Ze esatek!-en disko "egurzale eta gitarreroena"

Taldea, artxiboko argazkian, 2014ko Donostiako Aste Nagusian ari zirela. /LUSA
Taldea, artxiboko argazkian, 2014ko Donostiako Aste Nagusian ari zirela. / LUSA

Estudioko bosgarrena duten 'Ibilita ikasten da erortzen' diskoarekin ikuspegi berri bat eman nahi dute donostiarrek. Urtarrilean ekingo diote zuzeneko aurkezpen birari

IDOIA DÁVILA UZKUDUN

Ze esatek! rock, reggae eta ska talde donostiarrak 2015ean argitaratu zuen 'Inoiz egin dugun diskorik onena', baina izen hori aurkeztu berri duten 'Ibilita ikasten da erortzen' albumari eman beharko lioketela dio Jabi abeslariak. Izan ere, hau da, estilo eta tematika aldetik, taldearen gaur egungo errealitatera gehien hurbiltzen den lana: "gehien definitzen gaituzten melodiak eta hitzak disko honetan daude", Julen gitarristaren arabera.

Bosgarren estudio lan honetan, taldeak "astindua" eman nahi izan dio bere errepertorioari, eta hardcore puntu bat ere baduela onartzen dute taldekideek. Baga Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuruk dioenez, hau da donostiarren lanik "egurzale eta gitarreroena", eta melodiaz gainezka datorrela ohartarazi du. Haizezko musika tresnek «atzera» egin dute, eta gitarrak presentzia nabarmena hartu du, beti ere abestiaren oreka eta logika kontutan izanda.

Sorkuntza lan honetan kanpoko laguntza handia izan du taldeak. Hainbat musikari eta artistaren laguntza izan dute, eta Sustrai Colinak ere parte hartu du hainbat abestiren idazketan.

Bertsolariari lapurtu diote, bide batez, diskoaren izenburua. Edozein ibilbidetan dauden oztopo eta zailtasunei egiten diote erreferentzia taldekoek, eta baita heldutasunari ere. Jabiren hitzetan, abestiak ez dira ilunagoak, baina beste ildo bat irekitzen dute, tematika berriekin: "Ikusmira aldatu nahi genuen, eta lortu dugun edo ez denborak esango du".

Durangoko Azokan aurkeztuko du taldeak 'Ibilita ikasten da erortzen' diskoa, abenduaren 8an. Urtarrilean ekingo diote, ordea, lanaren aurkezpen birari.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos