Hizkuntza gutxituen aniztasuna, musikaren bidez emana

Ezkerretik eskuinera, Igor Otxoa, Mixel Ducau eta Harkaitz Mtnez. de San Vicente./
Ezkerretik eskuinera, Igor Otxoa, Mixel Ducau eta Harkaitz Mtnez. de San Vicente.

Europako kostalde atlantikoko zazpi herritako musikari eta kantariz osatutako Tosta Bandak izen bereko diskoa kaleratu du. Zuzenean ere aurkeztuko dute datorren udaberrian

N. AZURMENDI

Badira Europan zazpi herri -Euskal Herria, Galizia, Irlanda, Eskozia, Gales, Kornualles eta Frisia-, Atlantikoari begira bizi direnak eta hizkuntza propioa dutenak; eremu txikikoa ez ezik, gutxitua. Gehiago badira baldintza horiek betetzen dituzten herriak, baina aipatutako zazpiak izan ziren iaz, DSS2016 kultur hiriburutzaren, Euskaltzaleen Topagunearen eta tokian tokiko beste zenbait eragilerekin batera, aurrekaririk gabeko abentura abian jarri zutenak: aniztasun eta aberastasun hori guztia islatzen zuen Tosta Banda sortu, eta dokumental eder batean jaso zen bira egin zuten elkarrekin.

Tosta da, hain zuzen, zazpi hizkuntzek partekatzen duten hitz bakarretakoa. Aldagai txikiren batekin, txaluparen bankua izendatzeko darabilte denek. Tosta Bandak, orain, izen bereko diskoan jaso du elkarlanaren haziak ereiteko ere balio izan zuen esperientzia hura.

Denek batera, bakoitzak bere hizkuntzan, kantatzen duten ‘Tosta’ abestiaren egile ere baden Mixel Ducauren zuzendaritzapean, hamabi kanta bildu dituzte, gehienak kutsu tradizionalekoak, abenduaren 5ean Durangon salgai jarriko duten diskoan. Txalap.ART-ek argitaratu du eta, aurkezpenean proiektuaren zuzendari Igor Otxoak nabarmendu zuenez, protagonista musika izan arren, diskoa herri eta hizkuntza horiei buruzko informazioa hedatzeko baliabidea ere bada. Liburuxka bat du, non ematen diren batzuei eta besteei buruzko oinarrizko xehetasunak eta kanten hitzak.

Zuzenekoaren indarra

Proiektuaren oinarritzat jo daitezkeen Ducau eta Oreka TXekin batera, zazpi hizkuntzak ordezkatzen dituzten beste horrenbeste abeslari eta musikarik hartu dute parte Donostiako Elkar estudioetan grabatutako diskoan. Lanak uztartzen ditu, dena den, "estudioko kalitatea eta zuzenekoaren espiritua". Ekimenean parte hartu duten azpi herrietan eskainitako kontzertuetako zatiak ere tartekatu dituzte, lanaren bizitasunaren mesederako.

Moldaketez eta horren iturri desberdinetatik hartutako piezei batasun moduko bat ematez arduratu den Ducauren hitzetan, diskoa ez da ale solte bat, «prozesu baten emaitza» baizik. Prozesu horrek lehen urratsa egin zuen zen Irlandako Dingle herrian denek elkar ezagutu eta aurretik finkatutako errepertorioa entseatzen hasi zirenean.

Biran zehar, sendotzen joan ziren esperientzia zein taldearen banda izaera. Ekimena, dena den, ez da diskoarekin amaitu. Otxoak azpimarratu bezala, «esfortzu handia egin dugu ondare bat uzteko». Datorren urtean, apirilean, Hego Euskal Herriko antzokietan gauzatuko da elkarlana, Tosta Banda osoa bilduko baita lau kontzertu eskaintzeko. Gasteizen hasiko dira apirilaren 26an, Iruñean joko dute 27an, Donostiako Kursaalen izango ditugu 28an eta azkeneko emanaldia Bilboko Arriagan egingo dute, 29an.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos