1996ko argazkian./MIKEL
Mikel Laboa Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 1996ko argazkian. / MIKEL

Azaroaren 15ean kaleratuko da Delorean taldeak kantari donostiarraren omenez osatu duen diskoa

M. IMAZ

'Kantuz' abestia 1980ko 'Lau-bost' (Xoxoa) diskoan sartu zuen Mikel Laboa. Musika Arizkunen jasotako herri kanta bati zegokion, eta hitzak -"kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi, kantuz igortzen ditut nik penak ihesi..."- Alduden 1845ean jaio eta Montevideon 1937an hildako Jose Mendiage bertsolariarenak ziren. Bertsolarien erara eman zituen Laboak, ahots biluziarekin.

Delorean talde zarauztarrak berpiztu du orain 'Kantuz', eta 2008an zendu zen Laboaren ahotsa ere berpiztu du, doinu elektronikoekin jantziz oraingoan. Izan ere, orain arteko diskoetan euskarara gehiegi hurbildu gabeko taldeak, nazioartean itzal handia lortu duenean, hurbileko iturrietara jo du, eta 'Mikel Laboa' izeneko diskoa grabatu du, esperimentuei sekula beldurrik izan ez zien artista donostiarraren omenez. Lana osatzen duten zazpi piezetako lehena da 'Kantuz'. Lanaren aurreneko aurrerapena ere bada.

Azaroaren 15ean irtengo den diskoan, urrats bat gehiago egin dute zarauztarrek 2000 urtean aurreneko lana plazaratu zutenetik 'etxeko marka' izan duten pop elektronikotik harago joateko. Hizkuntzaren eta erreferentzia kulturaren aldetik ere proposamen berria dakarte, euskara baita nagusi disko osoan, Laboaren beraren grabazioetan oinarrituta.

Igor Escuderok, Guillermo Astrainek, Unai Lazkanok eta Ekhi Lopetegik osatzen duten taldearentzat, diskoa argitaratuko duen Elkar etxeak horren berri emateko zabaldu duen prentsa oharrean dioenez, "Mikel Laboa aurrerapauso bat da esperimentazio-bidean, taldeak bide berriak urratzeko eta, zergatik ez, emozio berrietan murgiltzeko duen bokazioan".

Bide berriak urratzeko, ezin Laboa baino bidaide egokiagorik aurkitu. 'Kantuz' abestian, esaterako, bete-betean islatu dute Laboak tradizioa eta esperimentzazioa, betikoa eta berria, uztartzeko zeukan gaitasun berdingabea.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos