Liher-en bigarrena, «rockeroagoa, astunagoa, stoner kutsukoa»

Lide Hernando (ahotsa eta gitarra), Iñigo Etxarri (gitarra, perkusioa eta koroak), Joshka Natke (baxua) eta Iker Vazquezek (bateria) osatzen dute taldea./GALDER IZAGIRRE
Lide Hernando (ahotsa eta gitarra), Iñigo Etxarri (gitarra, perkusioa eta koroak), Joshka Natke (baxua) eta Iker Vazquezek (bateria) osatzen dute taldea. / GALDER IZAGIRRE

Lehenengo aurkezpen kontzertua martxoaren 3an izango da, Donostiako Dabadaban

FELIX IBARGUTXI

Liher taldeak bigarren diskoa plazaratu du: 'Tenpluak erre'. Taldekideen iritziz, "aurrekoa baino rockeroagoa, astunagoa, afinazio grabe eta distortsio gehiagokoa; stoner kutsua dauka, nabaritzen da hortik edan dugula".

'Tenpluak erre' izenburuari dagokionez, azalpen hau eman dute: "Taldearen posizionamendua adierazten du. Santifikatu ditugu figura batzuk, iraganean egindako lanagatik, eta guk halakoak zalantzan jarri nahi ditugu. Uste dugu ondo egindako, mimoz egindako lanek soilik merezi dutela arreta".

Diskoari hasiera ematen dion kantua, 'Arrain hilak' delakoa, da taldearen filosofia hori azaltzen duena. Produktu kultural errazen kontrako mezua dakar. Beste kantu batean famaren arriskuez dihardute. Testu guztiak Lide Hernandezek eginak dira eta beronek adierazi duenez "letra zuzenagoak eta kritikoagoak dira, aurreko diskokoak baino; haiek leunagoak ziren, askotan zentzu bikoitzekoak, ironikoak". "Gauza politek ez naute bultzatzen kantuak idaztera", gaineratu du.

Diseinu deigarria du diskoak, Iñaki Gonzalez 'Fortun'ek egina. "Esan zigun akuarelaz egin nahi zuela eta gu konforme azaldu ginen. Berak esan zigunez 'izaki koralitiko' bat agertzen du portadak, eta identifikatuta sentitu gara: itsasoko korala ingurune oso zail batean hazten den bezala, guk urtebete eman dugu zuloan disko hau prestatzen".

Lide Hernando kantaria da taldearen sorburua. "2015ean hasi nintzen bakarlari moduan. Urte berean taldea osatu genuen. Hasieratik garbi zegoen hura ez zela Lide Hernandoren banda, baizik eta talde bat", adierazi du Hernandok berak. Hona egungo kideak: Lide Hernando (ahotsa eta gitarra), Iñigo Etxarri (gitarra, perkusioa eta koroak), Joshka Natke (baxua) eta Iker Vazquez (bateria).

Lehenengo diskoa, orain urte eta erdiko 'Hauts' hura, presaka egin omen zuten, "petatxoka". Bigarren hau jotzen omen dute taldearen erakusleiho egokitzat.

Aurkezpen kontzertuei dagokienez, martxoaren 3an Donostiako Dabadaban ariko dira, gero Gasteiz eta Bilbon, hilaren 10ean Oñatin eta 23an Legorretan, handik Iruñera salto egingo dutelarik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos