Gustu denetarako trikiti festa Azpeitian

Mireia Ibabe eta Eneko Arbeko, artxiboko argazkian./
Mireia Ibabe eta Eneko Arbeko, artxiboko argazkian.

Larunbatean egingo da San Josetako Trikiti Jaialdia, besteetan baino jotzaile gazte gehiagorekin

Larunbat honetan egingo da Azpeitiko ohiko San Jose Trikiti Jaialdia, Soraesun antzokian 17:30etan hasita. Aurrekoan baino gazteagoa da aurtengo izen-zerrenda, baina bada beteranorik ere, besteak beste Tomas Soraluze 'Epelde', Eugenio Gisasola 'Lutxurdio'-rekin batera arituko dena. Hauekin batera besteok ariko dira: Eneko Arbeo eta Mireia Ibabe, Obaneuke, Ansorregi eta Larrañaga, Joxe Mendizabal, Astiazaran II.a eta Andonegi, eta Ttipika taldea.

Sarrerak martxoaren 9tik aurrera egon dira salgai Azpeitiko Pastorkua, Berdie eta Mendizabal tabernetan eta Azkoitiko Ixidro Erretegian. Erreserbatzeko aukera ere badago. Horretarako, nahi duenak trikitixa elkartera jo dezake; emailez trikitixa@trikitixa.eus helbidera idatziz, edo telefonoz 943-832828 zenbakira goizez deituta. Era batera edo bestera, noren izenean zenbat sarrera gorde behar diren zehaztu beharko da erreserba egiterakoan. Bestalde, egunean bertan beste hainbat sarrera ere jarriko dira salgai leihatilan.

Leihatila arratsaldeko 16:00etan irekiko da. Erreserba eginda dutenek 16:30ak baino lehen hartu beharko dituzte sarrerak; bestela salgai jarriko baitira.

Soinujoleei dagokienez, Eneko Arbeo azpeitiarra da eta Mireia Ibabe bergararra. Obaneuke, berriz, lau lagunek osatzen dute: Saioa Lizarralde azpeitiarrak (soinu txikia), Maddalen Arzallus hendaiar bertsolari ezagunak (ahotsa eta panderoa), Harkaitz Allur zarauztarrak (baxua) eta Guillermo Sanz madrildarrak (bateria).

Ansorregi eta Larrañaga berriz, Urolako trikiti bikote beteranoa da. Joxe Mendizabal tolosarrak soinu handia jotzen du eta ETBko hainbat programatan jardun izan du aurkezle eta musika-irakasle gisa.

Astiasaran II.a eta Andonegi gazteak dira, baina dagoeneko eskarmentu luzea daukate erromerietan. Epelde eta Lutxurdio dugu jaialdiko talde adintsuena, bata Azkoitiko Marttitte bailarakoa, bestea Elosukoa, biak ala biak klasikotasunaren kategoriara iritsiak.

Ttipika taldea zerbait desberdina da. Nahiko berria da, iaz izan zuen lehen ekitaldia. Dantza gidatua eskaintzen du; batetik, Aitor Agirre dantza gidaria, bestetik soinu txikia, gitarra eta panderoa (Manex Torrealdai eta Josu Furundarena usurbildarrak eta Maitane Arteaga bergararra).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos